BERRIAK

EUROPA-LATINOAMERIKA I. KOPRODUKZIO FOROA: EUSKAL IKUS ENTZUNEZKO SEKTOREARENTZAKO BULTZADA

Foroa irailaren 27an eta 28an izango da Donostia Zinemaldiaren barruan. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren babesa dauka, eta, sail horren inplikazioaren bitartez, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreari bultzada ematea da helburua.

Ekimen honi esker, Zinemaldiak Industria Sailaren (The Industry Club) zabalpenari helduko dio, eta zinemagintzaren industriara bideratutako jarduerak indartuko ditu. Hala, erreferentziako plataforma bilakatuko da Latinoamerikako eta Europako zinemagintzarako oro har, eta Espainiakorako eta Euskal Herrikorako bereziki.

Hori horrela izanik, Zinemaldia Euskadiko Ikus Entzunezkoen Klusterrarekin (Eiken) ari da lanean. Kluster horrek, batetik, euskal ekoizleen bi elkarteak batzen ditu: IBAIA (Eikeneko kidea)eta EPE-APV (Eikeneko kidea). Era berean, euskal ikus-entzunezkoen sektorean garrantzi bizia duten beste hainbat eragile ere biltzen ditu: Etxepare Institutua, Media Antena Euskal Herria, Zineuskadi. Guztiak ere lantalde batean daude elkartuta, interesak trukatzeko, iradokizunak kontuan izateko eta, hala, euskal zinemagintzaren industriari errendimendu handiagoa ateratzeko. Horrez gain, Espainiako Ikus Entzunezkoen Ekoizleen Elkarteen Federazioaren (FAPAE) lankidetza ere badauka, baita Ibermedia Programarena ere.

Bestalde, finantzaketarako bide berriak irekiko ditu, egun bizi ditugun beharrizan bereziak eta eraldaketak kontuan izanik. Euskal ekoizleek proiektuak koprodukzio-foroan aurkeztu ahal izango dituzte, eta proiektu horiek finantzatzen lagunduko duten profesionalak topatu ere bai. Gehienez ere hogei proiektu aukeratuko dira, eta horien artean euskal proiektuek garrantzi berezia izan dezaten ahaleginduko gara. Era berean, egileen arteko harremana pizten saiatuko gara, enpresa-giroko aliantza estrategikoak ezartzeko helburuarekin.

Horrez gain, euskal ikus-entzunezkoen industriak foroan aukera handiagoak topatuko ditu bere proiektuak sustatzeko, bai eta garapen eta hazkunde bete-betean dauden merkatuetara sartzeko ere: Brasilen, Mexikon, Kolonbian edota Argentinan, besteak beste.

Era berean, foroaren inguruan esperientziak trukatzeko eta jakintza sustatzeko giro egokia sortuko da foroan. Hori horrela izanik, bertako zinemagintzarako interes bereziko jarduera paraleloak antolatuko ditugu: hitzaldiak, aurkezpenak, azterketa-kasuak, eztabaida-mahaiak, adituen hitzaldiak... Helburua industriaren beharrizanei aurrea hartzea eta merkatuaren etengabeko aldaketetara egokitzea izango da, betiere edukien eta teknologiaren aldetik aukera eta joera berritzaileak topatuta.

 

Data:2012/05/15 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa