Joan den urriaren 17an, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, ?¡”expressivek “expressive solidaria” marka sortu zuen. Horren bidez, mundu zuzenagoa eraikitzen lagun dezaketen hainbat egitasmo abiaraziko ditu.
Expressive solidariaren lehen ekintzan, “el valor de un clic” izenekoan, euro bat jaso zen www.expressivesolidaria.es. web orrian eginiko klik bakoitzeko. Horren bidez, expressivek 3.000 euro jaso ditu, OAri eta Ayenyah nekazaritza erkidegoari emateko. Bertan, behar bereziak dituzten haurrei laguntzeko programa bat garatzen ari dira. Dagoeneko egina dagoen eskolan, arazo fisiko edo psikologikoengatik (buruko perlesia, portaera arazoak, gehiegizko aktibitatea,…) arreta behar duten haurrek zaintza eta hezkuntza berezia jasoko dituzte.
Haur talde horrentzako jarduera bereziak egin ahal izateko eta haien garapenerako giro egokia sortzeko, ezinbestekoa da berezko gunea izatea berariazko laguntza tresnez hornitua. Gaur egun, 15 haurrek jasotzen dituzte programaren onurak, irakasle baten eta bere laguntzailearen ardurapean.
Ekintza hau markaren hasiera baino ez da, izan ere, expressive solidariak askotariko gizarte gaiekin bat egiteko asmoa du. Hartara, konpainia hau gizarte erantzukizun korporatiboko enpresa bihurtuko da: luzez landutako egitasmoa eta orain kaleratuko dena.
Programatutako ekintzen artean, Marokoko Goygal herriko eskola berriro eraikitzeko laguntza dago. 33 expressive solidario bertara joango dira urtarrilaren 29, 30 eta 31n, lana egitera eta egoerarik okerrenean daudenei elkartasuna adieraztera.
Data:2009/01/29 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eikenek gazte sortzaileei zuzenduta dagoen EikenBANKen bigarren edizioa jarri du martxan.
Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak EikenBANKen bigarren edizioa jarri du martxan. Eikenen proiekturik berritzaileenetako bat da, eta sortzaile gazteen talentu ez-profesionala Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektorearen enpresekin harreman zuzenean jartzea da bere helburu nagusia, lankidetza horretatik proiektu lehiakor berriak sor daitezen. Era berean, EikenBANKen helburua sorkuntzarako talentua aurkitzea da, eta talentu hori Euskadin gera dadin lortzea.
Bigarren edizio honek lehenengoaren eskemari jarraitzen dio oinarrian, baina baditu nobedade batzuk ere. Proiektu irabazlea produzitzeko konpromisoaz eta 4.000 euroko diru-sariaz gain, proiektuaren titularrak zenbateko bereko beka bat jasoko du, lau hilabetez bere ideia garatuko duen produkzio-etxearekin batera lan egiteko. Gainera, aurten, EikenBANKek Euskadiko produkzio-etxeetako erreferentziako programetako gidoilarien lankidetza izango du; izan ere, prestakuntza-zentroei, zine-eskolei eta unibertsitateei egin beharreko informazio-aurkezpenetan hartuko dute parte.
EikenBanken arduradunek urteko lehenengo hiruhilekoan aurkeztuko dute ekimena, prestakuntza-zentroetako, zine-eskoletako eta ikus-entzunezkoekin lotutako zenbait titulazio unibertsitariotako ia bostehun ikasleren aurrean.
Aurreko edizioan bezala, programa honetan ikus-entzunezko proiektu originalen bat duten gazte sortzaileek har dezakete parte, baldin eta ez badaude edukien esparruko sektoreko enpresekin lanean edo lankidetzan, modu profesional eta jarraituan. Programaren oinarriak eta prozedura osoa webgune batean dago jasota, zeinen bitartez ekimen osoa artikulatuko baita (www.eikenbank.com).
Data:2009/01/23 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Aste honetan Eusko Ikaskuntzak argitaratutako “Euskonews” aldizkariaren 469. alean, Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren Zuzendaria Itziar Menari eginiko elkarrizketa luzea ageri da. Sektorearen gaur egungo egoera aztertzen du, besteak beste, enpresetako erronkak eta aukerak zehaztuz eta krisiaren ondorioz sortutako mehatxuak aipatuz.
