Eikenek komunikazio arloko laguntza eskainiko die bere enpresa bazkideei, doan, EikenPress zerbitzuaren bidez. Eskaintza horrek aukera emango die informazio edukiak lantzeko (prentsa oharrak), eduki horiek zabaltzeko eta hedabideetan izandako oihartzunaren edo eraginaren jarraipena egiteko. Elkarrizketak edo artikuluak kudeatzeko aukera ere izango dute.
Zerbitzua erabili nahi izanez gero, Klusterrari eskaria egin behar diote enpresek aldez aurretik (Zurine: webmaster@eikencluster.com), eta Eikeni aholkularitza ematen dion kanpoko komunikazio agentzia batek gauzatuko du zerbitzua. Enpresa bakoitzaren komunikazio estrategia osatzea da zerbitzu honen helburua, komunikazio ahalegin handiagoa eskatzen duten ezohiko ekimenei begira.
EikenPressen bidez, Klusterrak osatu eta sendotu egingo du bere bazkideei egiten dien balio erantsiko zerbitzuen eskaintza; zerbitzu berriaz gainera, lege aholkularitza (EikenLex) eta zaintza eta lehiakortasunerako aholkularitza (SICC-Eiken) eskaintzen zien orain arte.
Data:2011/02/28 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (4):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
SPRIk Compite programako laguntzak esleitu ditu, Klusterreko enpresa bazkide hauek aurkeztutako bost proiekturi, hain zuzen ere: Orio, Canal Bizkaia, Erabi, 3 Koma, Pausoka, Baleuko, Irusoin eta Mixer. Kasu guztietan, Eikenek proposamenak garatzeko laguntza eman du, aholkularitza estrategikoko zerbitzuaren bidez.
Eiken Advanceri loturiko proiektuetatik Compiterako bi proiektu sortu dira, eta horiez gainera izaera berritzaile eta lehiakorrari esker SPRIren babesa jaso duten ekimenak esparru hauei dagozkie: lankidetzazko edukien ekoizpen eta kudeaketa aurreratua; 3D, estereoskopian; eta denbora errealeko monitorizazioari loturiko sistemak.
"Compite" proiektu horiez gainera, SPRIk Eikenen lanari sostengua emango dio sektorearentzat oro har adierazgarriak diren beste bi ekimenetan. Alde batetik, mikroeteen lehiakortasun diagnostikoan, eta, bestetik, negozio berrien tipologiak identifikatzeko eta sektoreko datu ekonomiko adierazgarrienak biltzeko ikus-entzunezkoen euskal industriaren ikerketa xehean.
Bestalde, hilaren hasieran argitaratu zuen SPRIk 2011rako deialdia EHAAn. Deialdi horretan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea urriaren 15ean amaituko da (Internetez beste inola ezin egin daiteke eskabidea). EHAAn argitaratutako informazioa honako esteka honen bidez deskarga daiteke:
http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?c&f=20110131&a=201100483
Data:2011/02/28 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Klusterreko enpresa bazkideek Batzar Orokorra egingo dute ekaineko bigarren hamabostaldian, eta Eikeneko Zuzendaritza Batzordea berritzeko bozketa egingo da batzar horretan. Entitatearen estatutuetan ezarritakoaren arabera, aurten amaituko da gaur egungo Zuzendaritzaren agintaldia eta, ohi den moduan, Batzarrean gauzatuko da berritze prozesua.

Datozen hilabetetan, Klusterrak Zuzendaritza Batzordearen berrikuntzari buruzko informazio gehiago emango du, baita prozesuaren hurrenez hurreneko urratsen berri ere. Era berean, Eikenek bere enpresa bazkideen zerbitzura jardungo du, gai honi buruzko zalantzak argitu eta galderei erantzunez.
Data:2011/02/28 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Aurreko otsailaren 11n, "Genero berdintasuna eraikitzen" jardunaldia egin zen Bilboko Euskalduna Jauregian. Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bilboko Udalak eta BBKak antolatutako ekimena izan zen, eta Eikeneko zuzendari Itziar Menak aurkeztu zituen bezperan eraikin berean egindako “world café” ekimeneko lan taldeen ondorioak; lan talde horietan, herritarrek gizon-emakumeen arteko berdintasunari buruz planteatutako kezkak izan zituzten aztergai.

