“Al final del túnel - Bakerantza” film luze dokumentala, Elías Querejetaren ideia batean oinarritutakoa, Eterio Ortegak zuzendu du, eta Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko kide Idem 4 euskal konpainiak ekoitzi du, Euskal Telebistaren parte hartzearekin eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzarekin. Dokumentala Donostia Zinemaldiaren Zabaltegi Berezia sailean aurkeztuko dute, irailaren 22an 19:00etan Kursaal 2 aretoan. Prentsarako emanaldia egun berean izango da, 22:00etan Principal Antzokian.
"AL FINAL DEL TÚNEL - BAKERANTZA" ETAren indarkeriaren amaierari buruzko dokumental bat da, etorkizunerako une erabakigarri honetan egin dena. “Euskal gatazkaren” ondorioak jasan behar izan dituzten hainbat pertsonaiaren eskutik, Eterio Ortega Santillanak nazionalismoaren erroak aztertzen ditu, eta hainbat esperientzia, sentimendu eta jarrera aurkezten dizkigu, sufrimenduaren amaiera eta bakearen, askatasunaren eta adiskidetzearen itxaropena pizten dutenak. Zuzendariak gaiari buruz egindako hirugarren film luzea dugu hau; aurretik, "Asesinato en febrero" (2001) eta "Perseguidos" (2004) egin zituen. Guztiak Elías Querejetarekin izandako lankidetzaren emaitza dira.
“Nire lanetan behin eta berriro hausnartzen dut mugari buruz, alegia: hesiaren alde batean edo bestean jartzen gaituen lerro mehea. Bizitza eta heriotza; askatasuna edo horren gabezia; maitasuna eta gorrotoa; egia ala gezurra; onartzea ala uko egitea; atxikitzea edo ados ez egotea;… beti mugan. Diskurtso politikorik gabe heldu diot gaiari. Eguneroko bizitzaren testigantzak dira; egiazko hausnarketak, intimitatean jasotakoak, prentsarako izenbururik bilatu gabe. Hori guztia irudi eta soinuetan emana: iluntasuna eta argia, zerumugak eta mendiak, itsas enbata eta itsas barea, zarata eta isiltasuna. Hizkuntza bisual pertsonal batez kamerak mugako istorioa eta testigantzak kontatzen ditu.”
ETERIO ORTEGA
“Pertsonaia bakoitzak bizitza hartzen du kameraren begiaren aurrean. Bizimodu desberdinak, zeregin desberdinak, solasaldi desberdinak eta paisaia desberdinak. Bizitza ulertzeko modu jakin batek biltzen dituen jakin-nahiak, tristurak eta pozak jaso nahi izan ditugu, ahalik eta modu zuzenenean eta hurbilenean. Garapenaren barruan, leku bat dauka ere memoriak, bai norberarenak bai kolektiboak. Kamerak ez du, ordea, aldez aurreko jarrera politiko edo ideologiko jakin bat. Beraz, ez dira aldez aurretik baloratzen kameraren ibilbidean jasotako hitzak, oroitzapenak eta egoerak.
Hori bai, bakeak eta askatasunak bere bizitzen paisaia betirako argituko duen itxaropena bilatu nahi izan dugu”
ELÍAS QUEREJETA
Data:2011/09/12 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.