Martxoaren 31n, Bilboko Euskalduna Jauregian, Animabasque-Bussines merkatuaren laugarren edizioa egingo da, animazioaren sektoreko enpresen topaketa, Euskal Herriko ekoizpenen eta Estatuko nahiz nazioarteko banatzaile nagusien artean hartu-emanak bultzatzeko. Aurtengo edizioak bideojokoen merkatuari eskainitako saio berezi bat izango du, kontuan izanik azpisektore honek ikus-entzunezkoen industrian duen garrantzi gero eta handiagoa.
Aurreko edizioetan bezala, Animabasque-Business merkatuak bi saio izango ditu. Goiza aurkezpenetarako izango da, eta era guztietako xehetasunak emango dira martxan dauden hainbat proiekturi eta merkatura etorriko diren enpresen azken lanei buruz. Gero, "matchmaking" saioa egingo da; hots, aldez aurretik edo goizeko aurkezpenen ondoren hitzartutako bilkurak eta elkarrizketak, produkturen batean parte hartzeko edo hura erosteko asmoa duten enpresen artean.
Berrikuntza gisa, saio berezi bat eskainiko zaio bideojokoen sektoreari, Delirium Studios enpresa espezializatuak aurkeztua. Ekimen honen helburua, antolatzaileen hitzetan, merkatu berriak zabaltzea da, etorkizunerako estrategikotzat hartzen den eta gero eta eskaera handiago duen sektore batean.
Era berean, "matchmaking"-a hasi aurretik, Balear Uharteetako Ikus-entzunezkoen Klusterraren aurkezpen berezia egingo da. Kluster honek "Kreandu" izeneko proiektua jarri du martxan, "Crowdfunding" kontzeptuan oinarritua, finantzazio eredu berri bat sortzeko xedearekin, interesatuta dauden pertsona guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten, zeregin hori pertsona baten edo entitate baten esku utzi ordez.
EIKENek eta Barton Films etxeak elkarlanean antolatzen duten topaketa Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapena Sailaren laguntzari esker egiten da, eta Euskal Herriko animazio industriari bultzada emateko eginkizuna du, atzerriko merkatuetara zabaltzen laguntzeko. Aurreko edizioetan aurkeztu diren proiektu batzuek oihartzun handia izan dute gero atzerrian (Black to the moon, Perez Raton 2, Moonrige 5). Alde horretatik, aipatzekoa da, adibidez, Pedro Rivero bilbotarraren "Birdboy" laburmetraia: iazko edizioan aurkeztu zen eta aurre-hautatua izan da aurtengo Oscar sarietarako.
Data:2011/03/25 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.