BERRIAK

Euskal Herriko eskualde berrikuntzari buruzko lehenengo azterlana aurkeztu du ELGA(OCDE)k

Apirilaren 7an, Bilboko Euskalduna Jauregian, berrikuntzarako Euskal sistemaren lehenengo kanpo-ebaluazioa aurkeztu zen: “Euskal Herriko Eskualde Berrikuntzari buruzko ELGAren azterlana”. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA=OCDE) Lurralde Garapenerako Politika Batzordeak eskatuta egin zen azterlana, berea izanik azterlana egin, metodologia zehaztu eta kalitatea bermatzeko ardura, eta gero, osoko bilkuran onartu zuen 2010eko abenduaren 2an, Parisen. Aipatu azterlana ELGAren proiektu zabalago baten zati da, eskualde berritzaile eta lehiakorrei buruzko “Berrikuntzarako Estrategia” proiektuarena hain zuzen; berrikuntzarako dinamika berriak ezagutzera ematen ditu proiektu zabalago horrek.

Azterlana aurkezteko jardunaldian hauek izan ziren hizlariak: Juan Tomas Hernani, Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioko Berrikuntzako idazkari nagusia; Bernabe Unda, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua; Mario Marcel, ELGAren Gobernantza Publiko eta Lurralde Garapenaren zuzendaritzako zuzendariordea; Mario Calderini (Piamonte), Agenzia Nazionale per l’innovazione delakoaren ordezkaria; Pedro Luis Arias, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea; Karen Maguire, ELGAko Eskualde Berrikuntzako Unitate-burua; Daniel Malkin, ELGAko aholkulari independentea; Guillermo Ulacia, Innobasqueko lehendakaria.

Txostena egiteko, azterketa urte eta erdi luzatu da, eta tarte horretan ELGAko kideek, nazioarteko adituek eta Frantziako zein Alemaniako “pareek” (antzekotasun sozio-ekonomikoak direla-eta homologarriak diren beste eskualde batzuetako ordezkariak) hainbat bisita egin zituzten Euskadira, berrikuntzarako euskal sistemarekin konprometituta dauden alderdiekin, publiko zein pribatuekin, elkarrizketatzeko. Azterlana egiteko prozesuan erakundeetako maila gorenek eta Berrikuntzarako Euskal Sistemako adituek parte hartu dute. Guztira, erakunde hauetako 49 ordezkarik: Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako hainbat sail, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Ikerbasque, Spri, Tecnalia, Orkestra, Bizkaia Xede, Bizkaiko Teknologia Parkea, IK4, CIC bioGUNE, Osasun arloko Berrikuntza eta Ikerketarako Euskal Fundazioa (BIOEF), Osasun arloko ikerketen Euskal Institutua (O+IKER), Euskadiko Automobilgintza Klusterra (ACICAE), Telekomunikazioen Kluster Elkartea (GAIA), Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkartea (ACLIMA), Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkartea (HEGAN), Basque Culinary Center, Gipuzkoa Berritzen eta Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentzia. 

ELGAk Berrikuntzarako Euskal Sistemaren diagnosi sakona egin du, eta horrela, batera aurkeztu ditu ZTB (zientzia, teknologia eta berrikuntza) politiken azterketa, bere mekanismoak, estrategiak eta inplikatutako eragileak; eta horrez gain, kontuan hartu ditu onuradunak merkatuen nazioarteko joerak, hor lehiatzen direlarik euskal enpresak atzerrikoekin. Egia da Euskadi ez dela oraindik mundu mailako ezagutza-gunea, baina, oro har, azterlanaren emaitzak erakusten du berrikuntza-jarduera Euskadin ELGAko kide diren herrialdeen batez besteko mailara heltzen dela, eta Espainiako zenbait adierazleren gainetik dagoela

Data:2011/04/08 | Kategoria:: Berrikuntza

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa