BERRIAK

Maiatzaren 8an “Online Expert Forum 2008” antolatu zen Madrilen sareko eta marketin digitaleko estrategien joerak eta aurrerapenak ezagutarazteko. Antolatzaileak Expressive (Eikeneko kidea), Traffic4u eta Nedstat izan ziren eta enpresetako webguneetan arrakasta izateko giltzarriak azaldu zituzten denon artean.

                                                                

Online Expert Forum 2008 ekitaldia, bereziki, Marketin zuzendariei, Antolatzaileei eta Komunikabide agentziei begira egin zen. Topaketa horren bidez, batetik, sarean erabaki egokienak hartzen erakutsi nahi zen, eta, bestetik, sareko kanpaina eraginkorrak eta inbertsioaren itzulerari (ROI) zuzendutakoak egiteko moduak azaldu nahi ziren.
“Foroko parte-hartzaileei erakutsi nahi diegu sarean eginiko publizitatea beste euskarrietan egin ohi dena bezain eraginkorra dela” adierazi zuen Miguel de Reina Expresiveko Merkataritza Zuzendariak. Euskal enpresa hori komunikazioaren esparruan produktuak eta zerbitzuak saltzeko ikuspegi integral batez abiatzen den lehena da; hau da, bere jardueran negozioaren hiru ildoak bateratzen dituena: Ikus-entzunezkoen edukiak eta antzeko produktuak (Ikus-entzunezko egitasmoak), Teknologia (Solutions) eta komunikabide guztiei (TB, Irratia, Internet,…) zuzendutako publizitate salmenta (Media).
Expressivek bezeroengana modu hurbilean, elkarreragilean eta ezustean iristearen aldeko erronka egin du. Aipatutako hiru negozio ildoak bateratzean oinarritutako eredu berritzaile horrek, bere taldeen talentua garatzeko duen konpromisoak eta Kudeaketan bere bezero/akziodunen inplikazioak Expressive Komunikazioaren esparruan enpresa berritzaile gisa kokatzen dute.
Traffic 4U eta Nedstat
Traffic4u enpresa liderra da Europan, bilaketa tresnen marketinaren arloan. Lau bulego ditu Holandan eta Espainian. Datozen urteetarako helburu nagusietariko bat da nazioartean hedatzea eta nazioarteko ezagutzan oinarritutako europar marka sendoa sortzea. Bestalde, Nedstat web orrien azterketan Europako liderra da.

Data:2008/05/09 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Sortzaile gazteen ikus-entzunezko 27 proiektuk aukera izango dute modu profesionalean produzituak izateko, Eikenen programa berritzaile baten bitartez.

                                                                

