Gaur, Bizkaiko Teknologia Parkean, Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko enpresa bazkideek Batzar Nagusia egin dute, eta agerian geratu da behar-beharrezkoa dela “ikus-entzunezkoen eredu berri baterako” trantsizioari lehenbailehen aurre egitea, merkatu berrietan sartzeko eta negozio aukerak bermatzeko. Bileran emandako datuen arabera, sektoreko enpresen fakturazioen bolumena %9 igo zen 2011n, baina enplegua, ordea, %2 jaitsi zen. Datu horiek guztiak jasota daude Eikenek Batzarrean bazkideei aurkeztu zien Urteko Txostenean. Batzarrean, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuorde Bernabe Unda jauna egon zen. Klusterreko presidente Juan Mari Gurrutxagak sektorea “egoera zailean” dagoela onartu zuen, ekonomiaren ziurgabetasunaren eta kontsumo ereduen aldaketen eraginez. Horregatik, beharrezkotzat jo zuen “eraldaketa bultzatzea”. Horretarako, Eikenek sektoreari buruzko egiturazko hausnarketa egin du, eta ibilbide orri bat osatu du, “sektorea industria berri bihurtzera” eramango gaituena. Gurrutxagak Eikenen erronka babestu zuen, joan den ekitaldian jasotako datuei dagokienez; izan ere, agerian geratu da "talentua eta ezagutza galdu egin direla eta baliabideak eta azpiegiturak behar baino gutxiago erabiltzen direla". Egoera horretan, jardueraren bolumenak bere hartan iraun du; alabaina, nabarmen murriztu dira irabaziak. Horren harira, ikus-entzunezko enpresetan joera orokor bat hauteman du Eikenek: enpresaren egitura ahal bezain beste murriztea, enpresa proiektuaren biziraupena bermatzeko. Hala eta guztiz ere, enpresek ikerketaren eta garapenaren alde egiten jarraitu dute, krisia gainditzeko tresna gisa. Testuinguru horretan, Gurrutxagak azpimarratu du Eikenek sektorea berregituratzeko liderra izan nahi duela, "lehiakortasunaren" alde eginez, arrakasta bermatzeko modu bakarra baita. Era berean, Klusterrak hainbat arlotan eginiko ekintza estrategikoak sendotu direla nabarmendu du, hala nola internazionalizazioan (Basque Audiovisual, AnimaBasque-Business), talentuen harreran (EikenBANK) eta prestakuntzan (EikenBANK). Amaitzeko, Klusterreko presidenteak gogoratu du Eikenek sektorearen egungo egoerari eta etorkizuneko alternatibei buruzko azterketa eta hausnarketa sakona egin berri duela, eta horren emaitza lan-txostenetan jasota dagoela. Dokumentu horietan, gaur egungo negozio ereduaren alternatibak ezagutarazten dira, eta ibilbide orri adostu bat proposatzen da, sektorearen eraldaketa bultzatzeko "ikus-entzunezko berrirantz".
Data:2012/06/12 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.