Vilauk, Eikeneko bazkideak, norako turistikoak kudeatzeko sistema, DMS izenez ezagutzen dena, ezartzeko proiektuan parte hartu du, Costa del Soleko Turismo Patronatuarekin batera. Sistema norako turistikoa hautatzeko esku hartzen duten fase guztiak jasotzeko diseinatua dago; izan ere, informazio turistiko guztia biltzen du, eta erreserbak egiteko nahiz zerbitzuak kontratatzeko aukera ematen du denbora errealean.
Vilauk turismo sektorerako irtenbide berritzaileak merkaturatzen ditu. DMS sistemaz gain, ikus-entzunezko sareko gidak edo webTBak eskaintzen ditu, besteak beste. Gaur egun, Philadelphiako Turismo Patronaturako ari da lana egiten Estatu Batuetan, Philadelphia TV telebista katea martxan jartzeko.
Vilauri esleitutako sistema horren bidez, norako turistikoak osorik kudeatu daitezke, eta sektore publikoko nahiz pribatuko eragile guztien arteko elkarlana sustatzen da. Horrela, baliabide turistikoen hornitzaileek parte hartzeko aukera izango dute, eta produktuak sustatzeko salmenta bide bat izango dute.
Gainera, sistema nazioartean ezartzen ari da, batez ere, Britainia Handiko merkatuan --Liverpool, Lancashire, Bath eta Brighton --, non “ezinbesteko” laguntza bihurtu den norako bati buruzko informazio turistikoa sustatzeko. Hain zuzen ere, Vilauk nabarmendu du hilero milioi bat librako balioko erreserbak kudeatzen dituztela eta atariak bi milioi bisitari bakar baino gehiago jasotzen dituela.
Kanal anitzeko plataformak –web mugikorra, kiosko elkarreragileak, telebista— bezeroak kudeatzeko sistema bat du, bulego turistikoen, ‘call center’-en edo interneten bidez informazioa eskatzen duten bisitarien datu guztiak biltzen dituena. Horrek guztiak segmentatutako kanpainak egitea errazten du hainbat tresna erabilita, hala nola posta elektronikoen zerrendak edo sareko buletinak.
Orain, enpresa Costa del Soleko web atari berriaren diseinu grafikoa eta garapen teknikoa egiten ari da, eta, bertan, ‘turismo gune ospetsu horren esentzia eta nortasuna islatuko du’.
Fecha:2010/05/21 | Categoría:: Eikeneko kideak
Comentarios (1):Leer comentarios / Agregar comentario >>
Gasteizko Sonora Estudioak, Eikeneko kidea, negozio arlo berri bat eratu du: SMS (Sonora Music Services). Musika grabatzeko zerbitzu osoa eskaintzea da helburua, eta batez ere, zinemaren, bideojokoen eta musikaren industriekin lotutako premiak estaltzea bilatzen du.
Sonora Estudioak, hain zuzen, zuzeneko soinuak grabatzeko, gela efektuak grabatzeko, soinuaren produkzio ondokoa egiteko eta bideoaren edizio lana egiteko zerbitzuak eskaintzen ditu. Era berean, zinemaren eta bideoaren ikus-entzunezko ekoizpenean ere badihardu. Orain, berriz, negozio arlo berri bat sortu du: SMS (Sonora Music Services). Bideojokoen eta diskoetxeetako ekoizleen industria ere arlo interesgarriak dira beretzat. Dagoeneko abian du arlo berri honetako lehenengo lana. Hain zuzen ere, Reader's Digest argitalpen estatubatuar ezagunaren musika zerbitzuen atalerako ari da lanean; izan ere, aurreko urtarrilean Cannesen egin zen Midem nazioarteko azokan jarri ziren harremanetan Gasteizko enpresa eta enpresa estatubatuarra.
Reader's Digestekin sinatutako kontratuaren oinarrian, 30 musikarik osatutako talde sinfonikoarekin zinemarako musika grabatzeko lana dago. Grabaketa lan hori, hain justu, maiatzaren 16an egingo da, Gasteizko Udal Kontserbatorioan. Sonora Estudioak bere bizkar hartu ditu proiektu horren ekoizpen fase guztiak. Era honetako proiektuak gauzatuta, ikus-entzunezkoen industriarako musika grabatzeko erreferente bilakatu nahi du Sonorak.
