BERRIAK

'Euskaldunen pilota jokoa' laburmetraiak FIAMP 2009 saria irabazi du bere kategorian, Ondareari buruzko Ikus-entzunezkoen Nazioarteko Jaialdian. Dokumentala Bilboko Euskal Museoaren babesean egin da, eta K 2000k, Eikeneko kidea, ekoitzi du, Kepa Junkeraren musikarekin. Lehiaketan mundu osoko kultur erakundeek sortutako lanek parte hartu dute.

Historian, artean eta ikus-entzunezkoen munduan adituak diren profesionalez osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du saria euskal dokumentalari ematea, eta otsailaren 14an Torinoko Zinema Museo Nazionalean (Italia) egin den ekitaldi batean eman du horren berri. Honako hauek izan dira haren hitzak: "Spectaculaire, hyperréaliste, convaincant. Dans le respect de son rôle de vidéo informative et pédagogique, il atteint cependant un niveau de qualité esthétique qui en fait un produit à regarder pour le pur plaisir". ("Ikusgarria, hiperrealista, konbentzigarria. Dokumentalak bere informazio eta hezkuntza eginkizuna betetzen du, eta kalitate estetiko handikoa da gainera, plazer hutsez ikusteko moduko ekoizpen bihurtzen duena".)
 
Museoen Nazioarteko Kontseiluak antolatzen duen jaialdi honen helburua ikus-entzunezkoak eta teknologia berriak garatzea da, ondare kultural eta historikoaren esparruan. Lehiaketan mundu osoko lanek parte hartzen dute, eta euskal museo batek babestutako eta Euskal Herrian eginiko lan batek irabazi du lehen aldiz.

'Euskaldunen pilota jokoa' dokumentalak pilota jokoaren bilakaera azaltzen du, XVI. mendetik gaurdaino, garaian garaiko errekreazioen bitartez, eta hainbat ikuspegitatik aztertzen du eraldaketa hori: joko motak, jokatzeko lekuak, erabilitako tresnak eta baita jokoaren beraren izaera ludikoa eta soziala ere.

Laburmetraian pilotari gazteek, promesek eta amateurrek parte hartu dute, eta pilota modalitate ugari irudikatu dituzte: esku huska, trinketea, joko luzea eta errebotea. Grabaketak hainbat lekutan egin dira: Nafarroako Arraiotz herriko belarrezko pilotalekuan, Bidarrain, Baionako San Andres trinketean, Laudioko Urkixoko Markesa pilotalekuan, Azkoitiko Oteiza pilotalekuetan eta Iruñeko Labriten. Dokumentalak pilota jokoaren ikuspegi ugari eskaintzen ditu, jokoaz aparte: partida jokatu aurreko prestaketak, beroketa ariketak eta babesak eskuetan jartzea; pilotak eskuz nola egiten diren, Donibane Lohizuneko Punpa tailerrean; partida bateko giroa, artekariak, apustuak, etab.

Dokumentala ikusgai egon da Bilboko Euskal Museoak joan den ekainean pilotari eskaini zion erakusketan. Irudien kalitateaz eta zehaztasun historikoaz gainera, aipatzekoa da ere 7x2 metroko pantaila batean ikus daitekeela.

Bilboko Euskal Museoak, hiri horretako Unamuno plazan, pilotari iaz eskaini zion erakusketaren lagin txikin bat mantentzen du oraindik, eta saritutako dokumentala ikusteko aukera eskaintzen du, besteak beste.

Data:2010/02/23 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (20):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Pásalo, K 2000-k ekoiztutako ETB2ko arratsaldeetako magazinea, ostiral honetan amaituko da (otsailaren 12), sei urteko ibilbide arrakastatsuaren ondoren. Ez alferrik, sharea %18koa izan da batez beste.

Iñaki Lopez eta Adela Gonzalezek aurkeztu duten magazinea 2004ko maiatzaren 3an eman zen lehen aldiz, eta herritarrei gehien interesatzen zaizkien gaiak aurkeztu eta eguneroko albisteak ikuspegi guztietatik aztertzea izan du eginkizun.

