BERRIAK

EBk nabarmendu duen proiektu domotiko bateko lantaldean Vicomtech euskal zentroa dago

Europako Batzordeak i2home proiektua nabarmendu du, zeinaren helburua baita adinekoentzako eta elbarrientzako tresna domotikoak sortzea. Ingema (Matía Institutu Gerontologikoa) eta Vicomtech (Eikeneko kidea) euskal zentroek sustatu dute proiektua, beste herrialde batzuetako zenbait erakunderekin batera (esaterako, Alemaniako Siemens). Bruselako Exekutiboaren esanetan, Europako Agenda Digitalaren helburu nagusietako bat da IKTak independenteki bizitzeko zailtasunak dituzten pertsonen zerbitzura jartzea.

EBk 2,7 milioi eurorekin finantzatu du proiektua eta aukera eskaini nahi die adinekoei eta elbarriei garbigailua piztu eta programatzeko edo argiak nahiz etxeko beste edozein osagai elektroniko itzaltzeko, berogailua eta telebista barne. Horretarako, ikertzaile euskaldun, aleman, txekiar eta portugesek urruneko kontsola unibertsal baten antzeko interfaze bat garatu dute, pertsonalizatu eta ordenagailuan edo sakelakoan integratu daitekeena. Ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat ikusizko kontrolak ordezkatzen dituen ahotsezko interfaze bat diseinatu dute.

"Pozik nago, EBk finantzatutako i2home bezalako ikerketa proiektuek informazio teknologiak erabil ditzaketelako EBko herritar guztien bizitza errazteko, baita ere adinekoena, elbarriena edo ikusmen arazoak dituztenena", adierazi du Neelie Kroes, Agenda Digitalaren Batzorde Arduraduneko presidenteordeak. Ekimen honen abantaila erantsietako bat da telebista eta beste etxetresna elektriko batzuen erabilpena sinpletzen duela, horien interfazeak denborarekin konplikatu egin direlako.

i2home proiektua dagoeneko frogatu dute Txekiar Errepublikako, Alemaniako, Espainiako eta Suediako lau toki pilotutako eguneko zentro eta etxeetan, eta Europako 100 erakunde eta enpresa baino gehiagok erabiltzen dute dagoeneko i2home teknologia. Teknologia horren beste aplikazio batzuk BrainAble proiektuan erabiltzen dira. Hori ere EBk finantzatzen du eta ezgaitasunak dauzkaten pertsonei laguntzea du helburu, izan ere, gailuekin zuzenean edo zeharka duten elkarreragina hobetzen laguntzen die burmuineko sentsoreen bidez, zeintzuek pertsonen aldarteak neurtu baititzakete: asperdura, nahasmena, frustrazioa edo informazio gainkarga.

Data:2011/01/21 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa