EUVE (Eikeneko bazkidea) teknologia-zentroan Errealitate Birtualeko Aplikazioen Zazpigarren Kongresua egingo da, ekainaren 9an eta 10ean. Kongresuak 150 profesional eta 25 aditu baino gehiago elkartuko ditu Gasteizen.
CARVI 2009ko egitarauak 23 hitzaldi espezializatu eskainiko ditu, 4 gai multzo nagusitan banatuta: Zinema Elektronikoa, Bereizmen Handia eta Estereoskopia; Elkarreragina hainbat plataformatan; eta, Errealitate Birtualeko Historia Ondarea eta Ingeniaritza Birtuala.
Lehen hitzaldi sorta teknologia estereoskopikoaren aplikazioei buruzkoa izango da. Erabilera ugari ditu teknologia horrek, hala nola zinema ekoizpena eta edizioa, telebistako formatu eta zerbitzu berrien sorkuntza, eta elkarreraginaren sustapena bideojokoetan, korporazioen aurkezpenetan eta hezkuntza saioetan.
CARVI 2009an telebista digital interaktiboaren gaur egungo egoera ere aztertuko dute, bai estatuan bai nazioartean. Gakoak eta joerak aztertzeaz gainera, arreta berezia eskainiko zaie eremu horretan garatutako proiektuei.
Horrez gain, aurten, CARVIk egitarauaren zati bat eskainiko dio kultura ondarearen arloan erabilitako errealitate birtualari. Historia gertakariak berreraikitzeko eta museoetan nagusiki haurrei zuzendutako hezkuntza saioak prestatzeko aplikazioak aztertuko dira.
Amaitzeko, teknologia eta ingeniaritza birtualak lan mundurako eskainitako aukera anitzak aztertuko dira sakonki. Besteak beste, industriako eta aeronautikako sektoreetan, mekanizazio prozesuetan eta enpresako logistika eta garraio arloetan dauden erabilerak eta ezarpen moduak aztertuko dira.
Data:2009/05/29 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Sari horren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiaren Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailak Klusterrari aitortu egiten dio kudeaketaren, berrikuntzaren eta pertsonen arloan eginiko apustua.
Maiatzaren 20an, EiTBren (Eikeneko kide) Multibox Aretoan, Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapeneko foru diputatu Izaskun Artetxe izan zen buru Premie programan. Elkartze ekitaldi horretan, oroigarri plaka bana eman zitzaien kudeatze-sistema berritzaileen Premie diploma oraintsu eskuratu duten 80 erakundeei, bai eta eskuratu zutenetik hona hiru urte igaro ondoren berritu duten beste 50 erakunde baino gehiagori.
Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailaren programa horrek helburu nagusi bat du: ekarpena egitea, Bizkaiko enpresek kudeaketa sistemen gaineko gogoeta egin eta euren premien arabera hobetu ditzaten. Premie programak berme sendoa du: urte askotako ibilbidea egin du honezkero, eta erakunde askok ezarri dute. Izan ere, 15 urteko tartean, Bizkaian 1.000 erakundek baino gehiagok ezarri dute, eta euren kudeaketa sistemak hobetzen lagundu die.
Premie, Enpresen Berrikuntzarako Plan Integral berrira gehituko da. Plan hori laster abiaraziko dute, eta programa berean biltzen ditu sail horrek Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen eskura jartzen dituen diru-laguntza eta laguntza guztiak, Bizkaiko enpresa-ehun osoaren barruan berrikuntza sustatzeko ematen dituenak.
Enpresen berrikuntzarako plan integral berriak kontuan hartuko ditu Premie programa berrikusten parte hartu dutenek aurkeztu dituzten 222 hobekuntza ideiak. Izan ere, berrikuste hori egun bizi dugun egoerara egokitzeko egin dute, 1.000 programatik gora ezartzen jasotako eskarmentua baliatzeko.

