Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren bazkide diren enpresek Bazkideen Batzar Nagusian aukeratu zuten datozen 3 urteetan erakundea gidatuko duen Zuzendaritza Batzordea. Bozketan, Mixerreko zuzendari Juan Mari Gurrutxaga aukeratu zuten berriro Eikeneko presidente izateko, eta ondoan izango ditu Itesako zuzendari gerente Begona Ayarza lehen presidenteorde gisa eta 3komako zuzendari nagusi Juan Carlos López bigarren presidenteorde gisa. Zuzendaritza Batzordea berrituta, euskal ikus-entzunezkoen sektorea ordezkatzen duten hamabi erakundeek elkartearen gidaritza eramango dute. Aipatutako Mixer, Itesa eta 3koma erakundeez gainera, honako hauek daude: Vilau, K 2000, Pausoka, Vicomtech-IK4, Euskaltel, EiTB, Irusoin, Bainet TV eta Euskal Produktoreen Elkartea EPE-APV.
Zuzendaritza Batzordea berritzeko prozesua Ohiko Batzar Nagusian egin zen, eta bertan azaldu ziren, halaber, sektoreko egoeraren ildo nagusiak. Klusterrak erregistratutako datuen arabera, EIKENeko enpresa bazkideek 123,6 milioi euro fakturatu zituzten 2010ean, eta 2.032 pertsonari eman zieten lana. Zifra horiek, ordea, nabarmen murrizten dira produkzio enpresetako datuen erreferentzia hartuz gero. Izan ere, enpresa horien fakturazioa % 19 murriztu zen, eta joan den urtearekiko % 20 jaitsi zen enplegua. Krisiaren eta sektorearen erabateko eraldaketaren presiopean egon arren, lankidetza eta berrikuntzaren aldeko erronkari eutsi diote Eikeneko enpresek, eta 2011n oraingo datu berak izatea aurreikusi dute.
Oro har, Eikenen arabera, batez ere lehen aipatutako faktoreek eraman dute ikus-entzunezko sektorea ziurgabetasun orokorreko garai honetara. Haatik, aurreko ekitaldian Klusterrak sektorea dinamizatzeko martxan jarritako hainbat ekimen sendotu dira, hala nola: EikenBANK talentu ez-profesionalaren bankua, AnimaBasque-Business animazio azoka, Gidoi Faktoria prestakuntza proiektua eta Basque Audiovisual nazioarteko marka.
Nabarmena izan da, halaber, Klusterrak bete duen papera berrikuntzari lotutako banakako eta taldeko proiektuak bultzatzen eta laguntzen. Zehazki, SPRIren 5 Compite programa banatu dira, eta 8 lehiakortasun diagnostiko eman zaizkie ikus-entzunezko sektorearen beste hainbeste enpresari.
Zuzendaritza Batzorde berriak, aurrerantzean eta datozen hiru urteetan, aurreko agintaldian hasitako lanarekin jarraitu beharko du, orduan finkatu baitziren sektorea “Ikus-entzunezko Berrira” eramateko oinarriak. Ekimen hori “Eiken Advance” programaren bidez gauzatzen da, eta programa horrek dagoeneko emaitzak eman ditu bideo jokoen eta “new content”en arloetan.
Data:2011/06/17 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.