BERRIAK

Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak bazkideen Batzar Nagusian lehen 2009-2011 Plan Estrategikoa aurkeztu zuen ekainaren 25ean, Euskal Ikus-entzunezkoen Sektorearen garapen lehiakorraren liderra izateko proposamena jasotzen duena. Dokumentuak sektorearen gaitasun lehiakorra zehaztuko dituzten alderdi giltzarriak aurreratzen ditu, Porter diamanteren metodologiaren arabera. Eikenen arabera, lehiakortasunaren osagai giltzarriak honako hauek dira: nazioartekotasuna, talentua, berrikuntza eta aukera berrien bilaketa, Ikus-entzunezkoen munduan ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko moduan gertatzen ari den iraultzatik abiatuta.

Digitalizazioaren eta teknologia berrien testuinguruan, Eikenek negozio tradizionala lekuz aldatzen ari den “ikus-entzunezko negozio berriaren” sorrera baieztatu du; dena den, lehenengoak fakturazioaren zama nagusia hartuko du oraindik datozen urteetan. “Ikus-entzunezko negozio berri” horren ezaugarriak dira TDTrako edukien ekoizpena, hainbat euskarritarako (telefono mugikorrak, Internet, tokiko TBak) “low cost”-en sorreran eta ekoizpenean espezializatzea, eta zinemako nahiz TBko edukiak gailu mugikorretara egokitzea. Era berean, soluzio interaktiboen bilakaeran bereizten da, e-Admnistrazioko edukiak hornitzen ditu, aisialdia du ardatz nagusi eta lehenesten duen publikoa 45 urtetik beherakoa da. 

Testuinguru berri honetan Klusterrak eginahalak egingo ditu EAEn nagusi diren zerbitzu tradizionaletako ekoizpen etxeek eta enpresek beren negozio nagusia bultzatu dezaten lehiakortasuneko hobekuntzen laguntzaz (prestakuntza, kalitatea, nazioartekotasuna), eta, aldi berean, negozio berrietan sartzeko aukerak bilatu ditzaten. Horren harira, Eikenek enpresen garapena bultzatzea proposatzen du beren lehiakortasuna etengabe sustatuta, berariazko prestakuntzaren, berrikuntzaren eta zerbitzu aurreratuen hornikuntzaren bitartez eta talentuaren aldeko erronkari garrantzia emanez; izan ere, alderdi hori erabakigarria da sektorearen arrakasta lortze aldera.
 
Era berean, Klusterrak enpresa egitura egokitua garatu nahi du, euskal enpresen tamaina txikiak eragozpen garrantzitsua izan ohi baita sektorearen garapenerako. Eikenen lehentasunezko lan ildoen artean dago, halaber, nazioartekotasuna eta kanpoko merkatuetara ateratzea. Horri dagokionez, Basque Audiovisualaren laguntzaz Cannesko azoka nagusietan (MIPTV, MIPCOM eta MIF) gure sektorearen presentzia finkatu da, eta aurrera begira ildo hori landuko da Klusterraren Nazioarteko Planaren bidez.

Bestalde, Eikenek antena hargailu gisa jokatu nahi du abangoardiako jakintza enpresen eskura jartzeko, eta sektoreari aurrera egiten laguntzeko zehaztutako estrategiaren norabidean. Izen ere, negozio berrien garapenak jakintza sortzeko eta partekatzeko ahalegin handia eskatzen du. Klusterrak enpresa eragiketak ere lagunduko ditu (enpresa berrien sorrera, fusioak, Euskaditik kanpoko enpresetan inbertitzea, eta abar), bere bazkideen edo Administrazio publikoaren ekimenez sortzen baldin badira eta haien helburua sektore osoaren garapen lehiakorra garatzea baldin bada.

Izan ere, Eikenek azken hilabeteotan hausnarketa estrategiko sakona egin du eta horri esker Euskal Ikus-entzunezko Sektorearen ahulguneak eta indarguneak diagnostikatu ahal izan ditu, Sektoreko Berrikuntza Agendaren barruan sartuko diren ekintzak mahai gainean jarriz, sektoreko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko xedearekin.

Prentsa oharra

Data:2009/06/26 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Azpeitiko Jesusen Bihotzaren Esklaben Komentuan hasiko dira filmatzen ekainaren 22an "Izarren Argia", Mikel Rueda Sasieta gidoigile eta zuzendariaren lehen film luzea. Baleukok (Eikeneko bazkidea) ekoitzi, eta Barton Fimlsek (Eikeneko bazkidea) banatuko duen film honek Eusko Jaurlaritzaren eta EiTBren laguntza jaso du. Gorostilanda prentsa arduraduna izango da pelikula filmatzen den bitartean.

