Pilotalekuetako polemika amaitzear dago Eibarko G93 enpresari esker (EIKENeko bazkidea). Hainbat astez probak egin ondoren, G93k sortutako “Belatz begi” prototipoak emaitza onak izan ditu. Tresna hau dagoeneko erabiltzen da ATP zirkuituko txapelketa nagusietan, eta Eibarko enpresak eginiko lanari esker, pilotari, epaile eta ikusleek momentoan jakingo dute pilotak joko eremuaren barnean edo kanpoan bote egin duen.
G93 enpresaren asmoa azken proba bat egitea da, behin betikoa, txapelketatik kanpoko partida batean, tresnak %100ean funtzionatzen duela egiaztatzeko. Hortik aurrera, prest egongo da sistema pilotaleku garrantzitsuenetan instalatzeko, eta pilotak non egiten duen punpa jakin ahal izango da zehatz-mehatz, 3 milimetroko errakuntza tartearekin.
G93ko kudeatzaile Juan Carlos San Romanen esanetan, sistema erabiltzeko moduan egon daiteke 2010eko martxorako. Horrela, mementoan aztertuko ditu tanto zalantzatsuak, tenis txapelketetan egin ohi den moduan, eta emaitza berehala ikusiko dute bai pilotalekuan dauden pertsonek bai telebista ikusleek, partida zuzenean erretransmititzen denean.
Sistemaren funztionamendua hurrengoa da: sistemaren kamerek joko eremua mugatzen dituzten lerroak zaintzen dituzte (falta, luze eta bereziki, zabalera). Pilotaren ibilbidea atzeman ondoren, G93k Vicomtech enpresarekin (EIKENeko bazkidea) elkarlanean sortutako informatika programak irudiak aztertu eta sekuentzia birtual bat osatzen du.
Hasieran baliabide hau ikusleentzat erabiliko bada ere, asmoa epaileentzako tresna bihurtzea da, tenisean gertatu den bezala, pilotalekuetan ohikoa den polemika amaitzeko.
Data:2010/01/29 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (35):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Sant Cugat del Vallés (Bartzelona) hiriak Aldea DOC proiektu dokumental parte-hartzailea (telefono mugikorrekin grabatua) hautatu du, A digitally enabled accessible ecoCity kategorian, Living Labs Global Showcase Awards sarien barnean. Proiektua Úbiqak, Eikeneko kidea, egin du, Cacereseko Udalarentzat.
Living Labs Global irabazi asmorik gabeko Kopenageko elkarte bat da (Danimarka), hirietako zerbitzu eta mugikortasunean berrikuntza bultzatzeko helburua duena, gaur egungo hiriek garraioan, osasun arloan, iraunkortasunean, gizarte zerbitzuetan eta turismoan dituzten erronkei aurre egiteko.
Showcase Awards sarien bidez, hainbat herrialdetako bederatzi hirik gizartearen arazo nagusiei heltzen dieten esperientzia teknologikoak hautatzen dituzte.
Living Labs Global Showcase sarien irabazleek hiri hauetan jarriko dituzte proban beren proposamenak, eta hornitzaile berritzaileek aukera izango dute merkatu berrietara iristeko.
Data:2010/01/25 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Lee Daniels zuzendariaren PRECIOUS filmak Taldeko Aktore Emakume Onenaren Saria irabazi du, Mo'Niquek eginiko lan bikainagatik, eta sari gabe gelditu dira beraz Penelope Cruz ('Nine'), Vera Farmiga ('Up in the air'), Anna Kendrick ('Up in the air') eta Julianne Moore ('A single man'). Mo'niquek Maryren rola jokatzen du, emakume krudel eta gaiztoa, Precious alabari abusu iraingarriak eragiten dizkiona.
PRECIOUS otsailaren 5ean estreinatuko da gure zinema aretoetan, Filmax eta ipar gune zinematografikoan Barton Films, Eikeneko kidea, ekoizpen etxeen eskutik. Dagoeneko sari eta nominazio ugari jaso dituen filmak Claireece “Precious” Jones gaztearen historia kontatzen du, 16 urteko neska lodi eta analfabetoa, aitak haurdun utzi duena eta bigarren seme-alabaren zain dagoena.
Data:2010/01/25 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (59):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
"El juego vasco de la pelota" dokumentala ICOM Museoen Nazioarteko Kontseiluaren AVICOM Sarien finalisten artean dago. Sari hauen helburua teknologia berriak museoetara eta ondare eta kultura erakundeetara eramaten dituzten lanak saritzea da, eta otsailean banatuko dira, Turinen.
