BERRIAK

Eikenek Eduki Digitalei buruzko sektorekako lehen txostena abiaraziko du, Mondragon Unibertsitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzaz. Ekimena bideratzeko akordioa hil honen hasieran egin zen, inplikatutako eragile guztiek egiaztatu zutenean orain arte bakarka eginiko lanetik sinergiak lortzeko aukerak zeudela.

Eikenek, S&F aholkularitzak eginiko proposamen teknikoaren aurrerapena aurkeztu zuenak, euskal ikus-entzunezkoen irudi erreala lortzeko helburua du. Hala, enpresek egungo egoerara egokitu, eta etorkizun hurbileko beharrei aurre hartu ahal izango diete. Ekimen honetan proposatutako landa lana ikus-entzunezko sektorea baino harago doa; izan ere, digitalizazioaren eraginpean dauden beste kultur industria batzuetan aplikatzeko aukera ikusten da, hala nola liburuaren industrian.

Bileran, ordezkatutako hiru erakundeek arlo horretan egingo den jardueraren ildo nagusiak aurkeztu zituzten, eta lankidetza gune komun bat dagoela baieztatu zuten. Hortaz, ekainean beste bilera baterako hitzordua jarri zuten, batetik, sektorearen prestakuntza eskaerak eta beharrak jasotzeko, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak “digitalizatze mapa”-ri buruz egindako azterketaren bilakaera analizatzeko.

Data:2011/04/29 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Apirilaren hasieran, Bilbon, kulturaren eta industriaren arteko harremanari buruzko lehen jardunaldi espezifikoa egin zen, SPRIk antolatuta, Eusko Jaurlaritzaren Kultura, Berrikuntza, Industria, Merkataritza eta Turismo sailen laguntzaz. Jardunaldi honen bidez berretsi egin zen Eikenen ikuspegi estrategikoa, bi kontzeptuak ikuspegi sektorial batez elkartzeari begira.

Horren harira, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren Ekitaldi Aretoan egindako topaketaren helburua izan zen SPRIk garapen ekonomikorako eskainitako aukeren berri ematea, kultur enpresen artean; izan ere, hainbat arrazoi direla-eta, eskaintza horiek ez dira iristen hartzaileak izan daitezkeen horiengan. 
 
Ekitaldian Kultura sailburu Blanca Urgell andreak eta SPRIko zuzendari nagusi Tomás Orbea jaunak parte hartu zuten, eta bi sektoreen arteko loturak erabat garatzearen aldeko interesa agertu zuten biek.

Data:2011/04/29 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Joan den martxoaren 11n, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatutako Kluster Arteko Ekimenaren lehen bilera egin zen, herrialdeko kluster guztiak bilduko dituen organo komun bat eratzeko asmoz. Helburua sektorez gaindiko sare bat sortzea da, enpresen arteko lankidetzaren bidez proiektuak egitea ahalbidetuko duena.

Eraginkortasun arrazoiak direla-eta, lehen bileran Zuzendaritza Batzordea eratzea onartu zen, 6 pertsonek osatutakoa (klusterretako gerenteen artean aukeratutako lau pertsona, aurre-klusterren gerenteetako bat, eta Sailaren Plangintza eta Estrategia Zuzendaritzaren ordezkari bat).

Organismoaren eraketa onartu ondoren, martxan jarriko da Kluster Arteko Ekimena. Egungo klusterren antzera funtzionatuko du, eta bere helburua izango da enpresen arteko lankidetza bultzatzea maila guztietan.

Data:2011/04/29 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Ezkerraldeko Enpresak Garatzeko Zentroan (CEDEMI), lankidetzako lanaren aldeko Eikenen estrategiaren berri eman zen hil honen hasieran, eta, zehazki, SPRIren Compite programaren bidez lortutako emaitzak aurkeztu ziren. Gaur egun, Eikenek bultzatu eta gidatutako bost proiektuk jaso dute laguntza, programa horren baitan. Gainera, zortzi lehiakortasun diagnostiko egin zaizkie Ikus-entzunezko beste hainbeste mikroenpresari (Eikeneko bazkideak direnak eta ez direnak).

Ekitaldian, aipatutako “compites”-en banatzeaz gainera, parte-hartzaileek enpresen arteko lankidetzaren emaitzak ezagutu ahal izan zituzten. Hain zuzen, Eiken klusterra sortzeko oinarriak eta bere izateko arrazoiak azaldu ziren, eta baita bere erronka ere, sektorea sare trinko eta indartsua bihurtzearen alde.

Bestalde, hilabetearen amaieran, Eikenek parte hartu zuen, halaber, atzerritarrak erakartzeko prozesuei buruzko jardunaldi batean. Nazioarteko izaera garbiko ekitaldi hori SPRIk antolatu zuen, eta Bilboko Guggenheim museoan egin zen. Parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten egungo estrategiak atzerriko inbertsioak erakartzeko, eta baita Euskadin norabide horretan emandako pausoak ere.  

