BERRIAK

Eiken - Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren bazkidea den Vicomtech-IK4 enpresak MobiAR aplikazioa lantzen eta abian jartzen lagundu du. Hain zuzen, Handitutako Errealitatean oinarritutako aplikazioa da, sakelako telefonoaren bitartez modu bisual eta zuzenago batean informazio turistikoa eta zerbitzu informazioa eskuratzeko balio duena. Proiektu honetan, Vicomtech-IK4 enpresak ez ezik, Telefónica I+G, Donostiako Sustapena, Indra, Brainstorm eta LabHuman-ek ere parte hartu dute.  

MobiAR aplikazioaren bitartez, erabiltzaileak toki edo eraikin bati begira jarri beharko du bere sakelako telefonoa. Hala, egiazko irudiaren gainean, hainbat ikono agertuko zaizkio, kale horretako edo inguruko interesguneak adieraziko dizkiotenak: besteak beste, monumentuak, museoak, jatetxeak eta farmaziak. Interesgune horiei buruzko informazio gehiago ere eskura izango du, gainera; hala nola bideoak, argazki historikoak edo jatetxe bateko menua.

Donostian egin dute berriki sistema honen proba pilotua. Hiri horretako 25 interesgune sortu dira; guztiak ere Kontxa, Alde Zahar, Udaletxe eta Boulevard ingurukoak. Etorkizunean, interesguneen kopurua ugalduz joango da, saltokietako jabeek euren datuak sisteman txertatzen joan ahala. Ostalariek ere aplikazio hau erabili ahal izango dute euren tabernak eta jatetxeak erregistratzeko. Horretarako, datuak eta informazioa sartu beharko dituzte; esate baterako, ordutegia, eskaintza gastronomikoaren deskribapena eta pintxoen argazkiak.

Aplikazio hau Android sistema eragilea duten gailuetarako landu da, eta egia esan, oso funtzionamendu sinplea dauka. Erabiltzaileak bertan erregistratu, eta bere profila sortu ahal izango du. Hala, edukia pertsonalizatu egingo du. Behin erabiltzaileak aplikazioa deskargatu, eta bere terminalarekin egikaritzen duenean, sakelako telefonoan daukan aplikaziotik bertatik egin ahal izango du erregistroa.

Data:2011/01/13 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>