Eikeneko enpresa bazkideak irailaren 16tik 24ra egingo den Donostiako 59. Zinemaldian izango dira, eta hainbat sailetan parte hartuko dute: Zabaltegin (Idem eta Irusoin), haurrentzako zine-zikloan (Barton Films) eta Zinemira sailean (EPE/APV eta Orio Produkzioak).
"Urteberri on, Amona", Irusoinek ekoitzitako eta Barton Films etxeak banatutako komedia "beltza", Zabaltegiko Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da. Gainera, Idem ekoizpen etxearen ETAren amaierari buruzko dokumentalak, "Tunelaren amaiera" izenekoak, Zabaltegi-Bereziak sailean parte hartuko du, egile entzutetsuen lanekin lehian: hala nola Martin Scorsese zuzendariak Beatles taldeko George Harrisoni buruz eginiko dokumentala.
Bestetik, Barton Films etxeak "Katu bat Parisen" izeneko marrazki biziduneko filma aurkeztuko du. Filma urriaren 21ean estreinatuko da areto komertzialetan, euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz. Frantzian ekoitzitako lan honek nazioarteko kritikaren goraipamena jaso du bere originaltasun bisualagatik.
Amaitzeko, Euskal Produktoreen Elkarteak (EPE/APV) tinko eusten dio euskal industriarekin duen konpromisoari, Zinemira sailari eskainitako babesaren bidez. Sail honen helburua Euskadiko ekoizpen zinematografikoa zabaldu eta bultzatzea da, eta EPE/APV haren babesleetako bat da. Sail honen barnean egin ohi da urtero Euskal Zinemaren Gala. Hain zuzen ere, gala honetan Orio Produkzioak ekoiztutako "Bi anai" filma proiektutako da eta Zinemira Estreinaldiak sailean parte hartuko du.
Data:2011/09/16 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.