Signo Digital enpresaren –EIKENeko bazkidea– "Tener el corazón en el lugar equivocado" film laburra Malagako Zinemaldian parte hartzeko aukeratu dute. 17 minutu bakarrik iraun arren, Josu Venero zuzendariaren lanak dokumentalen sailean parte hartuko du, antolatzaileek balio dokumentala kontuan hartu baitute, metrajearen gainetik.
"Tener el corazón en el lugar equivocado" lanak ibilbide arrakastatsua izan du: Zinebin parte hartu zuen, Goya sarietarako lehen hautaketan aukeratua izan zen, eta, orain, apirilaren 17tik 24ra Malagan egingo den zinemaldiko sail ofizialean izango da. Josu Venero zuzendariak, Signo Digital – Art Frame konpainiako arduradun ere badenak, esperientzia handia du dokumentalen eremuan, 25 lan baino gehiago zuzendu baititu.
Film laburra Malagako Zinemaldiaren lehen egunean emango dute. Lanak José Antonio Sistiaga gipuzkoar artistaren sormen prozesua erakusten du. Sistiagak pelikulak margotzen ditu, fotogramaz fotograma, oihalak izango balira bezala, eta film labur honi esker, ikusleek artistaren lana ezagutu dezakete. Dokumentala 2009an egin zuten; 35 mm-tan grabatu zuten, Ziburuko, Donostiako eta Parisko zenbait tokitan. Musika Wim Mertens belgikar musikagilearena da.
Data:2010/03/29 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Apirilaren 8an (osteguna), Madrilgo Círculo de Bellas Artes-eko Cine Estudio-n, Idem (EIKENen bazkidea) eta Cedecom ekoizpen-etxeek ekoitzitako “Las Catedrales del Vino” dokumentalaren lehen estreinaldia egingo da. Eterio Ortega Santillanak zuzendu du dokumentala eta Canal Sur eta ETBren (Eikeneko kidea) laguntza izan du.
"Las Catedrales del Vino" sormen handiko lan bat da, tradizio handiko bi eskualdetako ardogintza, Errioxa eta Xerez, protagonisten bidez erakusten duena. Hamabi pertsonak barren-barrenetik bizi duten jarduera baten berri ematen dute dokumentalean zehar.
Aurkezpena eguerdiko 12:00etan egingo da, eta Eterio Ortega Santillana zuzendaria izango da ekitaldian. Proiekzioa amaitzean, dokumentalean agertzen diren ardotegietako ardoen dasta egiteko aukera izango dute ikusleek.
Data:2010/03/29 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
EIKEN-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko Zuzendaritza Batzordeak honako hau adierazi nahi du 2010eko martxoaren 22an, astelehena, Vértice 360º enpresako arduradunekin izandako bileraren ostean:
EIKENek, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi ditu Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko kideekin eragiketa baten xehetasunak partekatzeko agertu den jarreragatik, hau da, Euskal Herriko Arrisku Kapitaleko Sozietatearen sarrera aipatu enpresaren akziodunen taldean, horrek ziurgabetasun handia sortu baitu euskal ikus-entzunezkoen arloan.
EIKENek iritziz, mota horretako inbertsio publiko batek errotiko eredu aldaketa dakar euskal ikus-entzunezkoen sektorera. Zentzu horretan, EIKENentzat funtsezkoa da sektorearen dinamizazio aurreikuspenek, aipatu inbertsioaren justifikazio gisa Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak planteatuak, isla eraginkor eta berehalakoa izan dezaten Euskadiko ikus-entzunezkoen kolektiboan.
EIKENek adierazi nahi du, hala ere, orain arte jasotako datuak ez direla nahikoak eragiketa garrantzitsu hau behar bezala aztertu eta modu egokian ebaluatu ahal izateko.
EIKENen iritziz, gainera, aurrekoaren kaltetan izan gabe, Industria Sailak egindako inbertsioak ezin du gertakari isolatu bat izan, hau da, euskal ikus-entzunezko enpresen babeserako estrategia publikoaren lehen urratsa izan behar du.
EIKENek adierazi nahi du erakundeen azterketa zorrotzean oinarritutako inbertsioa izango delakoan dagoela eta herrialdeko enpresak sendotzeko balioko duela; era berean, saihestu egingo dela erabakiak hartzeko prozesua eta jarduera produktiboa Euskal Herriko kanpoko merkatuetara eramatea.
EIKENek, azkenik, enpresa multzoarekiko duen konpromisoa azpimarratu nahi du berriz ere, eta elkarrizketarako duen gaitasuna eta bere eskarmentua eskaintzen du euskal ikus-entzunezkoen sektorea tartean dauden eragile guztiek hitzartutako eredu batean oinarrituz garatu dadin.