Foro horretan parte hartuz, alderdi ekonomikoari nahiz antolakuntzaren alderdiari begira gizarte garapenaren alde bere gain hartua duen konpromisoan urrats bat aurrera egin du Eikenek. Hain zuzen ere, Klusterreko zuzendaria izan zen lan taldeak dinamizatzen aritu ziren 5 lagunetako bat; eta hainbat entitatetako 41 zuzendarik parte hartu zuten eztabaidetan, besteak beste Karmelo Vivancok (Baleuko).
Herritarrek inkesta anonimoetan eta, beraz, zentsurarik gabe aditzera emandako kezkei buruzko eztabaida egin zuten. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, azpimarratzekoa da gizonek gero eta interes handiagoa dutela era honetako ekimenetan parte hatzeko; hain zuzen ere, gizonezkoen iritziak izan dira iritzi guztien %20 baino gehiago.
Informazio gehiago: www.generoberdintasuna.com
Data:2011/02/28 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Bizkaiko Foru Aldundiak deialdia egin dio Eikeni, sektoreko beste eragile batzuekin batera, Aldundiak ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko abian jarriko dituen laguntza ildo berriak garatzen parte har dezan. Hain zuzen ere, Aldundiak euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko hobekuntzak ezartzearen alde egina duen apustuaren emaitza da ekimen hau, Aldundiko kultura arloko arduradunekin berriki egindako topaketa batean abian jarria.
Aldundiko arduradunek erabateko prestutasuna adierazi zuten sektoreari ematen dioten laguntza areagotzeko, ez soilik kulturaren ikuspegitik, baita ikuspegi ekonomikotik ere. Hala, Berrikuntza eta Ekonomia Sustapeneko ahaldun Iñaki Hidalgorekin bilera bat egitea erabaki zen, sektorearen egoera aztertzeko, estrategiak bateratzeko eta enpresa ikuspegitik sendotze ekimenak abian jartzeko.
Data:2011/02/28 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eiken arduratuko da Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Berrikuntza Sailburuordetzaren ekimenez bideo-jokoen sektoreari begira abian jarri nahi dituen laguntza ekintzak dinamizatzeaz eta koordinatzeaz. Sektore arteko bilera batean hartu zen erabaki hori, otsailaren 23an, eta bideo-jokoen arloan Eikenek landutako estrategia sendotzeko aukera emango du; garrantzi handiko ardura izango da, arlo hori baita ikus-entzunezkoen sektorea eraldatzeko negozio-aukera nagusietakoa Kluseterraren iritzian.
Sektore arteko bilera hartan, Eikeneko eta Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzako arduradun nagusiez gainera, bideo-jokoen esparruarekin lotura duten beste entitate batzuetako ordezkariek ere parte hartu zuten, hala nola Gaia klusterrekoek eta Digipenekoek; Gamerland eta Euskal Encounter ekitaldi espezializatuen sustatzaileek; jarduera horretan diharduten euskal enpresetako ordezkariek; eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailekoek.
Eikenek bereziki azpimarratu zuen sektorearen azterketan eta ikerketan Klusterrak dagoeneko egindako lana, Eiken Advance ekimenaren bitartez bideratua eta Eiken Gaming proiektua abian jartzeko bidea eman duena.
Data:2011/02/28 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Aurreko otsailaren 16an PIAren Donostiako instalazioak inauguratu zituzten. Donostiako Udala izan da proiektuaren aitzindaria, Donostiako Sustapen erakundearen bidez. Poloko eragileen taldeko kidea da Eiken, eta ekimen hau ikus-entzunezkoen euskal industria sendotzeko lagungarria izango den uste osoa du, batez ere, garai zail hauetan.
PIA bi eraikin berrik osatua da; eraikin horietan hirurogei enpresatik gora bildu nahi dituzte, ikus-entzunezkoak, multimedia materialak eta eduki digitalak lantzen dihardutenak. Abangoardiako espazio berritzailea izan nahi du, ikus-entzunezko enpresei lehiakortasunerako beharrezko baldintzak eskainiko dizkiena.
Ekimen honetarako 23 milioi euroko inbertsioa egin behar izan da, eta Udalak, Industria Ministerioak (Avanza planaren bidez) eta Lurralde Politika eta Administrazio Ministerioak (E planaren bidez) finantzatu dute. PIAk jakinarazi duenez, lokalen %30 dituzte dagoeneko alokatuta, eta beste %50 alokatzeko izapideak egiten ari dira. Urte amaierarako %60 beteta edukiko dute, aurreikuspenen arabera.
