Datorren larunbatean, maiatzaren 2an, (Eikenen bazkide) "Pintxos" saioa estreinatuko du ETBk bigarren katean. 3 Koma etxeak (Eikenen bazkide) ekoitzi du gastronomiari buruzko saio hau, EikenBANKen lehenengo emanaldiko irabazle Alazne Páramoren proiektua oinarri hartuta.
Euskal Telebistak dena prest du 3Komaren (“El coro de la cárcel, “El calendario del año”…) saio berria, “Pintxos” saioa, estreinatzeko. Hala, larunbatero, pintxo jana egitera gonbidatuko gaituzte, beren taberna kutunak erakutsiko dizkiguten euskaldun ospetsuen laguntzaz. Ideia Alazne Páramo bilbotarrarena da; hain zuzen ere, telebista lehiaketa baterako proiektua (“¡Qué tendrá el pintxo!”) aurkeztu zuen berak EikenBANKen lehenengo emanaldian, eta hautatu egin zuten.
EikenBANK ekimena Klusterreko enpresek bideratzen dute, honako xede nagusi honekin: profesional gisa ari ez diren gazte sortzaileen talentua eta ikus-entzunezkoen sektoreko enpresak uztartzea, lankidetza horren bidez euskal ikus-entzunezkoen arloan proiektu lehiakorrak sortzeari begira. Ildo horretatik, lehenengo irabazleak aukera izan du 3Koman jarduteko eta bere ideiaren egokitzapenean parte hartzeko; izan ere, jatorrizko ideia lehiaketa baterako zen, eta behin betiko formatua gastronomia saioen esparruko denbora-pasarako formatu gisa plazaratuko dute.
Astero-astero, “Pintxos” saioa kalera aterako da, Euskadiko herri eta hirietako pintxorik bikainenen bila, betiere tradizioa eta berrikuntza uztartuta. Miniaturazko gure sukaldaritzaren sekretu ezkutuak erakutsiko dizkigute, eta aukera izango dugu ahamen bakarrean goza daitezkeen errezeta bikainak ezagutzeko. Hala, saioz saio, Euskadiko pintxorik onenen berri jaso eta, amaierarako, pintxo ibilbide “zaporetsuenen” mapa osatuta izango dugu.
Honako hauek dira lehenengo lau saioetako gonbidatuak: Peio Ruiz Cabestany txirrindularia (Donostiako Alde Zaharreko pintxoak); Toti Martinez de Lezea idazlea (Gasteizko Alde Zaharreko pintxoak); Barricada taldeko gitarrista Alfredo Piedrafita eta haren semea, Iker Piedrafita, Dikers taldeko abeslaria (Iruñeko pintxoak); eta Ion Fiz diseinatzailea (Bilboko Indautxu inguruko pintxoak).
EikenBANK 2009
Hain zuzen ere, apirilaren 30ean amaitu zen EikenBANK programaren bigarren emanaldirako proiektuak aurkezteko epea. Aurten, 50 proiektu aurkeztu dituzte; 2008an, aldiz, 27 izan ziren. Parte-hartzaile gehienak Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteak dira, eta orotariko ideiak aurkeztu dituzte: lehiaketak, telebista saioak, film laburrak nahiz luzeak nahiz telesailak. Orain, epaimahaiari dagokio proiekturik onena aukeratu eta ekainean bere erabakiaren berri iragartzea; epaimahaia proiektuaren partaide diren enpresetako kideek osatuko dute (3Koma, Baleuko, Canal Bizkaia, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K2000, Orio Produkzioak eta Pausoka).
Data:2009/04/30 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko kideek apirilaren 29ean bilera izan zuten, Bilboko Merkataritza Ganbarako arduradun gorenekin eta -Washingtongo (AEB) Seattle hiriko DIGIPEN Institute of Technology ospetsuaren sortzaile eta lehendakariarekin-, Claude Comair libanoar enpresaburuarekin, Bilbon bideo jokoen diseinuan eta sorreran espezializatutako formazio zentro bat zabaltzeko asmoa dutenek. Eta, Eikenen aburuz proiektu hori sektoreari begira estrategikoa denez, bi erakundeen arteko lankidetza zehazteko egin zuten bilera, non Juan Luis Laskurain, Ganbarako Zuzendari Orokorra, eta Natxo Otalora, Ikasketa eta Planifikazio Zuzendaria parte hartu zuten, hazkunde nabarmena duen ikus-entzunezkoen arlo horretan profesional kualifikatuak edukitzeko aukera emango baitu proiektu horrek.