Data:2010/03/22 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Europako Multimedia Foroak eta GAIAk (EAEko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioaren klusterra) Bikaintasunaren Europako Ziurtagiria eman diote Gizer.net enpresari, Eikeneko kidea. Ziurtagiria jasotzeko ekitaldia Hannoverko (Alemania) CeBIT azokan egin zen, eta Europako 33 enpresa saritu zituzten bertan.
2003az geroztik, Bikaintasunaren Europako Ziurtagiria ematen zaie teknologia berrien eremuan produktu eta zerbitzu berritzaileak sortzen dituzten enpresei: Webrunner 2.0 eta ACCE aplikazioak, Gizer.net-en kasuan.
Webrunner 2.0 berriaren bitartez, marka, produktu eta nortasunen jarraipena egin daiteke Interneten, eta askoz denbora gutxiago erabiltzen da bilaketan, web 2.0 ingurune osoa integratzen duelako tresna bakarrean, albisteak, blogak, foroak eta ingurune sozialak barne. Gainera, lanak errazten ditu zaintza teknologiko edo press clipping digitalean, denbora errealean.
Enpresa batentzat beharrezkoa da jakitea zer esaten den Interneten berari eta bere produktuei buruz, eta Webrunner 2.0 baliabide egokia da horretarako. Quor 2.0 enpresarekin elkarlanean sortutako tresna bat da (online ospeari lotutako ikerkuntzan eta kudeaketan diharduen enpresa).
Bestetik, ACCE ikus-entzunezkoen munduan eta hainbat ingurunetan interaktibitatea lantzen duen tresna multzo bat da. Baliabide honen bidez, besteak beste, ikus-entzunezko erabilerraz eta eleanitzak sar daitezke Web ingurunean eta hezkuntzan. Adibidez, irakasleek ariketa interaktiboak egin ditzakete bideoekin edo audioekin ikasgelan, eta ikasleek formatu honetan ere entrega ditzakete beren lanak eta ariketak, ohiko jarduerak gaur egungo 2.0 eskola berrian.
ACCE teknologiaren bidez, erabilerraztasun elementuak (azpitituluak, audiodeskripzioa eta zeinuen hizkuntza) eransten dizkie erraz edozein erabiltzailek bere bideoei.
Gizer.net Bizkaiko enpresa bat da, eta erabilera orokorreko soluzio eta zerbitzu teknologikoak eskaintzen dizkio gizarteari. 5 urtetik gorako eskarmentuarekin enpresentzako Web inguruneen garapenean, proiektu ugari lantzen ditu ere beste hainbat alorretan: multimedia, hezkuntza, erabilerraztasuna eta ikus-entzunezkoak.
Data:2010/03/12 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Elkarteak Madrilgo Vértice 360º enpresan 3,5 milioi euro inbertitzeko asmoak zalantzak sortu ditu Euskadiko ikus-entzunezkoen zenbait sektoretan, eta horri dagokionez, EIKEN – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak honako hau adierazi nahi du:
- EIKENek, 44 euskal enpresek osatutako ikus-entzunezkoen klusterrak, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorean sortutako kezka ulertzen du eta bere egiten du, eta gai horren gaineko ahalik eta informazio zehatzena eskuratzeko lan egiteko konpromisoa hartuko du. EIKENeko Zuzendaritza Batzordeak beharrezko kudeaketa eta bilera guztiak egingo ditu bazkideak eta, oro har, sektorea jakinaren gainean egon daitezen –esaterako, atzo, martxoaren 3a, Industria Saileko arduradunekin bildu zen–.
- EIKENen ustez, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreak inbertsio publiko handia eta jarraitua behar du, herrialdean aberastasuna eta enplegua sortzen dituen industria estrategikoa baita. Hala bada, ez du uste Vértice 360º enpresan egindako inbertsio publikoa sektore osoarekin zerikusirik ez duen gertaera isolatu bat izan daitekeenik; aitzitik, esku-hartze horrekin batera Euskadiko industriaren aldeko beste neurri instituzional batzuk ere egin behar direla edo egin daitezkeela uste du.
- EIKENek esku-hartze publiko mota horiek Euskadiko ikus-entzunezkoen sektore osoaren gaitasuna hobetzea eta indartzea nahi du, eta, honako hau eskatzen dio euskal administrazioari: oraingo honetan egin duen bezalaxe, Euskadiko ikus-entzunezkoen enpresetan edo Klusterrean bertan sortutako ekimenak babesten jarrai dezala.
- EIKEN prest dago Industria Sailarekin edozein eremutan lankidetzan aritzeko, baita sektorearen etorkizun industriala bermatuko duen ikus-entzunezkoen negozio eredu berria ezartzearen alde lan egiteko ere.
- Azkenik, EIKENek euskal administrazioari proposatu nahi dio euskal erakunde publikoek ikus-entzunezkoen sektorearekin duten konpromisoa finkatuko duen epe luzerako estrategia gara dezala, esku-hartze hori abiapuntu hartuta.