Arri Granados eta Iñaki Urdanpilleta arduratu dira zuzendaritzaz eta ekoizpen exekutiboaz, eta kalean hizpide direnak era entretenigarri batean lantzea izan da saioaren arrakastaren zioa. Era guztietako gaiak landu dira, bakar bati ere uko egin gabe, gaurkotasunari eta jendearen kezkei lotuak: gai politikoak, gizarte alorrekoak, ekonomikoak, kulturarekin eta kirolarekin zerikusia dutenak… entretenimendu hutsezkoak ahaztu gabe.

Pásalo, Euskal Herrian ez ezik, munduan barrena ere ibili da berri bila, hainbat herrialde eta hiritan: New Orleans, Florida, Los Angeles, Paris, Belgika, Niger, Maroko eta Kosovon, besteak beste. Asmoa berbera izan da beti: gertakizuna izan den lekura hurbildu eta albistea bertatik ematea.

Guztira 1418 saio izan dira, 3500 ordu zuzenean, 80 laguntzaile baino gehiago, 8000 erreportaje, 3000 zuzeneko konexio… Euskadiko profesional talde sendoenari esker, hamar urtez jarraian ETB2ko arratsaldeak ekoizteko kapaz izan den taldearen ahaleginari esker.

Data:2010/02/12 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak abian jarri du hirugarren urtez jarraian Euskadiko talentu ez-profesionalaren erakusleihorik handiena: EikenBANK. Batez ere, gazte ikasleentzat eginiko ekimen honek harreman zuzena bermatzen du, prestatzen ari den talentuaren eta sektoreko enpresen artean; hartara, bi taldeek jaso ditzakete sorkuntza prozesuaren onurak.

Aurreko bi aldietan egin izan den bezalaxe, EikenBANKeko arduradunek aurkezpenen egitarau zabalarekin hasi dute prestakuntza zentroetan, zinema eskoletan eta unibertsitateetan. Hitzaldi nagusia Eikeneko zuzendari Itziar Menak emango du, ikus-entzunezkoen arloko profesionalen unean uneko lankidetzarekin.

Hitzaldi horien helburua da, programan parte hartzeko hautagai nagusiak diren gazteen artean, mila lagun baino gehiago elkartzea eta beren ideiak www.eikenbank.com web orrian jartzea.
 
EikenBANK programak 4.000 euroko saria aurreikusten du ideia onenarentzat, eta, horrez gainera, herrialdeko ekoizpen etxe nagusietako batean ideia garatzeko, eta, ondoren, emateko aukera eskainiko dio. Era berean, proiektuaz arduratzen den pertsonak prestakuntza beka bat jasoko du, 4 hilabetez lana egiteko ekoizpen etxe horretan. Gainerako finalistek ere "Face to Face" topaketak izango dituzte programan laguntzen duten enpresekin, eta, horrela, gazteen eta enpresen arteko elkarrekintza bermatuko dugu.

Programaren arrakastak aurreko bi aldietan hazten joan den parte-hartzearen bermea du. EikenBANKeko lehen aldian, 2008an, 27 proiektu aurkeztu ziren, eta 2009an, berriz, kopurua 55era iritsi zen. Programaren arduradunek, emaitzak ikusita eta aurkeztutako hainbat proiektu ekoizpenaren arloan islatu direla jakinda, aurten ere parte-hartzaileen kopurua areagotzea espero dute.

Prentsa oharra

Data:2010/02/12 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Ikus-entzunezko enpresen arteko sinergiak sortzea eta berrikuntzaren alorrean emandako pausoak dira Eikenek-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, azpimarratu zituen faktoreetako bi, Ablaren hirugarren edizioa ospatu eta gero. Aurkeztutako proposamenen artean, bertaratutakoek arreta berezia eskaini zieten Digitalak-en –Eikeneko kidearen– 360º-ko kamerari, izan ere, bere teknologia berritzaileari esker, ekitaldiko puntu erakargarrienetakoa bilakatu baita.