Data:2009/05/20 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
3Koma etxeak (Eikenen bazkide) ekoizten duen eta ETB-2 (Eikeneko kide) kateak larunbatero ematen duen “Pintxos” gastronomia saioak %20,3ko pantaila kuota lortu zuen maiatzaren 16an. Saio horretan, Gasteizeko pintxo erronda egiteko aukera izan genuen, Toti Martinez de Lezea idazlearen eskutik. Saioaren hirugarren emanaldia zen, eta ikus-entzuleen kopurua bikoiztea lortu zuen; saioa ematen duen kateak egun horretan batez beste izandako kopurua baino zazpi puntu handiagoa izan zen, hain zuzen.
Euskal Telebistak maiatzaren 2an estreinatu zuen “Pintxos” saioa, 3Koma etxearen proposamen berria (“El coro de la cárcel, “El calendario del año”…). Alazne Páramok EikenBANKen lehenengo edizioan aurkeztutako “¡Qué tendrá el pintxo!” telebistarako lehiaketaren ideian oinarritua da, eta,EikenBANKi esker, ideiaren sortzaileak aukera izan du ekoizpen etxearekin lanean jarduteko.
EikenBANK ekimena Klusterreko enpresek gauzatzen dute, honako helburu nagusi honekin: talentu ez-profesionalak eta ikus-entzunezkoen sektoreko enpresak zuzenean harremanetan jartzea, batzuen eta besteen arteko lankidetzaren bidez euskal ikus-entzunezkoen baitan produktu lehiakor berriak sor ditzaten.
Data:2009/05/19 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Hezkuntza Iraunkorrerako Interneteko Telebista Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ekimena da, eta 2009ko apirilean jarri zen abian.
WebTB berri honetako protagonistak Euskal Herriko Lanbide Heziketa Ikastetxeetako irakasle eta ikasleak dira. HIRU Telebistaren bidez, ematen dituzten irakasgaiekin lotutako prozesu erabilgarriak erakusten dituzte. Bideo laburren bitartez egiten dute, ikus-entzunezko formatu erakargarri, erabilerraz eta berri batean.
Vilauk landutako komunikabide berriztatzaile honi esker, minutu gutxiren buruan, benetan beharrezkoak diren prozesuak ikasiko ditu publikoak; esaterako, autoaren gurpila nola aldatu, edo balazta pastillak nola aldatu. Jarduera espezializatuagoak ere ikasiko ditu: ezpainen mikropigmentazioa nola egin, bideo atezain automatiko bat nola instalatu, etab.
Hiru Telebistaren helburu nagusia ikaskuntzarako eta informaziorako baliabide den eta guztien eskura dagoen tresna erabilgarri bat izatea da.
Proiektuaren lehenengo fasean, “emisioan”, bideo sorta bat eskaintzen da, eta hamabostean behin eguneratzen da. Horrez gain, HIRUk bi azpikate ditu: bata Lanbide Heziketa, ikasleek eta irakasleek sortutako bideoak emititzen dituena; eta bestea, berriz, Aisia, musika bideoak, zinema, gastronomia eta abar eskaintzen dituena.
Hau hasiera baino ez da, ordea. Epe laburrera, azpikateak eta gaikako kateak gehitzeko asmoa dago.
Bestalde, Hiru Telebistak elkarreragina eskaintzen dio erabiltzaileri, esaterako, emititutako bideoak baloratzeko eta iruzkinak egiteko aukera. Ondoren, boto gehien jasotzen dituztenak orrialde nagusian nabarmenduko dira.
Horrez gain, ikusleak une horretan emititzen ez den bideoren bat ikusi nahi badu, erraz aurki dezake bilatzaileari esker. Horren bidez, irudiak ikastetxearen, gaiaren edo dataren arabera sailkatuta agertzen dira.
Katea Vilauk zehaztu eta garatu du, eta arlo teknikoaren eta edukien kudeaketaz eta mantentze lanez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila arduratzen da, EITBrekin elkarlanean.
Data:2009/05/18 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Donostiako Teknologi Elkartegian eta Zuatzu Parkean ikus-entzunezko profesionalentzako hizkuntzari eta bikoizketari buruzko lehen ikastaroa hasiko da, datorren ostiralean (maiatzaren 15a). Zikloa Eikenek, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, bultzatu du Sektoreko profesionalen Prestakuntza Hobetzeko Plan Integralaren testuinguruan, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Hobetuz-ek, Enpresa Digitalak eta Ibermaticak lagundu dute.