Filmaketan ikus-entzunezko arloan diharduten berrogeita hamar langile inguruk parte hartuko dute eta abuztuaren 1a arte Oiartzun eta Hondarribiko hainbat gunetan ibiliko dira. Egitasmoan Gonzalo Berridi izango da argazki zuzendaria, Peio Villalva arte zuzendaria eta musika, berriz, Jose Ramon Gutierrezek jarriko du.

Gipuzkoan filmatuko den zinema egitasmo garrantzitsu hau Axun eta Maite filmatzen amaitu eta egun gutxira hasiko da. Alderdi artistikoari dagokionez, emakumezko aktore gazte ezagunak egongo dira, hala nola Barbara Goenaga edo Estibaliz Gabilondo. Horiekin batera, Klara Badiola, Amaia Lizarralde, Itziar Ituño, Teresa Calo, Amagoya Laucirica, Garbiñe Insausti, Sara Cozar edo Itziar Lazkano ditugu aktoreen zerrendan. 

Laburpena
Izarren Argia 90 minututan Victoriaren (Barbara Goenaga) istorioa kontatzen digun drama historikoa da. Izan ere, Gerra Zibilean, askatasuna galtzeaz gainera, semea kendu zioten indarrez emakume horri. Harrigarriena izan zen, ordea, egoera zail horretan emakumeak itxaropenari eusteko izandako gaitasuna. 

Errepublikano baten alarguna, Victoria Saturraranen giltzapetzen dute. Mojek zaindutako emakumezko espetxe horretan bizi izan zen Gerra Zibileko pasarterik ilunenetako bat. ‘Pantera zuria’ zentroko zuzendariak (Itziar Lazkano) eta komunismoarekin amaitzeko Vallejo doktorearen teorien jarraitzaile fidelak semea kentzen dio Victoriari eskuetatik, eta gauza bera egiten du beste presa batzuen semeekin.

Data:2009/06/24 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Rogaland eskualdean, Norvegiaren hego-mendebaldean, dagoeneko prestatzen ari dira Cartoon Forumaren hogeigarren urteurrena. Europako animazioaren urteko foro honen helburua da animazioko telesailen koprodukzioa, finantzaketa eta banaketa sustatzea. Baleuko (Eikeneko bazkidea) eta Somuga aukeratu dituzte, ospe handiko foro horretan beren proiektuak aurkezteko.   

Irailaren 22tik 25era animazioaren mundua Stavanger eta Sandnes hirietara begira egongo da; izan ere, Europako ekoizleek bertan aurkeztuko dituzte  Europako animazioko telesailen belaunaldi berria zein ikus-entzunezko plataforma berriak.

Cartoon Forumaren emanaldi berri honetan nagusi izango dira Europako animazioaren ezaugarri diren kalitatea eta aniztasuna. Guztira, 63 proiektu aurkeztuko dira, eta horietatik, 28 bi edo herrialde gehiagoren arteko koprodukzioak izango dira. Aurkeztutako proiektu guztiak batuta animazioko 320 ordu egongo dira ikusgai, eta aurrekontu orokorra 155 milioi eurokoa izango da.

Espainiako ordezkaritzan, Baleukoren (Eikeneko bazkide) eta Somugaren bi proiektu daude. BaleukokBlack to the moontelesaila aurkeztuko du. Proiektua izenburu bereko film luzearen jarraipena da eta euskal ekoizpen etxeak dagoeneko arrakastaz aurkeztu du nazioarteko hainbat azokatan. “Canneseko azken emanaldia egin zenetik, TVE arduratzen da filmaren nazioarteko salmentez eta oso pozik daude merkatuan izan duen harrerarekin” azaldu digu Miguel Gómez Tejedor Baleukoko animazio arduradunak.

Cartoon Forumerako Espainiako ordezkaritza honako enpresa hauek osatua egongo da: Anera Films; Benece Produccions; Cromosoma; Enne Entertainment; Hampa Studios; Mago Audiovisual Production; Motion Pictures; Neptuno Films; Pigmeos Animación; Screen 21; Tiburón de Animación; Tomavistas eta Zebra Animation.