“Eikeneko abiapuntua Ikus-entzunezko Sektoreari buruzko Liburu Zuria izan zen (…) Helburua zen ekonomia sektore indartsu gisa agertzea”, horrela hasten da elkarrizketa. Bertan, Eikeneko arduradun nagusiak Klusterrak lau urtean Euskal ikus-entzunezkoen sektore lehiakorra sendotzeko eginiko lana aletzen digu.
Hasierako zalantzak eta “lehiakideen” artean lankidetzan aritzeko enpresen beldurrak gaindituta, Klusterra konfiantzako foroa da gaur-gaurkoan. “Lehiakideen arteko lankidetza hau elkarrekiko harremanari esker egin ahal izan da. 2004. urteko helburu nagusia elkarri ezagutzea izan zen. Jakina, enpresek elkarren berri zuten baina ez zituzten lankidetza aukerak ezagutzen. Ez zegoen foro bat guztion onerako ekarpenak egingo zituena” adierazi du Menak.

Horrez gain, enpresek elkarteari emandako konfiantzari esker, Eiken sektorearen solaskide bihurtu da erakundeen aurrean. Gaur egun, ikus-entzunezkoen sektoreak Eikenen bidez zabaltzen ditu ekonomia sektore gisa dituen mezuak. “Lehen ez zegoen horrelakorik, denboran honetan ordea, solaskidetzaren bidez, sektoretik urrun zeuden askotariko eragileen arteko hitzarmenak egin ditugu” argitu du.
Era berean, Eikeneko zuzendariak enpresen gidaritzaz arduratzen diren pertsonek izandako aldaketak aipatu zituen; izan ere, gaur egun, enpresako ikuspegitik, denontzako nagusi diren ekonomia ildoekiko konpromisoa hartu dute, norberaren interesak alde batera utzirik.
Itziar Menak baloratu egiten ditu iraultza digitalaren eta euskarri zein plataforma berrien bidez sortutako negozio aukerak eta berrikuntza testuinguruan lana egitearen garrantzia, enpresa trinkoak eta lehiakorrak lortzeari begira. Era berean, ekonomia krisiak enpresetan izango duen eragina arintzeko Klusterrek duten eginkizuna aipatzen du. “Krisiak gogor astindu du Espainia, eta hemen, EAEn, orain hasi da nabaritzen. Sektorera zertxobait geroago iritsiko da (…) Dena den, egoeraren irakurketa baikorragoa egin daiteke (…) ETB eta ekoizleen elkarteen arteko lankidetza akordio bat dago, Kultura Sailaren dekretu baten babespean. Dekretu horrek europar zinemari laguntzeko zuzentaraua betearazi nahi du. Horren arabera, telebista guztiek Europako obrak lagundu behar dituzte % 5aren bidez. Horrek jarduerari eta enpleguari eusten lagunduko du” adierazi du.
Elkarrizketa osoa: http://www.euskonews.com/0469zbk/elkar_eu.html
Data:2009/01/22 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
EikenBANK proiektuaren bigarren deialdia martxan dago. Urtarrilaren 15etik apirilak 30 bitartean, zure proiektua aurkeztu dezakezu EikenBANKeko web orrialdearen bitartez.
Aztertutako datuen arabera, aurreko urtean arrakasta handia izan zuen ekimenak. Orduko finalista asko eta asko eikenBANKen bazkide diren hainbat ekoizpen etxerekin lankidetzan ari dira gaur egun, eta aurreko urteko irabazle Alazne Páramok, 3Komarekin batera, dagoeneko finkatua dauka ¡Qué tendrá el pintxo! saioaren egitura. EikenBANKen bigarren lehiaketa iazkoa baino are arrakastatsua izango den itxaropena dugu; beraz, iaz gogoz gelditu bazinen, ez ibili zalantzan eta has zaitez hurrengo deialdirako proiektua prestatzen!!
Data:2009/01/16 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
“Ander” aukeratu dute Berlingo 59. Zinemaldiaren Panorama sailean parte hartzeko.Gayren gaiari buruz euskaraz eginiko lehen filma otsailaren 5etik 15era ikusiko da Berlinen.
Roberto Caston galiziar zuzendariak idatzi eta zuzendu duen filmak, EiTBren eta Bitart-en (Eikeneko kideak) parte-hartzea izan duenak, hainbat sari eskuratzeko aukera izango du, hala nola ikusleen saria, Nazioarteko kritikaren FIPRESCI saria eta Zuzendari Berri Onenaren saria.
Film luze hau Berdinduren erronka bat da, hau da, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailari atxikitako Lesbiana, Gay eta Transexualen Arreta Zerbitzuarena. Horrela, Berdinduk Castonengana jo zuen 2007an, homosexualitatearen normalizazioan lagungarri izango zen film luzea egin zezan.
