K 2000, Eikeneko kidea, ekoizpen etxea ESCÉPTICOS saioaren 12 atal ekoizten hasiko da, urtarrilaren 1ean ETB 2k prime-timen gizona Ilargira iritsi zenekoa zalantzan jartzen duen teoriari buruz eman zuen atal pilotuak izandako arrakasta handiaren ondoren.
Jose A. Pérezek, La 2eko CIUDAD K esketx saioaren egileak, sortu eta zuzendatutako saioa da. ESCÉPTICOS lanaren helburua, hain zuzen, gizartean gehien zabaldutako gezur azientifikorik handienak desegitea da.

Elkarrizketak, esperimentuak, dokurealityak, animazioak eta bideoklipak erabilita, zientzia eta entretenimendua uztartzen ditu saioak; zorroztasunean oinarrituta, baina, betiere, modu moderno, ausart eta atseginean. Familia osoak ikusteko modukoa da; alegia, kulturak gizartea askeago bilakatzen duelako uste osoa izanda, pentsamendu kritikoa sustatu nahi duen saioa.
Data:2011/01/21 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Europako Batzordeak i2home proiektua nabarmendu du, zeinaren helburua baita adinekoentzako eta elbarrientzako tresna domotikoak sortzea. Ingema (Matía Institutu Gerontologikoa) eta Vicomtech (Eikeneko kidea) euskal zentroek sustatu dute proiektua, beste herrialde batzuetako zenbait erakunderekin batera (esaterako, Alemaniako Siemens). Bruselako Exekutiboaren esanetan, Europako Agenda Digitalaren helburu nagusietako bat da IKTak independenteki bizitzeko zailtasunak dituzten pertsonen zerbitzura jartzea.
EBk 2,7 milioi eurorekin finantzatu du proiektua eta aukera eskaini nahi die adinekoei eta elbarriei garbigailua piztu eta programatzeko edo argiak nahiz etxeko beste edozein osagai elektroniko itzaltzeko, berogailua eta telebista barne. Horretarako, ikertzaile euskaldun, aleman, txekiar eta portugesek urruneko kontsola unibertsal baten antzeko interfaze bat garatu dute, pertsonalizatu eta ordenagailuan edo sakelakoan integratu daitekeena. Ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat ikusizko kontrolak ordezkatzen dituen ahotsezko interfaze bat diseinatu dute.
"Pozik nago, EBk finantzatutako i2home bezalako ikerketa proiektuek informazio teknologiak erabil ditzaketelako EBko herritar guztien bizitza errazteko, baita ere adinekoena, elbarriena edo ikusmen arazoak dituztenena", adierazi du Neelie Kroes, Agenda Digitalaren Batzorde Arduraduneko presidenteordeak. Ekimen honen abantaila erantsietako bat da telebista eta beste etxetresna elektriko batzuen erabilpena sinpletzen duela, horien interfazeak denborarekin konplikatu egin direlako.
i2home proiektua dagoeneko frogatu dute Txekiar Errepublikako, Alemaniako, Espainiako eta Suediako lau toki pilotutako eguneko zentro eta etxeetan, eta Europako 100 erakunde eta enpresa baino gehiagok erabiltzen dute dagoeneko i2home teknologia. Teknologia horren beste aplikazio batzuk BrainAble proiektuan erabiltzen dira. Hori ere EBk finantzatzen du eta ezgaitasunak dauzkaten pertsonei laguntzea du helburu, izan ere, gailuekin zuzenean edo zeharka duten elkarreragina hobetzen laguntzen die burmuineko sentsoreen bidez, zeintzuek pertsonen aldarteak neurtu baititzakete: asperdura, nahasmena, frustrazioa edo informazio gainkarga.
Data:2011/01/21 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eiken - Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak EikenBANK programa jarri du abian aurten ere, laugarren urtez. Programaren helburua, hain zuzen, profesionalak ez direnen talentua lortu eta enpresa mundura hurbiltzea da. Horrenbestez, urtarrilaren 15etik apirilaren 30era bitarte www.eikenbank.com webgunea zabalik egongo da, gazte sortzaileek telebista saioetarako proiektuak eta ideiak bidal ditzaten.
Programaren helburu lehena, hain zuzen, sektoreko enpresen eta gazte sortzaileen arteko elkarreragina sustatzea da; eta xede hori erdiesteko, aurreko urtearekin alderatuta, hainbat berrikuntza dakartza. Batetik, ideia onenak 2.000 euro eta 4.000 euroko balioa duen prestakuntza beka jasoko ditu; hala, ideia horren arduradunak profesionalki garatu ahal izango du bere proiektua laguntzaileak diren ekoizpen etxeetakoren batean.
