Aurten, Basque Audiovisual MIPTV azokan egongo da, berriro ere. Ikus-entzunezko edukien eta eduki digitalen nazioarteko azoka hori Cannesen egiten da, eta munduko garrantzitsuenetakoa da, euskarri guztietarako entretenimendua sortzeko, koproduzitzeko, erosteko, saltzeko, finantzatzeko nahiz banatzeko. Euskal ikus-entzunezkoaren nazioarteko markak bosgarren aldiz parte hartuko du ekitaldi honetan, eta bere standa edukiko du Riviera pabiloian (R31.29 standa).
Basque Audiovisual markarekin honako euskal enpresa hauek joango dira Cannesera: 3Koma, Bainet, EiTB, Expressive, Mediabask, Moztu Filmak, My Jok, Orio Produkzioak eta Pausoka. Horiez gainera, Eriz Zapirain errealizatzailea, Vitoria-Gasteiz Film Office erakundeko arduradunak, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria eta Itziar Mena Eiken klusterreko zuzendaria izango dira bertan. Apirilaren 4tik 7ra egingo den ekitaldi horretan, euskal produktuak munduko banatzaile nagusienei ezagutarazteko aukera izango dute, baita sektoreko azken joerak ezagutzeko aukera ere.
Eikenen eta Etxepare Institutuaren arteko baterako ekimen horren bidez, euskal ikus-entzunezkoaren presentzia bermatuko da, nazioarteko erakustoki nagusian, eta enpresen merkataritza lana sustatuko da. Horren harira, azokan bertan egongo diren enpresez gain, Basque Audiovisualen standak 41 euskal enpresari buruzko informazio zuzena eskainiko du, horretarako egindako nazioarteko katalogoaren bidez. Halaber, informazio hori berriki eraberritu den eta Euskal Ikus-entzunezkoaren sareko katalogo gisa eratu den www.basqueaudiovisual.com helbidean egongo da eskuragarri.
Data:2011/03/23 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.