Data:2011/02/28 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
"Las Catedrales del Vino", Eterio Ortegak zuzendu eta Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko kidea den Idem euskal konpainiak Andaluziako Cedecom konpainiarekin batera koproduzitutako film luze dokumentala, otsailaren 25ean, ostirala, estreinatuko dute Bilboko (Multis), Gasteizko (Florida) eta Bartzelonako (Alexandra) zinema aretoetan, Barton Films banatzailearen esku. Martxoaren 4an, ostirala, Logroñon ere estreinatuko da (Moderno zinema aretoan). Euskal Telebistak (Eikeneko kidea) eta Canal Sur-ek ere parte hartu dute lanean.
"Las Catedrales del Vino" urtebetean grabatutako dokumentala da: udaberriko lehen eguzki printzekin hasi eta udazkeneko mahats-bilketa eta neguko inausaldira arte. Oso bestelakoak diren bi ardo mota eta kultura irudikatzen dituzten bi eskualdetan biltzen diren paisaiak, arkitekturak eta pertsonak erretratatzen ditu; alegia, Errioxa eta Jerezkoak.
Pertsonaia errealak aurkezten dizkigu filmak, baina muntatze lanean euren eguneroko jarduerak gurutzatu egiten dira. Hartara, ardoaren munduaren ikuspegi orokor eta sakona eskaintzen digu. Euren artean oso pertsona desberdinak dira, baina lanbideagatik duten pasioak batzen ditu, eta horri esker, ikus-entzuleok ardoaren kultura ezagutzeko parada izango dugu.
Upategiak denboraren joanaren lekuko isilak dira, barrika eta botila barnean ardo moduan harrapaturik doanarenak; baina, ororen gainetik, jarduera biziko fabrikak dira. Eta nahiz eta beren arkitekturak hainbat ardogintza teknikaren ispilu izan, batzuetan, forma artistikoak izaten dituzte, ospe sinbolo moduan, eta horregatik merezi dute "Catedrales del Vino" (“Ardoaren Katedralak”) deitura.
Informazio gehiago: www.lascatedralesdelvino.com
Data:2011/02/23 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Pa negre izan da ezusteko nagusia aurten Goya sarietan. Agusti Villarongak zuzendutako lanak 9 goya jaso ditu, Balada triste de trompeta (2) eta También la lluvia (3) faboritoen aurretik geldituta. Buried filmak hiru sari jaso ditu.
Agusti Villarongak zuzendutako lanak irabazi du Pelikula Onenaren Goya Saria, baita Zuzendari Onenarena ere. Gainera, Marina Comas eta Francesc Colomer aktoreek Emakumezko eta Gizonezko Aktore Berri Onenarenak lortu dituzte. Laia Marullek falta zitzaion Goya irabazi du, Bigarren Emakumezko Aktore Onenarena. Gainera, Nora Navasek Emakumezko Aktore Onenaren Goya bereganatu du.
Javier Bardemek pronostiko guztiak bete ditu eta Gizonezko Aktore Onenaren Saria irabazi du.
'Sinde legea' izenaz ezagutu denaren inguruko polemika oraindik baretu ez bada ere, Kultura ministroa, Ángeles Gonzalez-Sinde, Akademiako zuzendariaren, Alex de la Iglesiasen, eskutik sartu zen bart Goya Sariak banatzeko ekitaldia hartu zuen antzokira. Gero, diskurtsoan, "internet gure zinemaren salbatzailea" dela esan zuen. Kanpoaldean ehunka lagun bildu ziren, Anonymous elkarteak deituta, lege berriaren aurka protesta egiteko.
Galaren unerik hunkigarrienak Pascal Maragallek Bicicleta, cullera, poma (Bizikleta, koilara, sagarra) lanagatik Dokumental Onenaren Goya jasotzera igo zenean izan ziren.
Euskal zinemak hainbat sari jaso zituen. Karra Elejalde izan zen Goya saria jasotzen lehena Bigarren Gizonezko Aktore Onenarena hartuta, También la lluvia pelikulan egindako lanagatik. Alberto Iglesiasek ere lan horretarako sortutako musikagatik jaso zuen Jatorrizko Musika Onenaren saria. Maria Reyes Arias gipuzkoarrak Fikziozko Film Labur Onenaren Goya saria irabazi zuen Una cada de botones film laburrarekin.
Gainera, David Pinillosek Zuzendari Berri Onenaren Saria irabazi zuen Bon Appetit lanari esker. Film hau Eikeneko kidea den Orio Produkzioak ko-produzitu du.
Data:2011/02/14 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Irusoin ekoiztetxea, Eikenen kidea, otsailaren 21ean hasiko da, ETB, Eikenen kidea, eta TVEren laguntza duen film-luzearen errodaiarekin.