Guztira 18 pertsonak parte hartuko dute 50 orduko iraupena izango duen ikastaroan. Bost modulutan banatuko da: itzulpen-egokitzea, hizkuntza-prosodiaren kontrola, ahotsa, praktikak gaztelaniaz eta praktikak euskaraz. Zikloak hamabi eguneko iraupena izango du eta ekainaren 20an amaituko da. Matrikulazio eskaera asko jaso direnez, irailean beste bat egingo da Bilbon.
Ikastaroaren helburu nagusia bikoizketaren kalitatea hobetzea izan arren, garrantzia emango zaie, halaber, alderdi soziolinguistikoei, bikoizketa hizketa zuzenaren probalekutzat hartuta. Horrez gain, bikoizketan euskalkien erabilera bultzatzeko moduak eta bikoizketari egokitutako konponbideak bilatuko dira, ikasleek ikasi eta bereganatu ditzaten.
Hizkuntza ereduen erabileraz gainera, ikastaroaren eduki nagusien artean bestelako alderdiak landuko dira, esate baterako, fonetika (bokalismoa, ahoskera, erdarakadak..), prosodia (azentua, erritmoa, intonazioa,…) eta ahotsa (kalitateak, jarrera, ezaugarriak, pertsonaiak sortzea,…). Ikastaroa sektorean ezagunak diren adituek emango dute, hala nola Lluis Comesek, Asier Larrinagak, Bettina Aragonek eta Gonzalo Abrilek.
Data:2009/05/15 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Astelehen honetan, maiatzaren 11n, “Euskolegas” telesaila estreinatu zuten ETB-2n. Protagonista nagusiak Pausokak (Eikeneko bazkidea) ekoitzitako “Vaya Semanita” saioko pertsonaia ezagunak izango dira.
"Euskolegas" telesailak, alde batetik, azken bi urtean saioa egituratu duen minitelesailaren estiloari eutsi nahi dio eta, bestetik, gatazkak areagotu eta konplexuago egin nahi ditu berrogeita bost minutuko sitcoma osatzeko, “Vaya Semanitako” jatorrizko izaera zainduz.
“Euskolegas”-en agertzen diren pertsonaien adina hogei eta laurogei urte bitartekoa da. Era berean, protagonistek euskal gizartean oso ezagunak diren ereduak antzezten dituzte. “Euskolegas”-ek, beraz, ikusle guztiengana iritsi nahi du.
Era berean, Javier Garcia Vicuñak zuzendutako telesail hau “Vaya Semanita” saioaren ikusleak eta hura inoiz ikusi ez dutenak erakartzeko diseinatu da. Oinarrian umorea egonda, “Euskolegas”-eko pertsonei gertatutako istorioak kontatzen dira, betiere, ikuslearen algarak eragiteko asmoz.
Erronka garrantzitsua da, beraz, bai ETBrentzat bai Pausoka ekoizpen etxearentzat.
Data:2009/05/11 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
3Koma ekoizpen etxearen (Eikenen bazkide) “Pintxos” saioa aukeratu dute, berrogeita hamar proiektutik gorako sorta batetik, Cluster Audiovisual Galego elkarteak (CLAG) profesionalei begira antolatzen duen “I+P Ideas para Producir” pitchingaren bosgarren edizioan aurkezteko; Vigon egingo dute pitchinga, datorren maiatzaren 22an.
CLAG erakundeak urtero antolatzen duen "I+P, Ideas para Producir" pitchingeko adituen batzordeak 19 proiektu aukeratu ditu, deialdi honetara aurkeztutako 50 lanetik gorako eskaintzatik. Dagoeneko hogei bat telebista kateetako eroslek eta ekoizpen eta banaketa etxek baieztatu dute foro horretan izango direla, eta horien aurrean aurkeztu ahal izango du 3Komak (“El coro de la cárcel, “El calendario del año”…) telebistarako bere azken lana, gastronomiari buruzko saioa.