EikenBANK programa martxoan jarri zuen abian Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Berrikuntza Sailaren bultzada garrantzitsuarekin. Programaren helburu nagusia talentu sortzailea antzeman eta bertan mantentzea da.
Euskal Herrian dagoen mendi tradizioa, pintxoetarako zaletasuna, izu psikologikoa edo unibertsitateko bizitza dira aurkeztutako 27 proiektuotako gaietako batzuk. Egileak gazteak dira –gehienak, Ikus-entzunezkoen adarretakoren bateko ikasleak–, eta aukera dute modu profesionalean produzituak izateko, Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak sustatutako EikenBANK programaren barruan. Guztira 9 dokumental, 5 telesail, 2 lehiaketa, reality 1, 2 magazine eta 8 film labur daude, pantailan gauzatuak izan daitezen hautagai gisa. Erabakiaren berri ekainean emango da.
Martxoaren hasieran, Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak bere proiekturik berritzaileena jarri zuen martxan: EikenBANK bazkidetutako enpresetatik diseinatutako ekintza da, zeinen helburu nagusia baita talentu ez-profesionala Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko enpresekin harreman zuzenean jartzea, lankidetza horri esker produktu lehiakor berriak sor daitezen Euskadiko ikus-entzunezkoen esparrutik. Era berean, EikenBANKen helburua da sorkuntzarako talentua bertan gera dadin lortzea.
EikenBANKek proiektu bat hautatu eta sarituko du, aurkeztu diren 27 lanetatik. Proiektu hori programan parte hartzen duten ekoizpen-etxeetakoren batek edo batzuek garatuko dute profesionalki. Azken urrats gisa, proiektua EiTBn emitituko da. Era berean, programa honetatik beste lankidetza osagarri batzuk sortu ahal izango dira sorkuntzarako talentuaren eta Euskadiko ekoizpen-etxeen artean. Honakoak dira ekintza honetan inplikatutako enpresak: 3Koma, Baleuko, Canal Bizkaia, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K2000, Orio Produkzioak eta Pausoka.
Jatorrizko 25 proiektuen egileak 34 gazte dira; %65 Bizkaikoak dira, %21 Gipuzkoakoak eta %15 Arabakoak. Aurkeztu direnen %75 ikasleak dira; horietatik, %65 unibertsitateko ikasketak egiten ari da, eta gainontzeko %35a Lanbide Heziketan dago. Formatuei dagokienez, lanik gehienak, %45, publiko guztiei daude zuzenduta; %37 gazteei daude zuzenduta, eta 5 proiektu baino ez dira helduentzat.
Programa hau www.eikenbank.com webgunearen bitartez artikulatzen da, eta lehenengo deialdi hau ikus-entzunezko produktuetarako proiektu, gidoi, maketa edo pilotuetara dago zuzenduta (telebistako saioak; esate baterako, telesailak, lehiaketak, magazinak edo realityak, animazioko produktuak, dokumentalak, multimedia edukiak…), baldin eta EikenBANK programaren barruan egituratutako formularioaren arabera aurkezten badira. Hori horrela, programaren arduradunek proiektuen originaltasuna eta bideragarritasun komertziala baloratuko dute, batez ere.
“Guretzat, ideiaz betetako gazte pilo hau mugiarazi izana eta 27 proiektu aurkeztea lortu izana sekulako arrakasta da, izan ere, gainera, proiektu horiek ondo planteatuta eta egituratuta daude”, esan zuen Eikenen zuzendari Itziar Menak.
Programan parte hartzen duen ekoizpen-etxeren batek edo gehiagok modu profesionalean garatuko du proiektu irabazlea, eta, gainera, 4.000 euroko saria izango du. Gainera, EikenBANKek ateak zabalik uzten ditu, aurkeztutako beste proiektu batzuek ere aukera izan dezaten modu profesionalean garatuak izateko, EikenBANK babesten duten produkzio-etxeek hala erabakitzen badute. Izan ere, proiektua bera baino gehiago, Programaren asmoa da proiektuen atzean dagoen talentu sortzailea antzematea.
Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak sustatutako proiektuak babes instituzional handia dauka. Izan ere, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eta Kultura Sailaren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren babesa lortu du, bai eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Berrikuntza Sailen, SPRIren eta Bilboko Udalaren babesa ere. Izan ere, instituzioek modu positiboan baloratu dute elkarren lehian aritzen diren enpresak –Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko garrantzitsuenak– proiektu batean elkartu izana, profesionala ez den talentuaren aldeko proiektu bat bultzatzeko.
EikenBANKek beste zenbait babes ere baditu: BBK (Gazte Lanbidean Fundazioaren bitartez), UPV/EHU, Mondragón Unibertsitatea eta Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolarena (Escivi). Hain zuzen ere, parte-hartzaile gehienak zentro horietatik datoz.

Data:2008/05/08 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

EiTBren lehenengo kateak Orio Produkzioak (Eikeneko kideak) ekoiztutako ‘Jatearen Egiak’ saioa estreinatuko du maiatzaren 9an.

                                                                

Hasier Etxeberriak aurkeztuta, euskaldunen elikaduraren inguruan dauden jateko ohituren, sinismen eta mitoen egiazkotasuna frogatzen saiatuko da 13 atalez osatutako programa.
Izan ere, gauzak ez dira beti uste bezala izaten, ezta jan kontuetan ere. Irudi bizi eta berritzailez jositako erreportaje ikusgarrien bidez, hainbat gai landuko dira, bestea beste, egia al da zenbait jakik sexurako gogoa pizten dutela, mitoa ala egia al da gizonezkoek eta emakumezkoek janari aukeraketa egiteko garaian ezberdin jokatzen dugula edo zein elikagai hautatuko lukete bi nerabe jatorduan etxean bakarrik utziz gero.
Orio Produkzioak ekoiztetxeak ETBrako egindako programa Erresuma Batuko BBCren “The Truth about Food” saioan dago oinarrituta. Mundu guztiko ospe handiko zientzialariek esperimentu zientifikoetan oinarrituz hainbat egiaztapen eta mitoen suntsiketa egingo dute. Besteak beste, kolesterola nola jaitsi, desintoxikazio dieten eraginkortasuna, kafearen eragina eta jateko orduan estresak izan ditzakeen ondorioak aztertuko dituzte saioan landuko dituzten gaien artean.

