Eikeneko Zuzendaritza Batzordeak, irailaren 27an (asteartea) Pedro Gómez Damborenea Plangintza eta Estrategia sailburuordearekin eta Inmaculada Freije arloko zuzendariarekin eginiko bileran, berehalako neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari, sektorearen etorkizuna bermatzeko. Klusterreko arduradunek, azken txosten ekonomikoak mahai gainean jarririk, sailaren babesa lortu dute ikus-entzunezkoen industria bultzatzea helburu izango duen ibilbide orri bat prestatzeko, Eikenek diseinatutako eta administrazioak babestutako ibilbide orria, hain zuzen.
Bileran, Eikeneko arduradunek sektorea zertan den azaldu dute, egoera ekonomiko kezkagarrian, berregokitze premian eta joera aldaketen eraginpean. Horrek guztiak, nolanahi ere, bide berriak urratzeko aukera eskaintzen du, eta, horretarako, Eikenen arabera, bai sektoreak bai administrazioak oinarrizko erronkei erantzun behar diete. Erronka horien artean, etorkizuneko industria politika erabakitzea eta TB publikoaren eredua adostea dira aipatzekoak.
Horiek horrela, Eikenek bere gain hartu du “ezinbestekotzat” duen berregituraketa gidatzeko konpromisoa, eta Industria Sailaren babesa eskatu du horretarako, bere lidergoa sendotzen lagun diezaion kontu honetan zeresana duten eragile guztien artean. Saileko arduradunak laguntzeko prest agertu dira, enpresa eta industria egitura garatzea helburu duen edozein planteamendu bultzatzeko.
Une honetatik aurrera, beraz, Eiken prozesu hau martxan jartzeaz arduratuko da, eta lan talde bat eratzea izango du lehen urrats, ibilbide orriaren helburuak zehazteko eginkizuna izango duena.
Data:2011/10/06 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.