Data:2011/04/29 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Athleticeko jokalari Koikili Lertxundi eta triatloiko kirolari Virginia Berasategui zuzenean elkarrizketatu zituzten hiru gaztek, beren etxeetatik. Denon artean eman zioten hasiera Julian Iantzik aurkeztutako saio berriari.
 
Gaztebizz Zuzenean saioaren lehen emanaldia Bizkaiko Foru Liburutegian egin zen, eta zuzenean ikusi ahal izan zen BizzTBn, hots, www.gaztebizz.com-en Interneteko telebistan.
 
Telebistako formatu berri hau Vilauk, Eikeneko kidea, garatutako Bideo-Partehartze Plataforman oinarritzen da, eta erabiltzaileei zuzenean parte-hartzeko aukera eskaintzen die. Parte-hartzaileek komunitatean erregistratuta egon, eta webcam bat eduki behar dute, beren etxeetatik zuzenean hitz egiteko gogokoen dituzten pertsona ospetsuekin.
 
Bideo-Partehartze Plataformak saioen erabateko jarraipena egitea ahalbidetzen du, emanaldiaren aurrekoak eta ondorengoak barne. Nabarmendu beharreko alderdien artean, saioa kudeatzeko, moderatzeko eta errealizatzeko aukerak aipatu behar dira. Horiei esker, arduradunek erraz gida dezakete saioa, eta parte-hartzaileei jarraibideak eman diezaiekete zuzeneko emanaldia hasi aurretik, broadcast TBko saio batean bezalaxe. 
 
Sistemak automatikoki gordetzen ditu emandako saioak, eta BizzTBko egitarauan txertatzen. Hala, elkarrekintza eta bizitasuna bultzatzen dira; izan ere, sarean jarritako bideoak iruzkindu, indexatu edo igo daitezke Gaztebizz 2.0 kontuetan, eta, behin saioa amaituta, beste kanal batzuetan ere ikus daitezke.
 
Plataforma arrakasta handiz ezarri da ETBko GMT HORA saioan. Horren bidez, Beijing, New York edo Parisen kokatutako berri-emaileek nazioarteko informazioa eskaintzen diete euskal kate publikoaren ikus-entzule guztiei.

Data:2011/04/27 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Formatuak eta dokumentalak izan dira Basque Audiovisualek Cannesko MIPTV azokan jarritako erakusmahaiko produktu nagusiak. Azoka hori da, hain zuzen, munduko garrantzitsuenetako bat. Euskal ordezkaritzak erregistratutako kontsulta eta informazio eskaera gehientsuenak genero horiei buruzkoak izan dira, eta joera bat dator azokan oro har sumatu den joera nagusiarekin. Ekimen hori Etxepare Institutuak eta Eikenek bultzatu dute.

Basque Audiovisualen erakusmahaira hurbildu diren pertsonen batez besteko profil profesionalari dagokionean, berriz, aurten ekoizpen eta banaketa etxeetako arduradun goren gehiago izan direla ondorioztatu da. Talde horren interesa, beraz, funtsezkoa da gerora hitzarmenak ekarriko dituzten “kalitatezko kontratuak” lortzeko; batez ere, kontuan izanda sektorean oro har dagoen zalantza giroak eta krisialdi ekonomikoak parte-hartzaileen kopurua murriztea ekarri dutela. 

Basque Audiovisualen babespean Cannesen euren txokoa izan duten euskal enpresak, hain zuzen, hauek izan dira: 3Koma, Bainet, EiTB, Expressive, Mediabask, Moztu Filmak, My Jok, Orio Produkzioak eta Pausoka. Bertan izan dira, halaber, Eriz Zapirain errealizatzailea, Vitoria-Gasteiz Film Officen arduradunak eta Eikeneko zuzendaria, Itziar Mena.

Aurten, Riviera Pabilioian egindako jarduera komertzialaz gainera, MIPTV azokako parte-hartzaileek sektoreko azken joerak hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute. Agidanez, euskarri digital berrietara bideratzen ari da sektorea, bizkor-bizkor. Hala, mundu osoan egindako emanaldiek argi eta garbi berresten dute Eiken Advance ekimenaren bitartez Eikenek egindako apustua. Izan ere, badirudi sektorearen etorkizuna "new media content" izeneko kontzeptu bateraturantz bideratzen ari dela.

Prentsa oharra

Data:2011/04/08 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Apirilaren 7an, Bilboko Euskalduna Jauregian, berrikuntzarako Euskal sistemaren lehenengo kanpo-ebaluazioa aurkeztu zen: “Euskal Herriko Eskualde Berrikuntzari buruzko ELGAren azterlana”. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA=OCDE) Lurralde Garapenerako Politika Batzordeak eskatuta egin zen azterlana, berea izanik azterlana egin, metodologia zehaztu eta kalitatea bermatzeko ardura, eta gero, osoko bilkuran onartu zuen 2010eko abenduaren 2an, Parisen. Aipatu azterlana ELGAren proiektu zabalago baten zati da, eskualde berritzaile eta lehiakorrei buruzko “Berrikuntzarako Estrategia” proiektuarena hain zuzen; berrikuntzarako dinamika berriak ezagutzera ematen ditu proiektu zabalago horrek.