Data:2008/05/08 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Euskal Irrati Telebistak (Eikeneko kidea) eta Maltako Unibertsitateak pentsamendu sortzailea sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten apirilaren 29an. Alde batetik Camilleri jauna Maltako Unibertsitateko Errektorea eta, bestetik, Juan Diego EiTBko Estrategia taldeko zuzendaria izenpetu zuten akordio hau.

Kateak jakinarazi zuenez, Sorkuntza eta Berrikuntza Arteen Masterrean parte hartu ahal izateko, EiTBk ikasleei bekak eskaintzen jarraitzea da hitzarmen honen helburuetako bat. Izan ere, 2007ko urrian bi beka eskaini ziren ikasketa hauek egiteko Esperientzia honen harrera onak bultzatu du talde multimedia Maltako Errepublikako Unibertsitatearekin harremana estutzera.
Mundu guztian ezagunak diren Edward de Bonoren sorkuntzarako tekniketan oinarritzen da masterra. Helburua sormenean trebatzea da. Hainbat gai eta diziplina biltzen dituen gradu-ondoko honetan 50 herrialde ezberdinetako jendea elkartzen da.
Maltako Unibertsitatean bertan aurkitzen da "Edward de Bono Institute for the Design and Developement of Thinking" ikastetxea. Edward de Bono irakaslearekin elkarkidetzan sortua da ikastetxe hau, eta Sorkuntza eta Berrikuntza Arteen Masterra eskaintzen lehena izan da Europan.
Sinatutako hitzarmen honek, bestalde, Unibertsitatean sorkuntza tekniken inguruan egindako ikerketa eta proiektuetara sarbidea izateko aukera ematen dio EiTBri.
Euskal Komunikazio taldeak Maltako Unibertsitateko irakasleengana eta laguntzaileengana ere jo ahal izango du Euskal Herrian antolatu ditzakeen proiektuetan edota jardunaldietan parte har ditzaten.
Sormena EiTBren irudiaren ezaugarrietako bat bilakatzeko ahaleginetan, berebiziko garrantzia du itunak. De Bono irakaslearen onespena duten 15 prestatzaile ditu EiTBk bere langileen artean, eta 80 langiletik gora dira EiTBn teknika hauek barneratzen dituztenak.

Data:2008/05/07 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Frantziako “Dragon Hunters” filmak luzemetrai onenaren saria irabazi zuen 2009. urterarte agurtzen den Animabasque-Business zinemaldian.

                                 

Barton Filmsek (Eikeneko kidea) antolatutako Animabasauriko zinemaldiaren laugarren edizioari amaiera eman zioten apirilaren 25ean sarien banaketarekin. Luzemetrai onenaren saria “Dragon Hunters” filmak lortu zuen.
Frantzia, Alemania eta Luxemburgok koproduzitutako eta Arthur Qwakek eta Guillame Ivernelek zuzendutako “Dragon Hunters” luzemetraia, zinemaldiaren onena izendatu zuten. Eskupekoetatik bizi diren herensugeen bi ehiztarien istorioa kontatzen du, saririk handiena eraman zuen filmak, 6000 eurokoa.
AnimaBasauri IVren amaiera ekitaldia Social Antzokian ospatu zen, Felix Linaresek eta Ilaski Serranok aurkeztutako ekitaldi batean. Laburmetrai onenaren saria, 35mm-n, M. Bruno Colleten “Le jour de gloire…” ekoizpen frantsesak lortu zuen. “Karratu” atalaren barruan, Kunio Kato japoniarraren “La maison en petitos cubes” lanak saririk onena irabazi zuen. 
Gainera, zinemaldiaren sari banaketaren historian lehenengo aldiz epaimahaiak luzemetraien atalean sari berezia eman zioten Jan Balej-en ‘One night in a city’ pelikula txekiarrari. 
Laugarren edizio honetan, sail ofizialean berrogei herrialde ezberdinetako 148 proiektu parte hartu dute -iaz 119 izan ziren- eta 400 film baino gehiago proiektatu dira. Herrialdeen artean Hego Korearen presentzia nabarmentzen da, zinemaldiaren ohorezko gonbidatua.

Data:2008/05/07 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>