Bideo jokoen azpisektorea etengabe handitzen ari den negozio bat da, eta garapenerako ahalmen handia du, “ikus-entzunezkoen negozio berria” deritzonaren barruan; gaur egun, ordea, euskal ikus-entzunezkoen industriaren baitan ez du halako indarrik. Erresuma Batua, Alemania eta Frantzia dira arlo honetako europar ekoizle nagusiak, eta Espainia, berriz, bideo jokoen banaketan aritzen da, batik bat, nahiz eta denbora-pasarako aukera hauxe den jendartean eskari handienetakoa duena.

Eikenek ikus-entzunezkoen arloko profesionalen formazio beharrei buruzko diagnostikoa egin zuen, orain dela ia bi urte. Azterketa haren helburua zen gaur egungo formazio sistemaren gabeziei antzematea, eta, aldi berean, merkatuak ezartzen dituen premia eta eskari berrien arabera profesionalek zer gaitasun landu beharko lituzketen zehaztea. Bideo jokoen diseinua eta sorrera, hain zuzen ere, formazio espezializaturik gabeko arloa da, hazkunde nabaria duen arren.
Hori dela-eta, Klusterrak eta, zehatzago, Enpresa Kudeaketaren eta Talentuaren Batzorde Estrategikoa osatzen duten enpresek interes handia izan dute, hasiera-hasieratik, DIGIPENen sortzailea buru duen proiektu honekiko. “Lehenik eta behin, adierazi zigun bideo jokoen azpisektorea garatu gabe zegoen toki bat nahi zutela, eta horixe da gure egoera, jarduera honetan ari diren enpresa gutxi baitaude hemen. Aldiz, ikus-entzunezkoen euskal sektorea oso ezaguna da, animazio lanengatik. Hala, bi ezaugarri horiek aldeko izan ditugu, eta itxaropen handia dugu ekimen honetan, lehiakortasunari begira onura ekarriko baitie gure enpresei”, azaldu du Itziar Mena Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko zuzendariak.

DIGIPENen historia
Denbora-pasen industriako lider handienen lankidetzarekin –Nintendo eta Microsoften lankidetzarekin, besteak beste– sortu zuen Claude Comairrek DIGIPEN, 1988an, Vancouberren (Kanada). Jatorrian, simulazio eta animazio enpresa bat zen, baina, sortu eta handik bi urtera, langile kualifikatuen premia zegoela ohartuta, 3Dko animazioko formazioa lantzen hasi zen. 1994an, bide jokoen diseinu, programazio eta garapenerako homologatutako munduko lehenengo eskola sortu zuen, eta, aurrerago, Industria Informatiko Interaktiboko lehenengo lizentzia. Handik gutxira, DIGIPEN Institute of Technology zentroa ireki zuten, Seattlen: eskola horrek 900 ikasletik gora ditu, eta, han eskaintzen den formazio espezializatuaren bidez, denbora-pasa interaktibo digitalen azpisektoreko enpresek eskatzen dituzten goren mailako estandarrak betetzeko ezagutzak eta trebetasunak eskuratzen dituzte ikasleek. DIGIPENek beste egoitza bat du Singapurren, eta Bilbon jarriko du Europako egoitza bakarra.
Bilboko Merkataritza Ganbararen prentsa oharra
Data:2009/04/30 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak zuzendu dute filma, eta Palestinako egoera erakusten du, bertako musikaren eta artisten bitartez
Apirilaren 30ean amaituko da Donostiako Giza Eskubideen VII. Zinemaldia (apirilaren 23tik 30era). CHECKPOINT ROCK - Canciones desde Palestina dokumentalak emango dio amaiera. Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak zuzendu dute filma, eta K 2000 euskal produktoreak eta Filmanova Galiziako produktoreak koproduzitu dute, eta ETBk ere parte hartu du. Bestalde, filmak Eusko Jaurlaritzaren eta ICCAren laguntzak jaso ditu.
