Vicomtech-Ik4 zentro teknologikoa (Eikeneko kidea), Ikusi euskal enpresa eta S21Sec nafarra Europako ikerketa proiektu batean parte hartzen ari dira, krimen antolatua prebenituko duen tresna informatiko bat garatzeko. Testuzko zein ikus-entzunezko edukien analisi automatizatua, informazio trukea eta testuak semantikoki prozesatzeko teknologiak erabiliz, segurtasun agentzien lan kolaboratiboa hobetuko duen software bat eraikiko dute.
Caper (Collaborative Information, Acquisition, Processing, Exploitation and Reporting for the Prevention of Organised Crime) izeneko proiektu honek 7,2 milioi euroko aurrekontua du eta Europako Batzordeak finantzatzen du VII. Programa Markoaren barruan. Esan bezala, proiektuaren helburua da legez kanpoko jarduerak prebenitu eta atzematea eta horretarako, Internetetik edo nazioarteko segurtasun agentzietako informazio sistemetatik ateratako milioika datu aztertuko dira.
Sei herrialdetako 16 erakundek parte hartzen dute Caper ekimenean: Synthema, Voice Interaction, Altic, Baker & Mc Kenzie edo Alma Consulting Group bezalako enpresek, Fraunhofer eta Italian National Research Council bezalako zentro teknologikoek, Israel eta Espainiako unibertsitateek eta Ordena Publikoko Nazioarteko Agentziak (LEA). Proiektuko lanekin hasteko, hitzaldi bat eman zuten Donostian pasa den uztailean.
Data:2011/09/07 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.