Bestetik, aurreko edizioetan aurkeztutako proiektuek erakutsitako geroz eta kalitate handiagoa dela tarteko, 2.000 euroko beste bi sari ere emango zaizkie bigarren eta hirugarren tokian geratzen diren proiektuei. EikenBANKek, gainera, estatuko ikus-entzunezkoen azoka garrantzitsu batean aurkeztuko ditu bi proiektu horiek; hartara, litekeena da ekoizpen etxeren baten interesekoa izatea, eta azkenean, profesionalki ekoitzi ahal izatea.
Hiru sari nagusi horiek, ordea, ez dira bakarrak. Gainerako parte hartzaileek programan parte hartzen duten enpresekin zuzeneko “Face to Face” topaketak eduki ahal izango dituzte, eta bide horretatik, gazteen eta enpresen arteko elkarreragina sustatuko da. Ekimen honek arrakasta handia izan du aurreko edizioetan, eta hain justu, sariak banatzen diren egunean bertan egin ohi da (aurreikusita dagoenez, ekainaren lehenengo hamabostaldian izango da aurten).
Parte hartzeko sistema oso erraza da. Ikus-entzunezko proiektu original bat daukan zeinahi gazte sortzailek har dezake parte; betiere, baldin eta ez badabil lanean edo denbora luzean modu profesionalean lankidetzan sektoreko enpresaren batekin, edukien arloan. Web orri batean daude bilduta programaren oinarriak eta prozedura osoa (www.eikenbank.com), eta horren arabera dago egituratuta ekimen guztia.
Data:2011/01/19 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Datorren urtarrilaren 28an, ostiralean, "778 - La Chanson de Roland" film dokumentalaren lehen emanaldiak eskainiko dira Bilbo, Donostia, Gasteiz, Zaragoza, Bartzelona eta Madrilgo zinema aretoetan. Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko bazkide Idem euskal enpresak ekoitzi du filma, ITP, La Smac eta Modélika enpresek koproduzitu dute, eta Euskal Telebista (Eikeneko kidea ere), France Télévisions, Aragón Televisión eta Canal Historia telebista kateek parte hartu dute.
1.200 urte atzera eramango gaituen bidaia historiko zehatz honek Orreagako Guduaren egiazko historia bilatu nahi du. Filmak Karlomagnoren gudarosteak, 778. urtean, Hispanian zehar egindako kanpainaren inguruabarrak birsortzen ditu. Horretarako, Espainia, Ingalaterra, Italia eta Alemaniako aditu ezagunek parte hartu dute, gudu historikoari buruzko teoriak alderatuz eta horien gaineko xehetasunak emanez.
Alberto Rojo ekoizle exekutibosak adierazi duenez, “778 - La Chanson de Roland erreferente bat izango da Espainian, historiako dokumentalen ekoizpenari dagokionez"; izan ere, ikusleak ikus-entzunezko ikuskizun handi batez gozatuko du, egungo ezagutzen argitan iraganera eramango duena, zorroztasun historikoan eta gertaeren garaiko girotze zehatzean oinarrituta. Ekoizpenean bi indusketa arkeologiko egin dira, bat Hechon (Aragoi) eta bestea Ibañetan (Nafarroa), gertakari historikoen behin betiko frogak bilatzeko.
Data:2011/01/19 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (3):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Zinema Akademiak gaur goizean jakinarazi duen zerrendaren arabera, Eikenen bazkide den Orio enpresak koproduzitutako "Bon Appétit" filma 2011ko Goya sarietarako finalistetako bat da. Hain justu, “zuzendari berri onenaren” atalerako aukeratu dute, David Pinillosek egindako lana saritu nahian.
2011ko Goya sariak otsailaren 13an banatuko dira, Madrilgo Errege Jauregian. Honako hauek dira sari gehientsuenak irabazteko film hautagaiak: Álex de la Iglesiaren "Balada triste de trompeta” (15 izendapen); Agustí Villarongak zuzendutako “Pa negre” (14 izendapen); Icíar Bollaín-en sinadura daraman “También la lluvia” (13 izendapen); eta Rodrigo Cortés-en “Buried (Enterrado)” izenburuko bigarren film luzea (10 izendapen).
Data:2011/01/14 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (7):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.