"Gelditu Parada" saio freskoa eta berritzailea da, eta jendeak autobusean bidaiatzen duenean pentsatzen duena du hizpide. Proiektu honek eskuratu du IV. EikenBANKeko sari nagusia. Epaimahaikideen ustez, Rubén Martínez donostiar gaztearen proiektua originala eta bideragarria da, eta ikus-entzunezko proiektu gisa garatzeko baldintzak betetzen ditu. Hortaz, Rubén Martínezek 2.000 euroko saria jaso du, eta baita Pausoka ekoizpen-etxean trebatzeko beka ere. Gainera, Pausokak berak proiektua ekoitziko du.
Bestalde, bigarren eta hirugarren saria ere eman ditu aurten EikenBANKek. Hain zuzen ere, Aitor Gametxo, María Elorza eta Maddi Castro UPV/EHUko ikasleen “Rituales” proiektuari eman diote bigarren saria, eta David Gamboaren "Euskadi sin asfalto" reality-ari, berriz, hirugarrena. Proiektu bakoitzak 2.000 euroko saria jasoko du. Gainera, aurten estreinakoz eman diren Lan Ekintza Bilbao beketako bat jaso du “Rituales” proiektuak.
“Okupenea" fikziozko sailak eta "Euskarabaneros" proiektuak ere beka bana jaso dute (BBK Gazte Lanbidean beka eta Lan Ekintza beka, hurrenez hurren). Azkenik, "Magia tiro pun!" proiektuaren sortzaileek epaimahaiaren aipamen berezia jaso dute, proiektuaren defentsa onenagatik ("pitching").
Sariak, EiTBko Bilboko egoitzan egin den ekitaldi berezian eman dira ezagutzera. Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria eta Juan Mari Gurrutxaga EIKENeko lehendakaria izan dira ekitaldiko buru, eta honako hauek ere bertara bildu dira: Patxi Arratibel EiTBko Estrategia eta Kanpo Harremanetarako zuzendaria, Juan Antonio Arrieta Lan Ekintzako zuzendaria, Arantza Gandariasbeitia BBK Gazte Lanbidean-eko zuzendaria, eta Iñaki Lopez de Agileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria. Gainera, heziketa zentroetako ordezkari gisa, honako hauek ere bildu dira ekitaldira: Carmelo Garitaonaindia UPV-EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Álvaro de la Rica Deustuko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanordea, Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioaren Graduko zuzendaria, eta Iñaki Aizpuru Andoaingo Zine eta Bideo Eskolako zuzendaria.

Data:2011/06/09 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.