Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, Itesa / Erpin 360ren eta Politeknika Ikastegia Txorierriren lankidetzaz eta Bilbao Nexten laguntzaz, Estereoskopiari (3D) buruzko I. Jardunaldi Profesionala egin zuen ekainaren 28an. Jardunaldiaren helburua 3Dn garatutako ahalmenak sektoreari aurkeztea zen, baita arlo horretan prestakuntza sustatzea ere. Horrez gain, gure inguruan egindako esperientzia arrakastatsuenak erakutsi ziren. 100 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Alhóndiga Bilbaora, jardunaldian parte hartzeko.
Topaketa 3Dren arloko adituek eman zituzten hitzaldietan egituratu zen. Era berean, teknologia horren bidez grabatutako materiala proiektatu zen, eta grabazio eta postprodukzio prozesuen xehetasunak azaldu ziren. Egitarauak ikuspegi bikoitza eskaini zuen: profesionala eta prestakuntzari lotutakoa.
Inaugurazio ekitaldian, Bilbao Nexteko zuzendari Marcos Murok eta Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko presidente Juan Mari Gurrutxagak parte hartu zuten. Jarraian, hitzaldiak eman zituzten Politeknika Ikastegia Txorierriko Juan Ángel San Vicentek eta Jon Arisketak, Nafarroako “d4d Ingeniería Visual” enpresako Javier Cabanasek eta Bartzelonako "Apuntolapospo" posprodukzio estudioko José María Aragonés Gayak.
Amaitzeko, jardunaldian lagundu zuten hiru enpresek estereoskopiako tekniken bidez sortutako materialak proiektatu ziren. Besteak beste, kirol emanaldiak, telebistako iragarkiak edo film luzeak ikusi ahal izan ziren.
Data:2011/06/29 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.