Euskaraz idatzitako komedia beltz bat da, Telmo Esnal eta Asier Altunak zuzendua. Bertan, Joxemariren istorioa kontatzen zaigu, zeinak familia jasaten ari den hondatzearen aurrean, bere amaginarreba zaharren-egoitza batean sartzea erabakitzen duen, bere emazte Maritxuren ezkutuan (Mariren alaba). Horretarako, Kintxo bere suhiaren "laguntza" izango du. Amona Marik, ALZEHIMERra duela dirudi, baina soilik dirudi. Oso konsziente da, berarekin egin dutenaz eta ez dio Kintxori egindakoa barkatuko, bere aurka jarriz. Istorio honek, ustekabeko ondorioz betetako duelu batera eramango gaitu.
"Urteberrion, Amona!"-k, aktore kontsolidatuen parte-hartzea izango du, besteak beste, Josean Bengoetxea KINTXOren paprerean, Nagore Aranburu MIREN bezala, Kontxu Odriozola Maritxu izango da, Montserrat Carullak Amona Maria interpretatuko du eta Pedro Otaegi izango JOXEMARIri bizia emango diona.
Gainera, Irusoin produkzio-etxeak "80 egunean” film luzea estreinatuko du martxoaren 4an Norvegiako zinema-aretoetan. Moriartirekin elkarlanean ekoiztutako filmak, ETBren partaidetza dauka. Estreinaldia, 15 herrialdetan egingo da, euskaraz, jatorrizko bertsioan. Duela gutxi film luze honek, Tarapacáko (Chile) Nazioarteko Jaialdian film onenaren saria jaso zuen eta momentu honetan nazioarteko hainbat jaialditan parte hartzen ari da.
Data:2011/02/07 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (ISEB) EHAAn argitaratu berri du Compite Programaren laguntzak eta diru laguntzak jasotzeko azken deialdia. Laguntza horiek eskuratu nahi dituzten enpresek 2011ko urriaren 15era arteko epea dute euren proiektuak aurkezteko (non eta ez den kreditua lehenago amaitzen); bitarteko eragileek, berriz, martxoaren 2a izango dute azken eguna.
Compite Programaren helburua, hain zuzen, lehiakortasuna hobetzeko enpresa prozesuak gauzatzea da; izan lankidetzan, izan banaka. Diru laguntzaren ehunekoa %50era artekoa izan daiteke: banakako proiektuentzat, gehienez ere, 75.000 euro; lankidetzan egindako proiektuentzat, berriz, 250.000 euro (kasu honetan, lankidetzan egindako proiektuko kide bakoitzak 90.000 euro jasoko lituzke).
2010eko ekitaldiari dagokion laguntza deialdian, Eikenek eta bere kide diren enpresek 5 proiektu aurkeztu zituzten, eta guztiak onartu zituzten programan. Eiken izan zen, hain zuzen, bitarteko eragilea; baina honako enpresa hauek aurkeztu zituzten euren proiektuak 2010eko deialdian: Orio, Canal Bizkaia, Hamaika Telebista, Erabi, 3 Koma, Pausoka, Baleuko, Irusoin eta Mixerrek.
Internet bidez eta soil-soilik bide horretatik egin ahal izango dira aurtengo deialdirako eskaerak. Laguntza erregimena, bestalde, 2013ko urriaren 15era arte egongo da indarrean. EHAAn argitaratutako informazio guztia jaisteko, esteka honetan klikatu beharko da:
http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?c&f=20110131&a=201100483
Data:2011/02/02 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Urtarril amaieran, hainbat topaketa egin ziren Ekoeuskadi 2020 / Euskadiko Garapen Iraunkorrerako Estrategia programaren esparruan. Deustuko (Bilbo) Unibertsitateko KRAI Liburutegian egin zen bileran parte hartu zuen Eikenek. Euskal sistema sozioekonomikoari proposamenak egitea zen helburu nagusia, hurrengo hamarkadan ere bere iraunkortasuna bermatze aldera.
Informazio gehiago: www.ecoeuskadi2020.net
Data:2011/02/02 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Urtarrilaren 27an, Ikus-entzunezkoen Berrikuntza Poloaren Parte-hartze Foroak aldian-aldian egiten dituen bileretako bat egin zuen Donostian. Bertan, Eikenek parte hartu zuen Parte-hartze Foroaren kideetako bat denez. Eguneko gai zerrendan, honako puntu hauek landu zituzten: sartu diren enpresa berriak (Tecnalia), 2010eko jardueren eta 2011ko proiektuen balantzea, ikus-entzunezkoen sektorearen testuinguruari buruzko txostena eta Fernando Labradak emandako hitzaldi labur bat (“Joera berriak: Media hiriak”). Azkenik, parte-hartzaileek ikustaldia egin ahal izan zuten eraikinean barrena.