Munduko estreinaldia apirilaren 30ean izango da, Victoria Eugenia Antzokian, 19:30etan. Geroago, gaueko 22:30etatik aurrera, kontzertua egongo da Gazteszenan (Egia K. E.), eta bertan izango dira dokumentaleko protagonista diren musikarietako batzuk.
CHECKPOINT ROCK Palestinako artisten eskutik gerturatzen da Palestinako musikara. Israelen, Gazan eta Zisjordanian filmatu dute film guztia, eta inguru haietan egindako bidaia erakusten digu. Mundua hara begira egon arren, hango errealitatearen zati txiki bat baino ez dugu ezagutzen. Zer musikak jartzen dio ahotsa eta melodia inguru horri? Zein dira hango musikari esanguratsuenak, eta nola bizi dira? Zer iritzi dute bizi behar duten patuari buruz, eta nola egiten diote hari aurre beren hitzen eta melodien bitartez?
Mutur batean Tel Aviveko publizitate-iragarkiak eta neona; bestean, Zisjordaniako lurralde okupatuetako pobrezia eta etsipena, edota Gazako zerrenda, gaur egun kontzentrazio-eremu erraldoia bilakatu dena. CHECKPOINT ROCKek oso ibilbide berezia egiten du herriz herri, checkpoint batetik bestera, era askotako musikariekin batera. Eta hori guztia, Fermin Muguruzak arretaz begiratzen duela. DAM rap-taldeko kideetako baten eskutik, hainbat musikarirengana gerturatzen da dokumentala: hain zuzen ere, musika tradizionalaren interpretatzaileengana, hip hop abeslari gazteengana, eta rock-taldeengana. Horiek guztiak lanean jarraitzen ahalegintzen dira, oztopoak oztopo.

Dokumentala estreinatu ondoren, Fermin Muguruzak, berekin ibili ohi diren musikariek (Jon Elizaldek tronboia joko du, Sorkunek ahotsa jarriko du, eta Zigor Lampre DJ-lanetan arituko da) eta Palestinako hainbat musikarik kontzertua emango dute, Palestinako hotsak Euskadira gerturatzeko asmoz.
Palestinar musikari hauek hartuko dute parte: Amal Murkus (musika tradizionaleko abeslaria); Naseem Dakwer (laute arabiarra eta biolina jotzen ditu); Habib Aldeek (oud jotzen irakasten du Nablus-ko Unibertsitatean); Suhell Nafar (DAMeko kidea, hau da, Palestinan arabieraz abesten duen lehenengo rap-taldeko kidea); Safaa Arapiyat (Palestinako lehenengo rap-abeslari emakumea); Kher Fauzi (Walla’at musika tradizionalaren taldeko poeta, abeslari eta perkusio-jolea); Ayman (rap-abeslaria).
Donostian estreinatu ostean, Saharako Nazioarteko Zinemaldira bidaiatuko du CHECKPOINT ROCKek, maiatzaren hasieran. Gero, Documenta Madrid-en ere izango da, datorren maiatzaren 8an.
Data:2009/04/29 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Alianzo enpresak (Eikenen bazkide) europar blog onena aukeratzeko lehiaketa antolatu du, EiTB taldearen (Eikenen bazkide) eta SPRI elkartearen laguntzarekin. Internautek Facebook sarearen bidez eman dezakete botoa. Euro Blog Award - The Internet Eurovision lehiaketaren finala apirilaren 24an izango da Bilbon egingo den interneti buruzko Nonick foroan.
Eurovisión lehiaketa eredu hartuta, blog eta bideoblog lehiaketa antolatu du Alianzo enpresa euskaldunak, edozein europar hizkuntza darabilen web pertsonal onena aukeratzeko. Azken 30 egunetan orria gutxienez behin eguneratu izana da parte-hartzaileek bete behar duten baldintza bakarra. Internautek www.euroblogawards.com web orrian eman diezaiekete botoa blog onenei, baina aurretik Facebook gizarte sarearen bidez identifikatu behar dute beren burua horretarako.
