Formatuak eta dokumentalak izan dira Basque Audiovisualek Cannesko MIPTV azokan jarritako erakusmahaiko produktu nagusiak. Azoka hori da, hain zuzen, munduko garrantzitsuenetako bat. Euskal ordezkaritzak erregistratutako kontsulta eta informazio eskaera gehientsuenak genero horiei buruzkoak izan dira, eta joera bat dator azokan oro har sumatu den joera nagusiarekin. Ekimen hori Etxepare Institutuak eta Eikenek bultzatu dute.
Basque Audiovisualen erakusmahaira hurbildu diren pertsonen batez besteko profil profesionalari dagokionean, berriz, aurten ekoizpen eta banaketa etxeetako arduradun goren gehiago izan direla ondorioztatu da. Talde horren interesa, beraz, funtsezkoa da gerora hitzarmenak ekarriko dituzten “kalitatezko kontratuak” lortzeko; batez ere, kontuan izanda sektorean oro har dagoen zalantza giroak eta krisialdi ekonomikoak parte-hartzaileen kopurua murriztea ekarri dutela.
Basque Audiovisualen babespean Cannesen euren txokoa izan duten euskal enpresak, hain zuzen, hauek izan dira: 3Koma, Bainet, EiTB, Expressive, Mediabask, Moztu Filmak, My Jok, Orio Produkzioak eta Pausoka. Bertan izan dira, halaber, Eriz Zapirain errealizatzailea, Vitoria-Gasteiz Film Officen arduradunak eta Eikeneko zuzendaria, Itziar Mena.
Aurten, Riviera Pabilioian egindako jarduera komertzialaz gainera, MIPTV azokako parte-hartzaileek sektoreko azken joerak hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute. Agidanez, euskarri digital berrietara bideratzen ari da sektorea, bizkor-bizkor. Hala, mundu osoan egindako emanaldiek argi eta garbi berresten dute Eiken Advance ekimenaren bitartez Eikenek egindako apustua. Izan ere, badirudi sektorearen etorkizuna "new media content" izeneko kontzeptu bateraturantz bideratzen ari dela.
Data:2011/04/08 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.