Maiatzaren 14an, Zierbenako Digipen (Eikeneko kidea) institutuaren instalazioetan, Euskal Herriko ikus-entzunezko tradizionalen eta bideojokoen arloko enpresen, prestakuntza zentroen eta zentro teknologikoen arteko topaketa bat egin zen. Topaketaren helburu nagusia enpresa horien guztien artean elkarguneak bilatzea izan zen, enpresen arteko lankidetza sustatzeko. Jardunaldi horretatik ondorioztatu zen hainbat jarduera ekonomikoren bidez ikus-entzunezkoen sektore berria osatzen duten enpresen arteko topaketa bat izan zela egiaz, eta, halaber, egoera berri horren baitan kokatzeko premia gurutzatuak daudela; egoera horrek, hain zuzen, edukiaren interaktibitatea eta crossmedia nahiz software as a service kontzeptuak ditu ezaugarri. Gaming Synergy jardunaldiaren bidez, Networking Bidea izeneko tresna jarri zen abian. Tresna hori jarduera multzo bat da; hain justu, enpresek eurek parte hartuko dute jarduera horietan eta haien arteko lankidetza antolatzeko balioko dute.
Juan Mari Gurrutxaga Eiken Klusterreko lehendakaria izan zen ongietorria egiteko eta topaketa aurkezteko arduraduna. Hain zuzen ere, adierazi zuen Gaming Synergy jardunaldiaren helburuak zirela “elkar hobeto ezagutzea eta osatzen ari den Ikus-entzunezko Berriaren baitan lankidetzak erraztuko dituzten sinergiei laguntzea”. Juan Mari Gurrutxagak, bide batez, Networking Bidea tresnaren etorkizuneko konpromisoa aurkeztu zien parte hartzaileei, eta “enpresen arteko lankidetzari atea beti zabalik edukitzeko plataforma” gisa azaldu zien.
Ondoren, Veronica Sánchez MEDIA Antena Euskal Herria erakundeko zuzendariak MEDIA programaren ordezkaritzak Euskal Herrian egiten dituen funtzioak azaldu zituen. Zehatz-mehatz, MEDIA Proiektu Interaktiboa programa azaldu zuen. Proiektu hori zuzenean bideratuta dago ikus-entzunezko eduki tradizionalen eta eduki interaktiboen ekoizleen artean lankidetza hobetzera eta dagoeneko badauden ikus-entzunezko proiektuak osatuko dituzten lan interaktiboen sorrera babestera. Zenbakiei dagokienez, 2007an MEDIA Antenak Media Interaktiboa programari 8,5 milioi euro eman zizkion eta 100 enpresak baino gehiagok atera zioten onura laguntza horri.

Kasu azterketa gisa, Eva Fontanals andreak parte hartu zuen. Fontanals andrea Edebé Audiovisual Licensing enpresako zuzendari nagusia da eta 2011n MEDIA Proiektu Interaktiboa programaren onuraduna izan zen, “Cuatro amigos y medio” animazio lanagatik. Fontanals andreak MEDIA diru laguntza eskatzeko eta lortzeko beharrezkoa den prozesu guztiari aurre egitean izandako esperientziaren berri eman zuen. Halaber, crossmedia kontzeptuaren garrantzia nabarmendu zuen: “gaur egun ikus-entzunezko lan guztiek behar dute zati interaktibo bat”.
Gaming Synergy jardunaldian Euskal Herriko ia-ia 30 enpresatako hainbat zuzendarik, teknikarik, gidoilarik eta irakaslek parte hartu zuten, besteak beste. Horiek role playing jarduera baten bidez elkar hobeto ezagutzeko eta beren jardueraren giltzarriak azaltzeko aukera izan zuten, baita gaur egungo aukeren eta zailtasunen erradiografia bat egiteko ere, hainbat ikuspuntutatik lankidetzan aritzeari dagokionez: administrazio publikoak, prestakuntza zentroak, inbertitzaileak, zentro teknologikoak eta azken kontsumitzaileak.
Ondoren, Xabier Sabalza Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Berrikuntza eta Informazioaren Gizartea ataleko zuzendariak dinamismo eta sorkuntza maila altua ezaugarri duten enpresa horiek sendotzeko eta lankidetzan aritzeko ahal zuen guztian lagunduko zuela adierazi zuen.
Digipen (Eikeneko kidea) institutuaren instalazioak bisitatu zituzten irakasle batzuen laguntzaz, eta haien prestakuntza eredua eta lurraldean bideojokoaren industria bat sustatzearen aldeko apustu garbia jakinarazi zituzten. Azkenik, parte hartzaile guztiek beren iritziak partekatzen, lortutako ondorioak eztabaidatzen eta aukerak sortzen jarraitu ahal izan zuten, lunch batean.
Networking Bidea tresnaren baitan planteatutako lehenengo jardunaldi honetan, hainbat enpresatako zuzendariz, ekoizlez, sortzailez eta teknikariz gainera, sektorearen lankidetza dinamizatzearen eta babestearen alde lan egiten duten hainbat eragilek parte hartu zuten.
Itziar Menak egindako elkarrizketa Radio Bilboko "Hoy po hoy" saioan.
Data:2012/05/18 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.