Blogak eta bideoblogak sortu dituztenek ez dute izenik eman behar lehiaketan; izan ere, Europako 12 herrialdetako adituek osatuko dute epaimahaia eta aditu bakoitzak bilatuko eta aukeratuko du bere hizkuntzan sortutako web onena, eta ondoren titularrekin harremanetan jarriko da informazio osagarria eskuratzeko.
Finala Bilbon izango da, datorren ostiralean, apirilaren 24an, EiTBko egoitzan egingo den Interneti buruzko nazioarteko Nonick foroan (www.nonickconference.com). Epaimahaikideek Europako hainbat hiriburutatik emango dituzte botoak bideo bidez, eta kategoria bakoitzerako aurrez hautatutako 12 finalisten artetik aukeratuko dituzte blog onena eta bideoblog onena. Datorren ostiralean 12:00etan hasiko da zeremonia eta Internet bidez zuzenean ikusi ahal izango da.
Epaimahaiko hamabi adituek ingelesez, alemanez, frantsesez, gaztelaniaz, errusieraz, polonieraz, portugesez, turkieraz, ukranieraz eta italieraz sortutako blog eta bideoblog onenak aukeratuko dituzte, baita euskaraz sortutakoak ere, finala Euskadin izango delako. Gainera, Europako Batasuneko beste hizkuntzaren batean idatzitako beste 10 web pertsonal ere aukeratuko dituzte, suedieraz, errumanieraz, katalanez, danieraz edo hungarieraz idatzitakoak, besteak beste.
Blog onenak aukeratzeko honako hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak: blogak bere herrialdean duen garrantzia (sarrera kopuruaren bidez neurtuko dute hori), orrialdearen sormena eta diseinua, feedback maila eta sarean duen antzinatasuna.
Data:2009/04/22 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak sustatu du ekintza komertzial hau, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin batera, zinema ekoizpenean jarduten duten enpresei laguntzeko asmoz.
Fikziozko ekoizpenean eta banaketan jarduten duten zortzi euskal enpresa nagusiek lehen aldiz parte hartuko dute, Basque Audiovisual izenarekin eta bere standarekin, Zinemaldiaren merkatu paraleloan, hau da, Marche du Film de Cannes delakoan, maiatzaren 13tik 22ra bitartean. Merkatuan izango diren enpresak hauek dira: Alokatu, Baleuko, Barton Films, Pausoka, Irusoin, Mixer, MediaBost eta Western Films.
2007ko urrian Ikus-entzunezko Sektoreko euskal enpresa nagusiek Canneseko MIPCOMen parte hartu zutenean –edukien mundu mailako merkaturik handiena–, elkar hartuta lehenengoz Basque Audiovisual marka pean, urrats handia eman zuten sektorearen nazioartekotzeari begira. Izan ere, negozio topagune horretan parte hartzea zen enpresek zuten eskari nagusietako bat merkatu berrietarako sarbidea errazteko.
Ondoren, Basque Audiovisualek bere presentzia sendotu du kanpoko merkatuetan MIPTV (Cannes) eta Sunny Side of the Doc (La Rochelle) merkatuetan izan baita, telebistan eta multimediako edukietan, eta dokumentaletan espezializatutako topaguneak. Datorren maiatzean urrats bat gehiago emango du Basque Audiovisualek, lehenengoz, Canneseko Zinemaldi ospetsuko Marché Du Film delakoan hartuko baitu parte.
Eiken–Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra izango da ekimen horretan aitzindaria Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin batera. “Ekimen honen bitartez Eikenen Nazioartekotze Planeko helburu nagusiak betetzen ditugu, batetik, euskal Ikus-entzunezko azpisektoreei laguntza eskaintzea Basque Audiovisual markak izan duen arrakastaren ondoren eta bestetik, enpresen nazioartekotzea bultzatzea MIPCOM, MIPTV eta Sunny Side of the Doc merkatuetan”, azaldu du Eikeneko Zuzendari Itziar Menak.
Euskal ekoizpen etxeek Galiziako Ikus-entzunezkoen Klusterrarekin partekatuko dute erakusketa gunea, hain zuzen ere MIPTVren azken edizioan abian jarri zen lankidetza. Aurreko aldietan bezala, enpresek beren espazioa izango dute kontaktuak egiteko, baita ingelesez egongo den on-line katalogo bat ere (www.basqueaudiovisual.com) beren zeregin komertziala errazteko.