Fecha:2010/05/14 | Categoría:: Eikeneko kideak
Comentarios (0):Leer comentarios / Agregar comentario >>
Eikenen bazkide den Eibarko G93 enpresak estropada emankizunetarako sistema bat garatu du, GPSa eta 3Dko birsortze lan birtualak erabilita. Berez daukan kostu txikia da, hain zuzen, sistema honen abantaila nagusia; izan ere, gaur egungo emankizunekin alderatuta, gastuen %80 aurreztea dakar. Azken batean, gaur egun, helikopteroa eta katamaranean jarritako kamera finkoak erabili behar izaten baitira.
Hain justu, aurreko asteartean, maiatzak 11, egin zuten proba; Getariako uretan. ARCekin lankidetzan (estropaden “bigarren maila”), G93k 4 traineru profesional bildu zituen (Orio, Zumaia, Getaria eta Zarautz), eta emankizunetarako ekipo oso bat instalatu zuen. GPS seinaleen bitartez, kamerek errealizazio gunera bidali zituzten hartualdiak, helikopteroan errebotatzeko premiarik izan gabe. Hala, sistemak traineruen irudiak sortu zituen, argazki mapen hondoen gainean.
Sistema honi esker, gainera, arraunlarien aurpegiak ikusi ahal izango dira; nola helmugan, hala kanpoko ziabogetan. Era berean, mikro-kamerak erabiltzeko aukera ere ematen du, traineruetan bertan jarrita. Proba horretan, satelite bidezko emanaldia egin zen, 'streaming' sistemaren bitartez eta bi megako banda zabalerarekin. Horri esker, Internet bitartez zabaltzeko aukera ere bada.
Fecha:2010/05/14 | Categoría:: Eikeneko kideak
Comentarios (1):Leer comentarios / Agregar comentario >>
Robert McKeek, gidoigintzari buruzko bere lanekin zinema eta telebistaren mundua irauli zuen idazle estatubatuarrak, ikastaro magistral bat eskainiko du maiatzaren 28an Bilbon. Mintegia Gidoi Faktoriaren I. Edizioaren amaieran egingo da, EiTBk eta Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak (EIKEN), Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu duten ikastaroaren amaierako ekitaldien barnean.
Detroiten jaiotako 69 urteko irakaslea munduko hiri handienetan ibili da zinemako gidoigintzari buruzko bere mintegiarekin, eta 'master class' bat eskainiko du oraingoan lehen aldiz eta era esklusiboan telebistako gidoigintzari buruz. Zehazki, telebistak gaur egun bizi duen 'urrezko aroaren' zioak eta gakoak azalduko ditu.
09:00etan hasi eta 19:00etan amaituko den mintegi berezi honetan hainbat alderdi landuko dira:
-Etorkizuneko joerak telebistako gidoigintzan
-Telebistako gidoigintzaren gaur egungo tresnak
-Berrikuntza eta esperimentazioa gaurko telebistan
-Telebista saioen gaur egungo arrakastaren gakoak
-Sitcom-a, dramak eta serie laburrak.
McKeeren ekitaldiaz gainera, gidoigintzan aritu nahi duten pertsonei zuzendutako Gidoi Faktoriaren II. Edizioaren jarduera programa ezagutzeko aukera izango da. Irakasleen artean, gaur egungo saio arrakastatsuenen arduradunak daude: 'Águila Roja', 'El internado', 'Aida' eta '7 vidas', 'La Señora', 'Amar en tiempos revueltos', 'Gran Hermano', 'Callejeros', 'Vaya Semanita' edo 'El Hormiguero'.
Mintegian parte hartu nahi duten pertsonek maiatzaren 25a baino lehen eman behar dute izena, www.gidoifaktoria.com web orrian, edo 94 656 32 37 / 688 60 50 33 telefonoetara deituz. Prezioa: 200 euro.
Fecha:2010/05/11 | Categoría:: Eikeneko ekintzak
Comentarios (1):Leer comentarios / Agregar comentario >>
Bilbon egin zen Animabasque-Businessen III. edizioak animazioaren sektoreko 80 profesional baino gehiago bildu zituen gaur egungo animazio-proiektu aipagarrienen inguruan. Sortzaileen, produktoreen eta banatzaileen elkargune izateko sortu zen foroak aise bete zituen bere helburuak, eta horren erakusgarri dira hiru ordu baino gehiago luzatu ziren arratsaldeko "aurrez aurreko" bilerak.