Data:2010/03/04 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Etorkizuneko profesionalen profila ezagutzearren, Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak txosten bat egin du, zenbait enpresa bazkideren artean, eta Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreak sormen handiko pertsonak eskatzen dituela izan da ondorio nagusia. Txosten hori martxoaren 2an aurkeztu zuen Klusterreko zuzendari Itziar Menak, Lan Ekintza-Bilbaok antolatutako jardunaldi berezituan.
"Nuevos perfiles profesionales en nuevos escenarios económicos. Una aproximación a las tendencias del mercado de trabajo" (Profil profesional berriak egoera ekonomiko berrietan. Lan merkatuko joeretara hurbilketa) izenburupean, Lan Ekintza – Bilbaok hainbat sektoretako lan merkatuaren lerro nagusiak ezagutarazi nahi ditu, interesdunek eskura izan ditzaten lana lortzea bermatuko dieten gakoak.
Itziar Menak ikus-entzunezkoen sektorearen egoeraren berri eman zien jardunaldietan izan zirenei, eta ikus-entzunezkoen sektorean lan egin nahi duten pertsonek izan behar dituzten oinarrizko ezaugarriak azaldu zituen. Sormena da enpresek gehien balioesten duten ezaugarria, profil teknikoen eskaintza handiagoa baita. Era berean, gero eta garrantzitsuagoa da hiru hizkuntza jakitea (euskara, gaztelania eta ingelesa).
Eikenekin batera, Osasuneko eta Ingurumeneko ekoizpen sektoreetako arduradunak ere bertan izan ziren. Hala bada, Itziar Menak ez ezik, Mikel Álvarezek, Mondragon Health taldeko zuzendari nagusiak, eta Mónica Mosok, ACLIMA – Euskadiko Ingurumeneko Klusterreko zuzendariak, ere parte hartu zuten hitzaldietan.
Informazio gehiago www.bilbao.net/lanekintza web orrian.
Data:2010/03/04 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak SPRIren enpresentzako Laguntza Programen arduradunak bildu zituen martxoaren 1ean Zamudioko Parke Teknologikoan izandako bileran. Topaketa Klusterreko enpresa bazkideentzat bakarrik antolatu zuen, eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren laguntza programen berrikuntzei buruzko zuzeneko informazioa –ikus-entzunezkoen sektorearen berariazko informazioa¬¬– jaso ahal izan zuten bertan.
Berrikuntza Saileko Alberto Méndez jaunak aurkeztu zuen ekitaldia, eta honako hauek parte hartu zuten: Alberto Fenándezek, I+G+B teknologikoaren aldeko programen arduradunak; Javier Mugikak, KZ-Lankidetza programaren arduradunak; Marian Gabilondok, Miramon Enpresa Digitaleko koordinatzaileak; Josu Ocarizek, Enpresen Eraldaketaren aldeko Aldatu programen arduradunak; Imanol Cuétarak, Enpresen Garapenaren aldeko Gauzatu programen arduradunak; eta Aitor Cobanerak, Compite programaren koordinatzaileak.
Bi ordutik gorako bileran ikus-entzunezkoen negozioaren zenbait berariazko ezaugarri azaldu zituzten, baita eskaera jakin batzuk programa bakoitzera egokitzeko zenbait gako ere. Laguntzarako ekimen bakoitzaren aurkezpen laburra entzun ostean, bildutakoek laguntzak jasotzeko prozedurari buruzko zalantzak argitzeko aukera izan zuten.
SPRI programak
Eikenek bazkideentzako antolatutako jardunaldiak lotura zuzena du SPRIk sustatzen dituen programekin. Horiek eragin zuzena izan dezakete ikus-entzunezkoen alorrean. Hala bada, KZ-Lankidetzak IKTen erabilpena faboratzea du helburu, eta lankidetza proiektuak sustatzen ditu horretarako; Gauzatuk Oinarri Teknologiko edo/eta Berritzaileko ETEen sorrera eta garapena sustatu nahi ditu, eta enplegua sortzeko inbertsioen alde egiten du horretarako. Enpresa Digitalak ere eremu horretan jarduten du, eta enpresen alorreko Informazioaren Gizartearen garapena faboratu nahi du.
Aldatu programak berrikuntza bikaineko proiektuak gauzatzea sustatzen du, nagusiki, eta horretarako, enpresen lehiakortasuna hobetuko duten ekimen guztiei ematen die diru laguntza. Lehiakortasunaren hobekuntza hori bera da I+G+B teknologikorako laguntza programaren oinarria, eta programaren helburua produktuak eta prozesuak hobetzea edo berriak sortzea da.
Azkenik, “Compite” planak banakako programak eskaintzen ditu; programa horiek enpresen hazkuntza, nazioartekotzea, sustapen ekonomikoa, berrikuntza eta teknologia izaten dituzte helburu, baita informazioaren teknologia berriak ere.
Laguntzei buruzko informazio gehiago www.spri.es web orrian.
Data:2010/03/03 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.