Euskadiko animazioaren industriak mundu osoko profesionalen aurrean aurkeztu ziturn bere proiektuak, Animabasque-Business Nazioarteko I. Azokan.

Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, Barton Filmsekin (Eikenen bazkidea) batera, Ikus-entzunezkoen Sektorearen barruan erreferentzia nazionala izatera heldu nahi duen Merkatua sustatu du.
Apirilaren 24an, Bilboko Euskalduna Jauregian, Animazioari buruzko Nazioarteko Lehenengo Azoka egin zen. Bertan, zinemaren edota marrazki bizidunen produkzioan ari diren Estatuko enpresa nagusiak egon ziren erakusketari gisa; horietatik hiru Euskadikoak izan ziren. Gainera, nazioartean ospe handia duten produkzio-etxe eta banaketa-enpresetako hainbat adituk eta profesionalek hartu zuten parte foroan; besteak beste, BBC-Children etxeko Chris Rosek edo Magma World irlandarreko Moe Honanek.
“AnimaBasque-Business” izenburupean, Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta Barton Filmsek sustatutako nazioarteko azokak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan du. Azken horren kasuan, babesa Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailak kudeatzen duen Bultzatu Programaren bitartez heldu da, eta beraren titular Izaskun Artetxe diputatuak aurkeztu zuen foroa, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko Plangintza eta Estrategia zuzendaria den Borja Belandiarekin eta EIKENeko presidente eta K2000ko zuzendaria den Ricardo Gonzálezekin batera.
Azokaren helburu nagusia profesional, produktore eta banatzaileen arteko kontaktu zuzena ahalbidetuko duen espazio bat sortzea da, proiekzio-saioen eta lan-mahaien bitartez koprodukzio edo banaketarako akordioak lortu ahal izateko. Modu horretan, goiz osoan zehar, Estatu osoko hamar bat enpresak beraien animazio-proiektuak –garapen fase desberdinetan daude– aurkeztu zizkieten nazioarteko animazioaren arloan punta-puntakoak diren konpainietako arduradunei: Futurikon (Frantzia), Maur Film (Txekiar Errepublika), Magma World (Irlanda) edo BBC (Erresuma Batua) izan ziren konpainia horietako batzuk.
Animazioko edukiak lantzen dituzten Euskadiko enpresen artean, honakoek aurkeztu zituzten proiektuak: Karbo Vantas Entertainment (Eikenen bazkidea), “Ivan de Aldenuri, el bosque de los thaurroks” lanarekin; Baleuko (Eikenen bazkidea), “Black to the moon” filmarekin; eta Silverspace, “Perpetuum Mobile” obrarekin. Baleukok eta Silverspacek izendapenak jaso zituzten Goya Sarien azken edizioko animazio arloko zenbait kategoriatan, eta, gainera, sari ugari lortu dituzte aurreko edizioetan. Izan ere, Euskadiko animazioak aintzatespen garrantzitsuak lortu ditu Espainiako eta nazioarteko lehiaketetan; besteak beste, Cartoon Forumen.
Hain zuzen ere, animazio arloko AnimaBasauri IV-Animabasque nazioarteko jaialdiarekin bat etorriz (egunotan ari zen egiten Basaurin), topaketa komertzial hau antolatu zen. Antolatzaileek espero dute bertan akordio, koprodukzio eta atzerriko banaketarako hitzarmenak sinatu ahal izango direla, modu horretan euren lanei irteera emateko.
Eikenek eta Barton Filmsek sustatutako ekimen hau Klusterraren estrategiaren barruan dago; estrategia horrek ekintza integratuak gauzatzeko xedea dauka, merkatu berrietara jotzeko eta euskal enpresak nazioartera zabaldu ahal izateko. Eikeneko arduradunek konfiantza daukate AnimaBasque-Businnes Estatuko animazioaren merkatu nagusi legez finkatuko dela eta urteroko hitzordua bihurtuko dela, ezagutza, teknologia eta lan-metodologiak trukatzeko, Euskadiko animazioaren ikus-entzunezkoen industriarentzat.
2006an, animazioa Euskadiko ikus-entzunezkoen negozioaren %3,9 izan zen, ohiko zinemaren %32,9ren aurrean. Hala ere, haziz doan industria da, eta Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra osatzen duten enpresen artean, horietako %13ren jarduera nagusia da.
Data:2008/04/24 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0)
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.