Laburpena
“Ander” filmak baserrian lanean hasitako Peruko etorkin batez maitemintzen den baserritar baten istorioa kontatzen digu. Protagonistak 40 bat urte ditu, bizikleta lantegi bateko langilea da eta baserriko lanak ere egiten ditu. Baserrian ama eta arrebarekin batera bizi da. Egun batean istripua du eta hanka puskatzen zaio, eta, horren ondorioz, familiak Peruko etorkin bat kontratatzen du baserriko lanak egiteko.
Hura iristean etxeko bizimodua eta Anderren bizitza aldatuko dira, izan ere, protagonistaren baitan ordura arte ezezagun zituen sentimenduak pizten dira, barne liskarra bortitza eraginez. Peiokin eta Remekin dituen harremanak ere aldatuko dira, lehena bere lagun mina da eta bigarrena, berriz, inguruko prostituta. Biek jarrera bat hartu beharko dute, egoera berriaren aurrean. Filma urtarrilaren 30ean emango dute lehenengoz Arriaga Antzokian, Bilboko Zinegoak zinemaldiaren hasieran.
Data:2009/01/12 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Teknopolisek, Elhuyar Fundazioak EITBrentzat, biak Eikeneko kideak, ekoizten duen zientziari eta teknologiari buruzko telebista-saioak, web gune berria estreinatu du.
Web gune berrian, 2007ko urritik aurrera emititu diren Teknopolisen programa guztiak aurkituko ditu erabiltzaileak, osorik edota erreportajeka.
Informazioa eskaintzeaz gain, osasunari buruz ditugun galderak bidaltzeko aukera izango du web gune berriak, eta programan bertan horiei erantzuten saiatuko da Teknopoliseko lantaldea astero-astero. Gainera, hurrengo asteko programaren aurrerapena ere egongo da ikusgai web gunean. Astero, telebistan eman diren saioaren edukiak jarriko dira web gunean.
Teknopolisen web guneak telebista-saioak berak dituen atalak ditu:
-Erreportajeak: zientzia- eta teknologia-gaiei buruzko berriak erreportaje-formatuan (medikuntza, astronautika, biologia, ingeniaritza…).
-Elkarrizketak: Teknopoliseko platoan zenbait adituri egindako elkarrizketa laburrak.
-Bi hitzetan: zientziari eta teknologiari buruzko albisteak eta bitxikeriak formatu txikian.
-Mundu Ikusgarria: gure planetako txoko liluragarrienak, naturak sortutako altxorrak, fenomeno geologiko ikusgarriak eta urruneko paisaiak.
-Pilulak: 90 segundoko atal laburra, azkarra eta dinamikoa, oinarrizko zientziaren inguruko galde-erantzunak.
-Osasun-galderak: Maider Egüések ikusleek bidalitako galderei erantzuten die astero-astero.
-Monografikoak: programa osoa (30 minutu) gai nagusi eta bakar bati eskainia.
Data:2009/01/09 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eikenek EiTBren kontrako atentatua salatu du eta adierazpen-askatasuna defendatzeko deia egin du.
Eiken, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren Zuzendaritza Batzarrak kidea den EiTBren kontrako atentatua publikoki gaitzetsi nahi du eta, aldi berean, bere elkartasun osoa adierazi nahi die pasa den abenduaren 31n Bilbon izandako erasoan kaltetuak izan diren gainontzeko komunikabideei (DEIA, Antena 3, Onda Cero, El Mundo, Marca eta Expansión), enpresei, erakundei, familiei eta gainontzeko hiritarrei.
Elkartasuna kaltetuentzat eta erabateko salaketa atentatu honen egileen kontra, eraso salagarri honekin edozein gizarte demokratikoan oinarri den adierazpen-askatusun printzipioa murriztea eta beldurtzea nahi izan dutelako. Komunikazioaren eta Informazioaren mundutik gertu dauden Eikenen batzarkideak diren enpresak bat datoz erosotuak izan diren enpresek esandakoarekin, hau da, tinko segituko dugula lanean giza eskubidea eta bizitza eskubidea bultzatuko dituen informazio librea eta egiazalea mehatxuek inondik inora muga ez dezaten. Izan ere, gizarte honen gehiengoak, behin eta berriro, eta, era guztietara, ETAri esan dio gure bizitzetatik desager dadila behingoz.
Data:2009/01/02 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.