Alde horretatik, bilkuran izan zirenen interesa ikusita –besteak beste, Erresuma Batuko Bryantt Whittle eta The Illuminted Film Company enpresak edo Alemaniako Motion Works–, antolatzaileek zabaldu egin behar izan zuten "workshop"-eko elkarrizketen programa, eta harreman horietako askok jarraipena izango dute aurrerantzean.
Goizeko saioan bederatzi proiektu aurkeztu ziren, horietako batzuk garapen-fasean eta beste batzuk produkzioan. Zehazki: Abra Prod, Bitart New Media, bi hauek Eikeneko kideak, Basque Films, Somuga eta Abrakham Studios (Euskadi), Xperimenta Planet (Madril), Lince Studios (Bartzelona), Extra Extremadura (Badajoz) eta Bryant Whittle (Erresuma Batua).
Inaugurazio-ekitaldian izan ziren Inmaculada Freije, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko Plangintza eta Estrategia Zuzendaria, Ibone Bengoetxea, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Zinegotzia, Maria Fitzpatrick, Bilboko Britainiar Kontsulatuko Merkataritza Agregatu Laguntzailea eta Juan Mari Gurrutxaga, EIKENeko presidentea. Denek nabarmendu zuten era honetako ekitaldien balioa eta agerian utzi zuten animazioak arlo ekonomikoan duen garrantzia.
Fecha:2010/05/06 | Categoría:: Eikeneko ekintzak
Comentarios (1):Leer comentarios / Agregar comentario >>
Joan den ostiral honetan, 'Goenkale' telesailak 3.000. atala grabatu zuen. Urtemuga berezia izaki, grabaketak hainbat berezitasun izan zituen: telesailaren jarraitzaileek 'streaming' bidez ikusteko aukera izan zuten estreinatu berri den webgunean. Telesail honen ekoizpenean eta emankizunean aspalditik dihardute ETBk eta Pausokak, Eikeneko kideak biak.
Goizeko 08:30ean hasi zen 3.000. atalaren grabazioaren emankizuna, telesaileko aktoreak Miramonera iritsi ziren unean. Grabazio egun baten gorabehera guztiak erakutsi nahi izan zituzten eta horrexegatik 14:45ak arte lan nola egiten den ikusteko aukera izan zen. Horretaz gain, telesaileko aktoreek Facebook eta Twitter bidez (#goenkale) egindako galderak erantzun dituzte goizean zehar.
Ostiral honetakoa abiapuntua besterik ez zen izan. Urtemugaren aitzakian, 16. denboraldia amaitu bitartean hainbat ekimen burutuko dira: apustu edo desafio bereziren bat, lehiaketak eta festa handi bat, ekainaren 29an, Bilboko egoitzako Multibox gelan, uztailaren 5ean emitituko den atalaren aurrestreinaldia izango dena.
Bestalde, webgune berria estreinatu du 'Goenkalek'. Besteak beste, telesailaren lehen atala zintzilikatu dute eta arrakasta handia izaten ari da. Lehiaketa bat ere topa daiteke web gune berrian: argazkian agertzen den telesaileko pertsonaia nor den asmatu behar da. Asmatzen duten guztien artean ekainaren 29an EITBren Bilboko egoitzan ospatuko den 3.000 atalaren aurre-estreinaldira gonbidapenak zozketatuko dituzte. Horrez gainera, web gunean astelehen eta asterteko 'Goenkaleko' atalak zuzen-zuzenean 'streaming' bidez ikusteko aukera eskaintzen du.
Drama, komedia eta intriga nahasketa da telesailaren arrakastaren giltzarrietako bat. Euskal aktore harrobi emankorra ere izan da 'Goenkale'a. Urte hauetan 400dik gora aktorek hartu du parte bertan, eta gizarte eta kultur arloko pertsona ezagunak ere agertu dira tarteka: sukaldariak, kirolariak, telebista aurkezleak, musikariak, idazleak, bertsolariak...
Fecha:2010/05/03 | Categoría:: Eikeneko kideak
Comentarios (1):Leer comentarios / Agregar comentario >>
A través en este blog queremos contaros las actividades que realiaza EIKEN, así como aquellas noticias que creamos que puedan ser interesantes relacionadas con el ámbito audiovisual vasco.