Azterlana aurkezteko jardunaldian hauek izan ziren hizlariak: Juan Tomas Hernani, Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioko Berrikuntzako idazkari nagusia; Bernabe Unda, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua; Mario Marcel, ELGAren Gobernantza Publiko eta Lurralde Garapenaren zuzendaritzako zuzendariordea; Mario Calderini (Piamonte), Agenzia Nazionale per l’innovazione delakoaren ordezkaria; Pedro Luis Arias, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea; Karen Maguire, ELGAko Eskualde Berrikuntzako Unitate-burua; Daniel Malkin, ELGAko aholkulari independentea; Guillermo Ulacia, Innobasqueko lehendakaria.

Txostena egiteko, azterketa urte eta erdi luzatu da, eta tarte horretan ELGAko kideek, nazioarteko adituek eta Frantziako zein Alemaniako “pareek” (antzekotasun sozio-ekonomikoak direla-eta homologarriak diren beste eskualde batzuetako ordezkariak) hainbat bisita egin zituzten Euskadira, berrikuntzarako euskal sistemarekin konprometituta dauden alderdiekin, publiko zein pribatuekin, elkarrizketatzeko. Azterlana egiteko prozesuan erakundeetako maila gorenek eta Berrikuntzarako Euskal Sistemako adituek parte hartu dute. Guztira, erakunde hauetako 49 ordezkarik: Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako hainbat sail, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Ikerbasque, Spri, Tecnalia, Orkestra, Bizkaia Xede, Bizkaiko Teknologia Parkea, IK4, CIC bioGUNE, Osasun arloko Berrikuntza eta Ikerketarako Euskal Fundazioa (BIOEF), Osasun arloko ikerketen Euskal Institutua (O+IKER), Euskadiko Automobilgintza Klusterra (ACICAE), Telekomunikazioen Kluster Elkartea (GAIA), Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkartea (ACLIMA), Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkartea (HEGAN), Basque Culinary Center, Gipuzkoa Berritzen eta Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentzia. 

ELGAk Berrikuntzarako Euskal Sistemaren diagnosi sakona egin du, eta horrela, batera aurkeztu ditu ZTB (zientzia, teknologia eta berrikuntza) politiken azterketa, bere mekanismoak, estrategiak eta inplikatutako eragileak; eta horrez gain, kontuan hartu ditu onuradunak merkatuen nazioarteko joerak, hor lehiatzen direlarik euskal enpresak atzerrikoekin. Egia da Euskadi ez dela oraindik mundu mailako ezagutza-gunea, baina, oro har, azterlanaren emaitzak erakusten du berrikuntza-jarduera Euskadin ELGAko kide diren herrialdeen batez besteko mailara heltzen dela, eta Espainiako zenbait adierazleren gainetik dagoela

Data:2011/04/08 | Kategoria:: Berrikuntza

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Eiken eta Barton Filmsek antolatutako Animabasque-Business animazioko nazioarteko IV. azokak 60tik gora profesional eta sektoreko enpresen ordezkari bildu zituen Bilboko Euskalduna Jauregian. Goizeko saioan, tokiko, estatuko eta nazioarteko hainbat enpresak egindako hamar animazio proiektu bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten parte-hartzaileek. Arratsaldean, berriz, enpresek “aurrez aurreko” bilerak egin zituzten, euren arteko merkataritza harremanak bideratzeko asmoz.

Goizeko saioan honako proiektu hauek aurkeztu zituzten: Iceberg (Bainet eta Kukuxumuxu), Kutxu! (Balieri Studio), Capitán Vegeto (Somuga), El Hada Menta (Inercia), The Magic Tower (Master Studio), Smolitoon (Baleuko eta Cartoon4kids), I-land (Wonky eta Scrawl Studios), Climate change (Silversapce), Flying Squirrels (Mago Production), Cuentos desde el horizonte (Osibis) eta Evolución (Bitart).

Gainera, Delirium Studios konpainiak bideo jokoei buruzko saio berezia aurkeztu zuen; izan ere, horixe da animazioaren arloan gehien nabarmentzen den sektorea. Bestalde, "Kreandu" izeneko "crowdfunding" proiektua ere aurkeztu zuten, Balear Uharteetako Ikus-entzunezkoen Klusterraren bermearekin. Azokaren amaieran, "matchmaking"-en aurreikusitako 40tik gora bilera egin zituzten; guztiak ere aldi berean, eta bi orduko iraupenarekin. 

Data:2011/04/05 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (3):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Xabier Txurruka, Sugar Factoryko gure lankidea EIKENen pasa den larunbatean Lekeition hil zen surf egiten zegoela.
 
EIKENetik gure doluminak eta besarkada haundi bat bere senidei eta Sugar Faktoryko eta EUVE-Tecnaliako lagun guztioi.
 
Hileta elizkizunak gaur hilak 4, astelehena, izango dira arratsaldeko 7retan, Durangon, Uribarriko Andra Mari Elizan.

Beti gogoan izango dugu bere poztasuna, gogo bizia eta profesionaltasuna.

Data:2011/04/04 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa