BERRIAK

ANIMABASQUE-BUSINESS 2012 SENDOTU EGIN DA NAZIOARTEKO AZOKA GISA, ETA EUROPA-LATINOAMERIKA HARREMANAK ESTUTU DITU

Animabasque-Business 2012 azokak,EIKENek Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilbao Ekintzarekin lankidetzan eta BartonFilms  (Eikeneko kidea) enpresarekin elkarlanean antolatutako nazioarteko animazio topagunearen V. edizioak mundu osotik etorritako 60 profesional eta ordezkari baino gehiago bildu zituen Bilboko Euskalduna Jauregian.

Inaugurazio ekitaldian izan ziren Imanol Pradales, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Diputatua, Xabier Sabalza, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Zuzendaria, Juan Felix Madariaga, Bilbao Ekintzako Presidentea, eta Juan Mari Gurrutxaga, EIKENeko presidentea. Denek hizpide izan zuten sektorea atzerrira hedatzeko antolatzaileek eginiko ahalegina, eta garrantzi handia eman zioten Mexikotik etorritako delegazio garrantzitsuari, baita Finlandia, Herbehereak, Frantzia eta Italiatik etorritako ordezkaritzei ere, Animabasque-Business azokaren posizioa indartzeko egin den lanaren erakusgarri.

Goizeko saioan, zortzi animazio proiektu xeheki ezagutzeko aukera izan zen: hiru euskaldun, hiru kataluniar eta bi mexikar. Aurkezpenek interes handia piztu zuten azokara bertaratutakoen artean, eta, bereziki, mundu osoko agentzia banatzaile garrantzitsuetako ordezkarien eta, beraz, erosle potentzialen artean. 

Zehazki, proiektu hauek aurkeztu ziren: The Hologram Project (Osibis), Space Nena (Ángel Gráfico), Entretibias (Mikel Muro), Bruno, accidentally heroe (Kaxan), Lagostory (JOK Etcheverria), Blackie and Kanuto (Baleuko-Ikasplay) eta Koot Nook  (Koot Nook Studios).

Arratsaldez, alde biko 40tik gora bilkura egin ziren enpresen artean, hartu-eman komertzialak estutzeko xedearekin. Azoka amaitzeko, eztabaida foro bat egin zen, Guggenheim Museoan.


 

Data:2012/06/05 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0)

Erantsi iruzkina

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa