Maiatzaren 30ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, IV. Animabasque-Business Azoka egingo da, animazioaren sektoreko enpresen topaketa, euskal produkzioen eta estatuko eta nazioarteko banatzaileen arteko hartu-emanak bultzatzen dituena. Topaketa Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak antolatuko du, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, eta Latinoamerikako eta Europako hainbat enpresa eta erakunde bilduko dira bertara.
Latinoamerikako ordezkaritzari dagokionez, batez ere Mexikoko enpresa eta erakundeek parte hartuko dute topaketan, eta horrela, beste pauso bat egingo da goraka ari diren merkatuen bilaketan; gainera, Estatu Batuetako latinoen gaineko eragina areagotuko da. Zentzu horretan, Erdialdeko Amerikako ordezkari izango dira sektoreko enpresa garrantzitsuak (Momo Studio, Ithrax Producciones, La marca del Jaguar, Kaxan Studios eta Animex Studios) zein erakunde eta elkarte publikoak (Aniamed - Asociación Nacional de la Industria Audiovisual, Multimedia, Entretenimiento y Arte, eta Patronato de Fomento y Desarrollo Educativo).
Mexikoko ordezkariez gain, erostun profila duten hainbat europar enpresa ere bilduko dira topaketara, hala nola: Copenhagen Bombay & CB Sverige (Danimarka-Suedia), Yle Fininsh Public Broadcasting Company (Finlandia), Telescreen (Holanda), M6 Metropole TV (Frantzia) eta Dea Kids and Dea Super (Italia). Bestalde, azpimarragarria da TVE ere bilduko dela azokara; hots, Espainiako animazio sektorean gehien inbertitzen duen telebista.
Matchmaking eta merkataritza bilerak
Aurreko edizioetan bezalaxe, Animabasque-Business Azoka bi jardunalditan banatuko da. Goizez, aurkezpenak egingo dira, bertaratzen direnei abian dauden proiektuen eta enpresa akreditatuen azken produkzioen xehetasunen berri emateko. Hainbat gailutarako balio duten plataforma anitzeko produktuek ere lekua izango dute proiektu horietako batzuetan, animazioa elementu komun duten jarduera desberdinen arteko sinergiaren lekuko.
Ondoren "matchmaking"-a gauzatuko da; hau da, lagundu, parte hartu edo produkturen bat erosi nahi duten enpresen arteko bilerak -aldez aurretik edo goizeko aurkezpenen ondoren hitzartutakoak-.
Data:2012/05/21 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.