Data:2009/04/22 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eikenek sustatutako Animabasque-Businnes II. Animazioko Azokan parte hartu zuten enpresek oso balorazio ona eman diote foroari (7,5 puntu 10etik), batez ere, bezero potentzialekin harreman zuzen eta interesgarriak izateko aukera eskaintzen dielako.
Bilboko Euskalduna Jauregian egin zuten AnimabasqueBusiness bigarren azoka, martxoaren 26an. Azoka hori animazio edukiei buruzko nazioarteko foroa da, eta haren helburu nagusia da Euskadin sortutako animazio produktuei, nagusiki zinemari eta telesailei, merkatu berrietan sartzen laguntzea.
Animazio edukiak lantzen dituzten Dibulitoon, Xperimienta+Kaia, Baleuko eta Silverspace euskal enpresek aurkeztu zituzten beren proiektuak –garapen edo produkzio fasean–. Nazioko eta nazioarteko 50 bat profesional eta enpresa ere izan ziren bertan, besteak beste, Forma Animada, Deboura Deseños, Castelao Productions eta TVE enpresa nazionalak, eta Art Mell (Frantzia) eta Little Dragon eta Wonky Films (Britainia Handia) nazioarteko enpresak.
Eikenek jasotako datuen arabera, enpresek 10etik 7 puntu eman dizkiote beren itxaropenen betetze mailari, eta 8 puntu, foroaren beraren antolakuntzari. Gainera, aurkezpen eta bilera saioek iraupen egokia dutela uste dute.

Era berean, inkestari erantzun diotenen %100ek parte hartuko lukete berriz ere azokan. Positibotzat jotzen dute atzerriko enpresak gonbidatzea, baita bakarkako aurkezpenak egiteko aukera izatea ere, eta harreman interesgarriak egiteko leku aproposa dela uste dute. “Silverspace enpresak akordioa egin du Kubako enpresa batekin eta, hain zuzen ere, azoka lehen aldiz egin zenean jarri zen harremanetan enpresa harekin”, azaldu du Itziar Mena Eikeneko zuzendariak.
Hala ere, foroko parte-hartzaileen ustez, bada zer hobetu, hainbat eremutan; esaterako, telebista eta broadcaster gehiago gonbidatzea garrantzitsua dela nabarmendu dute.
AnimabasqueBusiness alderantzizko xede komertzialaren formatuan aurkeztu da; bertan, nazioarteko ekoizlekide eta bezero potentzialek enpresek hitzarmenak lortzearren aurkeztu dituzten eta produkzio fasean edo banatzeko dauden proiektuak ezagutzeko aukera izan dute. Beraz, azokak harreman zuzenerako espazioa jarri du enpresen eskura, eta profesionalek, ekoizleek eta banatzaileek agenda zehaztua izan dute, lanerako bost mahaien bidez, elkarrizketak eta topaketak egiteko.
Data:2009/04/16 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Signo Digital (Eikeneko kidea) euskal enpresak eginiko “Sistiaga: Frame by Frame” dokumentala Europa osoko 82 lanen artetik aukeratu zuten, martxoaren 18tik 22ra Grezian eginiko Docs in Thessaloniki ospetsuaren `pitching´ saioan parte hartzeko.
European Documentary Network-ek (EDN) eta “Images of the 21st Century” Thessaloniki Documentary Festival-ek batera antolatutako Pitching foroan parte hartzeko 82 hautagai aurkeztu ziren guztira; 21 aukeratu zituzten, eta, horien artetik, Espainian eginiko lan bakarra, Josu Venerok zuzendutako “Sistiaga: Frame by Frame” dokumentala, hain zuen ere. Gaur egun ekoizten ari den lana.
EDNk antolatutako foroa Thessaloniki-ko Dokumentalen Jaialdian egin da. Hamaikagarrenez antolatutako jaialdi hau Europako garrantzitsuenetakoa da eta hiria zinema dokumentalaren Europako hiriburu bihurtzen du, hainbat egunez.
