Euskal zinema industriak itxaropenez hartu du 2012. urtea, sektorearentzat urte oparoa izango delakoan. Izan ere, 18 film luze estreinatuko dira, eta hainbat proiektu abian jartzeko asmoa ere badago. Lan horien egileen artean, Eikenen bazkide hauek daude, besteak beste: Abra Prod ("Aita, zonbia naiz" eta "Nemekitepá"), Baleuko ("Xora" eta "El pez de los deseos"), Idem ("La conspiración") ta Barton Films ("Aita, zonbia naiz", "Xora", "El pez de los deseos" eta "La chispa de la vida" lanen banatzailea).
Deia egunkariak euskal zinemari buruz argitaratutako informazioan adierazi zuenez, badago 2012ari baikortasunez begiratzeko arrazoirik. EPE-APV euskal produktoreen elkarteko (Eikenen erakunde bazkidea) lehendakari Carlos Juárezen aburuz, hain zuzen ere, "baikortasunez arituta eta sektorearen aldeko apustua eginda, denbora laburrean estatuan lider izateko moduan egongo gara, ekonomikoki egoera hobean gaudelako eta aukera izan dezakegulako nabarmentasuna areagotu eta orain arte hutsik zeuden guneak betetzeko". Nolanahi ere, Juárezek gogorarazi du erakundeen babesa ezinbestekoa izango dela abian jarritako modernizazio prozesua azken burura eramateko.
Lehen aipatutako ekoizpenez gainera, honako proiektu hauek jarriko dira abian2012an: "La chispa de la vida", Álex de la Iglesiarena; "El último magnate", Sincroren dokumentala; "Camaradas", Sabin Eguillorrena; "Extraterrestre", Nacho Vigalondorena; "Baztan", Carmelo Gómez protagonista duena; "Camera Obscura", "Chaika", "30 años de oscuridad", "La guerra secreta", "Hiroko y los defensores de Gaia", "Kënu" eta "Luna Llena"; eta "El extraño anfitrión", Javier Rebollorena.
Data:2012/01/02 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.