Pausokak, Eikeneko kidea, sortutako "El Impostor" realityko lehiaketaren bertsio bat egingo dute Estatu Batuetan, Leopard Films USAk saioaren formatua erosi baitu. Ekoizpen etxe hori “El Impostor” lehiaketaren formatua erosten duen nazioarteko seigarren enpresa da, saioa nazioartean banatzen duen omh:tv konpainiak adierazi duenez.
Joris Eckelkamp ohm:tv enpresako Nazioarteko Salmenten zuzendari exekutiboak honela hitz egin zuen: “gure estrategia formatu berritzaileak eta abangoardistak erostea izan da beti. Oso pozik nago; izan ere, El Impostor primeran egokitzen da gure saioen zorrora, eta oso denbora gutxian konpainia askok erosi dute. Saio honek irabazteko konbinazioa dauka, eta indar handia hartzen du formatu berean realitya eta lehiaketa nahastuta”.
Bestalde, Nick Rigg Leopard Films USAko presidenteak hauxe adierazi zuen: “saioak bat egiten du erabat Estatu Batuetakoak ez diren ekoizpen etxeetako formatu berriak eta berritzaileak erosteko gure filosofiarekin".
Saioaren mekanika, berriz, oso erraza da. Astero, iruzurti bat egongo da saian —gizon ala emakumea—, familiako kidetzat agertuko dena. Lehiakideak arretaz aztertu beharko du inguruan gertatzen den guztia, iruzurtiaren identitatea ezagutu nahi badu. Gonbidatuak iruzurtia zein den asmatzen badu, saioaren saria eskuratuko du. Haatik, aukeratzean kale eginez gero, saria familiaren eta iruzurtiaren artean banatuko dute.
Pausokaren formatu berritzaile hau prime timeko asteroko saioa izateko sortu dute, eta 50-60 minutuko iraupena izango du. Telebista katearen beharren arabera, saioak aurkezle/gidari bat eduki dezake, baita plato bat ere, saioan izandako gorabeherak aztertzeko.
Data:2011/11/24 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.