Ekainaren 8an, IV. EikenBANK sari banaketa egin zen EiTBko multibox aretoan. Sari nagusia "Gelditu parada" izeneko proiektuarentzat izan da, Ruben Martinez donostiar gaztearena, garraio publikoko desplazamenduei buruzko dokushowa. Proiektua garatzeko kontratua ekainaren 22an izenpetu zen, eta Pausokako gerente Itziar Zeberio izan zen sinatzaileetako bat, ekoizpen etxe hori arduratuko delako aurten ideia irabazlea gauzatzeaz.

Aurten, gainera, EikenBANKek hainbat berrikuntza izan ditu; bigarren eta hirugarren sariaz gainera ("Rituales" eta "Euskadi sin asfalto" proiektuentzat, hurrenez hurren), laguntzak eta bekak ere ematea: Bilbao Lan Ekintza bekak ("Rituales" eta "Euskarabaneros" proiektuentzat) eta BBK Gazte Lanbidean beka ("Okupenea"). Sari-banaketan, Etxepare Institutuko ordezkaritza bat izan zen, erakunde horrek hartu duelako bere gain Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik ikus-entzunezkoen sektorera bideratzen den laguntza. Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak EikenBANK egitasmoaren garrantzia goraipatu zuen talentua bilatzeko baliabide gisa.
Alde horretatik, talentu ez-profesionala bilatzeko eredu aitzindari honek beste urrats bat egingo du datorren irailaren 1ean, Gasteizko FesTVal jaialdian. Eikenek EikenBANK programaren bertsio egokitu bat aurkeztuko du Telebistaren Jaialdian, Fresh EikenBANK izenekoa, programaren lau edizioetan parte hartu duten proiektu batzuen pitching saio berezia. Jaialdi horretako publikoa estatu osotik etorritako telebista eta ekoizpen etxeetako eduki arduradun profesionalek osatuko dute.
Data:2011/07/06 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.