Eikenen iritziz, Ficoban burutu zen ekitaldiak agerian utzi zuen ikus-entzunezkoen sektoreko enpresen artean elkarguneak sortzearen eta finkatzearen garrantzia. Horrela, Eikenen stand bera toki aproposa izan zen clusterreko kideen artean ezagupenak eta esperientziak trukatzeko eta, aldi berean, sektorerako garrantzitsuak diren beste talde batzuekin komunikazio bidea irekitzeko, publizitatearen sektorearekin, adibidez.                                           

Eikenen zuzendari den Itziar Menaren hitzetan, “oso garrantzitsua da komunikazioaren alorreko agente guztien arteko sinergiak aprobetxatzea, eta hau bezalako elkarguneak oso kontuan izan beharko dira, ikus-entzunezkoen negozio berriaren beharrei berme osoz aurre egin ahal izateko. Hala ere, beharrezkoa da lanean jarraitzea, ekitaldi hau, gai horrekin erlazionaturiko sektore guztien arteko harremanetarako plataforma eraginkorra izan dadin”.                      

Alderdi hori alde batera utzita, Eikenek Ablan izan zuen presentziaren balantzea positibotzat har daiteke, berrikuntzarekin erlazionaturiko jarduerei dagokienez, batez ere. Alor horretan, protagonista nagusia Digitalak enpresa eta bere 360º-ko kamera izan zen, izan ere, bertaratutako guztien arreta erakartzea lortu baitzuen. “Asteazken arratsaldez grabazioa egin genuen Ficoban bertan, eta ostegunean proiektatu genuen” –esan zigun Digitalek-eko Jasone Sisniegak. “Nabaria zen jendearen interesa eta harridura, batzuei Google "street wiew", baina mugimenduan, gogorarazten zien tresna ikusita”.                              

Oso erakargarriak izan ziren, baita ere, Sugar Factoryren eta Videoplayren proposamenak. Sugar Factoryren kasuan, enpresak, errobotizatutako kamerak erabili behar gabe bereizmen eta anplitude handiko espazio birtuala sortzeko gai zen set birtualaren maketa eraman zuen Eikeneko standera. Hurbildu ziren guztiek tokian bertan ikusi ahal izan zituzten VSN Freemove tresnan oinarritzen den sistema horren abantailak.                                                                                                                                                                                                           

Videoplayri dagokionez, 160 metro koadroko standean jendearentzako irekita zegoen unitate mugikorra instalatu zuen, mota horretako ibilgailuek nola funtzionatzen duten erakusteko. Horrela, Videoplayk zerbitzu integratuen eskaintza hurbildu zien bertaratutako guztiei. Eskaintza horren barruan daude, besteak beste, Broadcast-a, Ikus-entzunezkoak (ekipoen alokairua) eta Multimedia (komunikazioa eta kartelak), eta baita bere Garapen Sailak garatutako azken lanak ere, Telebistako Edukien Kudeaketa edo karbono aztarna murriztera bideratutako ingurumen tresna berritzailea, besteak beste.                                                                                                                                                                                                                                             

Azkenik, Eikeneko kide diren Gizer.net eta Jarkatza enpresek beraien produktuen potentzialtasuna hurbildu zieten ikusleei, internet munduarekin erlazionaturikoak, batez ere. Jarkatza konpainiak satelite bidezko Interneteko konexio-jaurtigailua aurkeztu zuen penintsulako zeinahi puntutatik sartzen uzten duena, telefono azpiegituraren eskuragarritasuna edozein dela ere. Horretarako, Jarkatzak garatu duen sistemak ASTRA eta Hispasat sateliteen sarea erabiltzen du. Gizer.net enpresa, bere aldetik “webrunner 2.0” izeneko produktua aurkeztu zuen bisitarien interesa bereganatuz. “Webrunner 2.0” press clipping digitala  eskaintzen duen tresna da.

Data:2010/02/08 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>