Signo Digital enpresako arduradunek hiru egun izan zituzten proiektua lantzeko, eta, ondoren, nazioarteko 11 telebista kateri eta banaketa etxeri aurkeztu zieten, finantzaketa lortzeko. Enpresako arduradunek adierazi dutenez, “harreman ugari egiteko aukera izan dugu. Hasiera batean, Hungariako Duna Telebistak, Suediako SVTk eta Espainiako kable bidezko telebista kate batek dokumentala eskuratzeko interesa agertu dute. Horrez gain, oso kontaktu interesgarriak egin ditugu Txekiar Errepublikako banaketa etxe batekin eta Finlandiako telebista kate batekin”. Signo Digital 1995. urtean murgildu zen Ikus-entzunezkoen Sektorean, eta, batez ere, telesailak eta dokumentalak ekoitzi ditu orain arte.
Laburpena
Jose Antonio Sistiagaren (Donostia 1932) bizitzari eta obrari buruzko dokumental honek 50 minutuko iraupena du eta euskal artista ezagun honen mundua eta sorkuntza prozesua gerturatzen dizkie ikusleei. Artistak eskuz margotzen ditu bere filmak, fotogramaz fotograma, mihiseak balira bezalaxe.
Lanak bere filmografiaren ibilbide dinamikoa eskaini nahi digu. Ibilbide horretan emankorra bezain garrantzitsua den pintura lana, obra erotikoa eta bere bizitza esperientzia kutunenak ikusi ahal izango dira.
Data:2009/04/02 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (38):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Canneseko Palais des Festivals delakoaren pabiloi nagusian kokatutako Basque Audiovisualen standa jendez bete zen astelehenean, MIPTVren lehenengo egunean. Basque Audiovisualen erakusketa-espazioa bisitatu zuten profesionalen interes nagusia 3D teknologiadun pantaila ukigarri handia izan zen, zeinen bitartez aukera baitago standetik bertatik ibilbide birtuala egiteko eta Ikus-entzunezko Sektoreko euskal enpresak egunotan aurkezten ari diren ikus-entzunezko produktuak ezagutzeko (dokumentalak, animazioa, telebistako lehiaketak, multimedia...).
Lehen aldiz, Basque Audiovisual markapean bildutako euskal enpresak 20 metro koadroko stand propioarekin ari dira parte hartzen azoka honetan. Standean, gainera, euren proiektuak erakusteko zenbait euskarri daude. “Enpresek bileretarako espazioak dituzte, bai eta pantailak ere, euren produktuak etengabe proiektatu daitezen. Pantaila ukigarria oso amu garrantzitsua da, inork ez daukalako antzeko ezer, eta benetan punta-puntako tresna ari delako izaten enpresen lana erakusteko”, adierazi zuen Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren zuzendari Itziar Menak.
Eikenen datuen arabera, lehenengo bi egunetan, publikoaren presentzia eta profesionalek gure enpresen edukiengatiko agertutako interesa konstante mantendu dira, baina, aurreko edizioekin konparatuta, jende-kopurua apur bat jaitsi dela sumatu da, ziurrenik gaur egungo egoera ekonomikoa dela eta. “Merkatua beste urte batzuetan baino ahulago egon arren, gure apustua irmoa da; izan ere, oraingo egoera ekonomikoan, estrategikotzat hartzen diren ekintzetan aritzen diren enpresak babestea ezinbestekoa da. Stand ona dugu, eta gure produktuen kalitateari esker, Euskadiko Ikus-entzunezkoa irudi ona ari da lortzen. Horrek lagundu egingo die enpresei, ziur”, esan zuen Itziar Menak.
Euskadiko ordezkaritza zenbait produktu aurkezten dituzten 12 enpresaz dago osatuta. Honako hauek, hain zuzen ere: 3Koma (“El calendario del año” lehiaketa), Audiovisual 21, Baleuko (“Black to the moon” animaziozko seriea), EiTB, Expressive, Jarkatza Media (“Elio Berhanyer, 50 years of fashion” dokumentala), K 2000 (“Pásalo” magazinea), Mediabost (“Mystical” abenturetako film luzea), Pausoka (“Goazen!” film musikala), Retelsat (itsaspeko dokumentalen serie bat aurkezten du), Somuga (“Around the world for free” animaziozko film luzea) eta Western Films (“Vivo México” naturari buruzko dokumentala).

Data:2009/04/01 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.