Maiatzaren 22an Vigon egingo den pitching hori gune ezin aproposagoa izango da ekoizpen etxe eta gidoilariek beren proiektuak aurkezteko, Galiziako ikus-entzunezkoen arloko enpresa nagusien aurrean ez ezik, baita estatuko eta Europako beste hainbat tokitako ekoizpen eta banaketa etxeen aurrean ere.
Euskal Telebistaren bigarren kateak maiatzaren 2an estreinatu zuen “Pintxos”, 3Komaren saio berria. Larunbatero pintxo-jana egiteko proposamena dakargu saioak, beren taberna kutunak erakutsiko dizkiguten euskal pertsonaia ospetsuen eskutik. Jatorrizko ideia Alazne Páramo bilbotarrarena da; izan ere, telebista lehiaketarako “¡Qué tendrá el pintxo!” proiektua aurkeztu zuen berak eta Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak sustatutako EikenBANK programaren lehenengo edizioaren irabazle izan zen.
“Pintxos” saioaren bigarren emanaldirako (maiatzaren 9a), ahalegin berezia egin du 3Komak eta Athleticeko zenbait jokalari gonbidatu ditu; hala, Errege Kopa jokatzera Valentziara bidaiatu aurretik, beren iritzien eta pintxo kutunen berri emango dute saioan.
Erlazionatutako informazioa: EikenBANKeko prentsa oharra
"Pintxos" programaren estreinaldia
Data:2009/05/08 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Irusoinek koproduzituko duen eta Barton Films-ek (Eikeneko kideak) banatuko duen euskaraz eginiko film luze honek, berriro elkartzen diren bi emakume helduren arteko maitasun istorioa kontatzen digu.
Datorren astelehenean, hilaren 11n, “Axun eta Maite” hasiko dira filmatzen Zizurkilgo baserri batean. Film laburrekin (“Tercero B”, “Sintonía”, “On the line”) eta dokumentalekin (“Lucio”, “Sahara Marathon”) arrakasta lortu ondoren, hauxe da, fikziozko film luzeei dagokienez, Jon Garañoren (Astigarraga 1974) eta Jose Mari Goenagaren (Ordizia, 1976) opera prima. Zinema egitasmo garrantzitsu honek 1,5 milioi euroko aurrekontua izango du.

“Axun eta Maite” filmatzen 6 aste pasako dituzte eta 50 profesional baino gehiagok parte hartuko dute. Gipuzkoako hiriburuaren hainbat lekutan, Zizurkilen, Asteasun eta Errenterian egongo dira. Osorik euskaraz egingo den film hau Irusoinek (“Aupa Etxebeste!”) eta Moriarti Produkzioak ekoitzi dute. Era berean, EiTBren (Eikenen bazkide) parte-hartzea izan du eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntza jaso du. Banaketa Barton Filmsek egingo du (Eikeneko bazkidea).
Filmaren protagonistak Itziar Aizpuru (Axun) eta Mariasun Pagoaga (Maite) izango dira, eta beraiekin batera Jose Ramon Argoitia, Patricia Lopez, Ane Gabarain eta Zorion Egileor egongo dira. Soinu banda, berriz, Pascal Gaignek konposatuko du.
Sinopsia
70 urte dituela Axunen bizitza monotonoa erabat aldatuko da ospitalean dagoen senide bat zaintzeko deia jasotzen duen egunean. Ospitaleko errutinan murgilduta denbora asko pasatzen du, eta bere senarra Juan Marik ez du begi onez ikusten emazteak bizitza independentea egitea. Hori dela-eta, Axunek ezer gutxi esaten dio benetan berezia izan den gertaera batez: ospitalean, Maite aurkitu du berriro, nerabezaroaren lagunik onena.
Denbora igaro izan ez balitz bezala jokatzen dute biek, elkarren ondoan gozatu eta ondo pasatzen dute; Axunek, ordea, aldaketa nabarmena hauteman du Maiterengan: erabateko askatasunez bizi du bere sexualitatea. Lesbiana da. Iraganean zerbait berezia sentitu zuen arren, Axuni ez zitzaion inoiz bururatu hura zerbait gehiago izan zitekeenik.
