Athleticeko jokalari Koikili Lertxundi eta triatloiko kirolari Virginia Berasategui zuzenean elkarrizketatu zituzten hiru gaztek, beren etxeetatik. Denon artean eman zioten hasiera Julian Iantzik aurkeztutako saio berriari.
Gaztebizz Zuzenean saioaren lehen emanaldia Bizkaiko Foru Liburutegian egin zen, eta zuzenean ikusi ahal izan zen BizzTBn, hots, www.gaztebizz.com-en Interneteko telebistan.
Telebistako formatu berri hau Vilauk, Eikeneko kidea, garatutako Bideo-Partehartze Plataforman oinarritzen da, eta erabiltzaileei zuzenean parte-hartzeko aukera eskaintzen die. Parte-hartzaileek komunitatean erregistratuta egon, eta webcam bat eduki behar dute, beren etxeetatik zuzenean hitz egiteko gogokoen dituzten pertsona ospetsuekin.
Bideo-Partehartze Plataformak saioen erabateko jarraipena egitea ahalbidetzen du, emanaldiaren aurrekoak eta ondorengoak barne. Nabarmendu beharreko alderdien artean, saioa kudeatzeko, moderatzeko eta errealizatzeko aukerak aipatu behar dira. Horiei esker, arduradunek erraz gida dezakete saioa, eta parte-hartzaileei jarraibideak eman diezaiekete zuzeneko emanaldia hasi aurretik, broadcast TBko saio batean bezalaxe.
Sistemak automatikoki gordetzen ditu emandako saioak, eta BizzTBko egitarauan txertatzen. Hala, elkarrekintza eta bizitasuna bultzatzen dira; izan ere, sarean jarritako bideoak iruzkindu, indexatu edo igo daitezke Gaztebizz 2.0 kontuetan, eta, behin saioa amaituta, beste kanal batzuetan ere ikus daitezke.
Plataforma arrakasta handiz ezarri da ETBko GMT HORA saioan. Horren bidez, Beijing, New York edo Parisen kokatutako berri-emaileek nazioarteko informazioa eskaintzen diete euskal kate publikoaren ikus-entzule guztiei.
Data:2011/04/27 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.