K 2000k, Eikeneko kidea, ekoitzitako ikus-entzunezko hau gaur egun Bilboko Euskal Museoan ikus daitekeen eta laster AEBetara eramango den erakusketa baten parte da. Lan honen bidez, Euskal Herriko kirol honen beste ikuspegi bat eskaini nahi digute Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe errealizadoreek, eta Kepa Junkeraren soinu banda iradokitzailea izan dute lagungarri horretarako.
Data:2010/01/25 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Komunikazioaren sektorearen hur-hurreko eraldaketak sortzen dituen aukerak eta arriskuak izango dira aztertuko diren puntu estrategikoetako batzuk Irungo Ficoban, otsailaren 3tik 5era bitartean egingo den Ablaren hirugarren edizioan. Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra bertan izango da bere standarekin.
Ekimen honen bitartez, Eikenek ezagutza partekatzeaz gainera, bere bazkideen eta euskal ikus-entzunezkoen sektore osoa hurbildu nahi du sortzen ari den komunikazio errealitate berri horretara, oraindik ere zehaztu gabe dagoena. Digitalizazioa, negozio eredu berriak eta kontzentrazio prozesuen inpaktua dira sektorearen hurbileko etorkizuna markatuko duten faktoreak eta Klusterrarentzat, zalantzarik gabe, lankidetzan aurre egin beharreko erronka saihestezinak dira.
Zentzu horretan, Eikenek bertaratuko direnen esku jarriko ditu hainbat ikus-entzunezko baliabide eta material bere standean, baita bilera gune bat ere enpresek beren kudeaketa komertzialak egiteko aukera izan dezaten. Xedea euskal ikus-entzunezkoen sektore osoan ezagutza kudeatzea da, baina, horretaz gainera, enpresei bermatu nahi zaie merkatura sartzeko bidea, baita “ikus-entzunezko berrirantz” doan trantsizioa erraztu ere, betiere, eredu tradizionala arriskuan jarri gabe.

Era berean, Eiken Abla Azokan izango duen presentziaz baliatuko da ikus-entzunezkoen enpresek Publizitate sektorearekin dituzten harremanak indar ditzaten. Testuinguru horretan, Klusterrak, Biltzarrak irauten duen hiru egunean, harreman zuzena bultzatu nahi du bi kolektiboen artean, batetik, egungo erronkak bistaratu daitezen eta bestetik, lankidetza eraginkorrago bat sortzeko oinarriak jar daitezen, ikus-entzunezko komunikazio panorama berriaren barruan.
Klusterreko enpresak
Eikenez gainera, Klusterreko bazkide diren hainbat enpresa Ablan izango dira. Zentzu horretan, Sugar Factoryk Irungo esparrura eramango du set birtualeko maketa bat, VSN Freemove teknologiari esker kalitate handiko emaitzak eskaintzen dituena – zabaltasunik handiena ahalik eta gunerik txikienean - kostu ekonomiko oso egokian. Sugar Factoryk tresna horren frogapen bat egingo du “Exhibition Corner” izenekoan, otsailaren 3an, 11:30ean.
Bestalde, Digitalak enpresak bere 360º-ko kamerarekin egindako zenbait grabazio proiektatzeko asmoa du. Gainera, azokak irauten duen egunetako batean, Digitalak grabazio bat egingo du “in situ”, ondoren Ablan bertan proiektatzeko. Era berean, Gizer.net konpainiak bere standa izango du Ablan, non bertaratzen direnei haren produktuaren demo bat eskura jarriko zaien.
Azkenik, Jarkatza konpainiak satelite bidezko Interneteko konexio-jaurtigailua aurkezteko du, penintsulako zeinahi puntutatik sartzen uzten duena, telefono azpiegituraren eskuragarritasuna edozein dela ere. Horretarako, Jarkatzak garatu duen sistemak ASTRA eta Hispasat sateliteen sarea erabiltzen du.
Orobat, Ablan aurreikusi diren jardueren artean, horrenbeste espero den Mark Earls marketingeko adituaren esku hartzeaz gainera (HERDmeister gisa ezaguna Interneten eta gizarte sareetan), zenbait hitzaldi emango dira honako gai hauen gainean: ikus-entzunezko panorama, Interneten eragina eta gero eta handiagoa den tresna elkarraregileen erabilera.
Data:2010/01/14 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.