Data:2009/05/08 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (8):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
EikenBANK programaren sustatzailea den Eikenek, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, proiektuak aurkezteko emandako epea joan den apirilaren 30ean amaitu zen. Epe horretan ikus-entzunezkoen arloan lana egiten ez duten gazte sortzaileek dokumentalak, lehiaketak, filmak, telesailak eta abar egiteko proiektuak aurkezteko aukera izan zuten. Ekimena kudeatzeko erabilitako web orriak 55 idei original jaso ditu, hau da, EikenBANKen lehen aldian aurkeztutakoak bi halako baino gehiago, iaz 27 proiektu aurkeztu baitziren.
Eikenek garatutako ekimen berritzaileenetakoa da EikenBANK. Bere helburu nagusia da profesionalak ez diren gazte sortzaileak Euskal Ikus-entzunezkoen Sektoreko enpresekin harremanetan jartzea, lankidetza horrek produktu berriak eta lehiakorrak eman ditzan.
Urtarrilean martxan jarritako bigarren edizio honek lehenengoaren egitura bera dauka, nahiz eta berrikuntza batzuk egin diren. Proiektua ekoizteaz eta 4.000 euroko saria jasotzeaz gainera, irabazleak beka bat jasoko du zenbateko berarekin, lau hilabetez ekoizpen etxe batean lana egiteko bere ideia garatzen. Hain zuzen, maiatzaren 2an ETB-2k “Pintxos” izeneko saioa estreinatu zuen. 3Koma enpresak ekoitzitako gastronomia saio hori Alazne Paramoren, 2008ko lehiaketaren irabazlearen, ideian oinarritzen da.
Eikenek, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, positibotzat jo du bigarren aldi honetan programan izandako parte-hartze handia. “Kontua ez da ideia bat aurkeztea, seriotasunez garatutako proiektu bat baizik; 55 baino gehiago jaso ditugu eta horrek poz handia ematen digu” adierazi zuen Eikeneko zuzendari Itziar Menak. Horren harira, gogoratu zuen programa sektorea dinamizatzeko eta gazte sortzaileak eta enpresak harremanetan jartzeko helburua betetzen ari dela. “Iazko irabazlea ez ezik, finalera iritsi beste ziren biak ere lanean daude gure enpresetan” nabarmendu zuen Klusterraren arduradun nagusiak.
Urteko lehen hiruhilekoan EikenBANKeko arduradunek ia bostehun ikasleren aurrean aurkeztu zuten ekimena prestakuntza zentroetan, zinema eskoletan eta ikus-entzunezkoari lotutako unibertsitate tituluetan. Guztira 55 proiektu aurkeztu dira. Parte-hartzaile gehienak Gipuzkoako eta Bizkaiko gazteak dira, eta, besteak beste, lehiaketak, telebista saioak, film laburrak eta luzeak eta telesailak egiteko ideiak aurkeztu dituzte. Orain 3Koma, Baleuko, Canal Bizkaia, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K 2000, Orio Produkzioak eta Pausokako kideek osatutako epaimahaiaren txanda da. Hilabete inguruan proiektu irabazlea jakinaraziko dute.
EikenBANK zenbakitan
EikenBANKeko bigarren aldi honetan 70 pertsonek sinatutako 55 lan jaso dira, eta 2008an 34 proiektu aurkeztu ziren. Parte-hartzaileen %44 bizkaitarrak dira, %36 gipuzkoarrak, %7 arabarrak eta %13 beste jatorri batekoak. Aurkeztutako 55 proiektuen artetik, gehienek, %25ek, dokumentalak egiteko ideiak proposatzen dituzte. Ondoren, proiektuen %16 film laburrak eta telebista saioak egiteko proposamenak dira, eta, azkenean, telesailak egiteko ideiek %15 hartzen dute. Realityak, magazineak eta film luzeak egiteko proiektu gutxiago aurkeztu dira.
Data:2009/05/06 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.