Data:2011/02/02 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eikenek, 2011tik aurrera Etxepare Institutoarekin lankidetzan, ekimen ezberdinak abian jarri ditu nazioarteko merkatuetan euskal ikus-entzunezko sektorearen presentzia sendotzeko. Hain zuzen ere, momentu honetan MIPTVrako egitaraua zehazten ari da. Merkatu hau, Basque Audiovisualeko stand-aren bitartez euskal ikus-entzunezko industria presente egongo den lehenengo azoka izango da.
Aurreko urteetan bezala, Eikenek sektoreko enpresen informazioarekin osatutako produktuen katalogo bat eskeiniko die Basque Audiovisualeko stand-era bertaratzen diren enpresei. Katalogo hau MIPTVra joango diren enpresetaz eta joango ez direnak baina agertu nahi diren enpresetaz osatuta egongo da.

Basque Audiovisual hiru merkatuetan parte hartuko du: MIPTV (apirilaren 4tik 7ra), Sunny Side oh the Dock (ekainaren 21etik 24ra) eta MIPCOM (urriaren 3tik 6ra). Eikenekin batera, Eusko Jaurlaritzak Etxepare Institutoaren bitartez parte hartzen du ikus-entzunezko sektorea bultzatzeko. 2011tik aurrera, Etxepare Institutoak Niniak programa bere gain hartzen du.
Informazio gehiago: www.basqueaudiovisual.com
Data:2011/02/02 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eiken buru-belarri dabil 2015eko Zientzia eta Teknologia Planean txertatzeko proposamenak eta ekimenak garatzeko lanean. Eusko Jaurlaritzak gidatutako prozesu honek Sustapen Foroaren esparruan onartutako konpromisoei erantzun nahi die. Foroaren helburua, hain zuzen, euskal eragile ekonomiko nagusiak mugiaraztea da, arlo honetan 2015. urtera arteko “ibilbide orria” sortzeko asmoz.
Abenduaren 10ean, Sustapen Foroaren lehenengo bilera egin zen BECen. Bertan, Eikenek ez ezik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile guztiek ere parte hartu zuten. Lan Dokumentu baten bitartez (hemen ikus daiteke), parte-hartzaileek aurretiazko helburu eta estrategiak ezagutu ahal izan zituzten; alegia, Foroko parte-hartzaileek aztertu eta aintzat hartu beharrekoak.
Berandu baino lehen jakinaraziko dira bilera horretan landutako ideiak eta ateratako ondorioak, eta hurrengo pausoak ematen hasi aurretik, parte-hartzaile guztien artean banatuko dira. Era berean, Eusko Jaurlaritzak parte hartzeko kanpoko zenbait kanal ditu aktibo (blogak), zeinahi eragilek ideiak edo iradokizunak eman ditzan.
Data:2011/02/02 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (5):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eiken - Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra izango da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 2010-13ko Lehiakortasun Plana bideratzeko eta dinamizatzeko izendatutako eragile aktiboetako bat.
Urtarrilaren 26an euskal kluster nagusien arduradunekin egindako bilera batean, Bernabé Unda sailburuak zalantzazko ekonomia orokorraren testuinguruan euskal industriaren gaitasun berritzailea sustatu eta abangoardia postuan jartzeko helburua duen ekimen berri honen ideia nagusiak aurkeztu zituen.
Sailburuak berak bileran adierazi zuenaren arabera, sailak klusterrengan du konfiantza, ekimen hau elkarte horietan ordezkatuta dauden herrialdeko sektore estrategikoetara helarazteko. Proiektu hau garatzeko, orotara, 11.000 milioi euro mugituko dira, funts publiko zein pribatuak barne hartuta.
Planaren xedea, hain justu, Euskadi lehiakor eta iraunkorra lortzea da; betiere, iraunkortasuna bere hiru osagaien arabera ulertuta: ekonomikoa, gizartearena eta ingurumenarena. Horretarako, dokumentuak hiru ardatz estrategiko ditu: lehenengoak ekonomia irekia bilatzen du; bigarrena, ekonomia berritzaile, ekintzaile eta teknologiari begira aurreratuaren bila dabil; hirugarrenak, berriz, ekonomia iraunkorra du helburu.
Zehatz-mehatz hemen ikus daiteke Plana.
Data:2011/02/02 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.