Maila teknikoari dagokionez, 2Dko proiektuen kopurua 3Dkoen baino zertxobait handiagoa da (%41 eta %37, hurrenez hurren); bestalde, nagusi dira beste behin 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzako proiektuak, %39 hartzen baitute.
 
Jaialdiaren ardatza den proiektuen aurkezpenarekin batera, Cartoon Forumek animazioko film onenari emandako 2009ko Cartonn d`or saria banatuko du; sortuz geroztik, sari horrek Europako talentu berriak bultzatzen lagundu du. Horrez gain, Cartoon Tributes sariak banatuko dira, Europako animazioa bultzatzen diharduten ekoizleen, telebista kateen eta inbertitzaileen lana goraipatzea xede dutenak.

Data:2009/06/19 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

“Nekeetan, irria ezpainetan”. Horixe pentsatuko zuen Imanol Ortizek “Artículo 35” telebista-saioa bururatu zitzaionean. Lan bila ari diren pertsonei laguntza ematen dien saioa da, hain zuzen ere. ‘Dokureality’ hori aukeratu dute ikus-entzunezko 55 proiekturen artean (dokumentalak, telesailak...), Ikus-entzunezkoen Sektorearen Klusterrak sustatutako EikenBANK programaren bidez modu profesionalean produzitua izateko.

Sari banaketa ekainaren 9an EiTBren (Eikeneko kidea) Multibox aretoan izan zen. Ekitaldian, besteak beste, Jon Moran, Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza Agentziako Zuzendaria; Mikel Toral, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaria; Carmelo Garitaonandia, UPV/EHUko Bizkaiko Errektoreordea; Iosu Zabala, Mondragon Unibertsitateko Errektorea; Luis Almaraz, BBK Gazte Lanbideko Zuzendaria; Ibone Bengoetxea, Bilboko Udaletxeko Kultura eta Hezkuntza Zuzendaria, eta Alberto Mendez, SPRIko Zuzendari Korporatiboa egon ziren.

Orain, K 2000 produkzio-etxearen eskutik, “Artículo 35saioa martxan jarriko da ikus-entzunezko produktu gisa, eta, azkenean, ETBk jarriko du ikusgai. Gainera, proiektuaren egileak 4.000 euroko diru-saria du, bai eta diru-kopuru bereko beka bat ere, lau hilabetez enpresarekin batera lan egin dezan, bere ideia garatu ahal izateko. Epaimahaiko kideek proiektu honen originaltasuna eta bideragarritasun komertziala baloratu dute, batez ere.

Oraingoan, gainera, epaimahaiak sari berezia eman dio Ana Hormaetxeren (Getxo) “Protervo” proiektuari. Telefono mugikorretik ikusi ahal izango den fikziozko telesaila da, hain justu. Izan ere, EikenBANKen arduradunek modu positiboan baloratu dute aurreranzko urrats hori, formatu berrietara eta ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko modu berrietara (kasu honetan, telefono mugikor bidezko telebista) egokitzen diren eduki multimedietarako proposamena delako. Proiektu honen kasuan, Irusoin eta Orio Produkzioak enpresak arduratuko dira ideiaren garapen posiblea aztertzeaz.

EikenBANKen arduradunek ahalegin handia egin dute ekimena aurkezteko; izan ere, prestakuntza-zentroetako, zine-eskoletako eta ikus-entzunezkoekin lotutako zenbait titulazio unibertsitariotako ia bostehun ikasleri aurkeztu diete proiektua. Eikenek 2008an martxan jarritako programa berritzaile honen helburu nagusia da profesionala ez den talentu sortzailea aurkitzea eta talentu hori enpresekin harreman zuzenean jartzea, lankidetza horretatik produktu lehiakor berriak sortu daitezen Euskadiko Ikus-entzunezkoen sektorearen barruan.

Hain zuzen ere, enpresen eta talentuen arteko harreman zuzena sustatzeko asmoz, EikenBANKen sari-banaketan –atzo arratsaldean egin zen, EiTBren eraikineko Multibox Aretoan– Face to Face bat antolatu zen (F2F EikenBANK), finalistek aukera izan zezaten produkzio-etxeekin harremanetan jartzeko eta esperientziak trukatzeko.

EikenBANKek Klusterreko bederatzi enpresaren inplikazioa dauka: 3Koma, Baleuko, Canal Bizkaia, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K 2000, Orio Produkzioak eta Pausoka dira enpresa horiek. Gainera, babes instituzional handia dauka; hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Kultura sailek, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Berrikuntza sailek, SPRIk, Bilboko Udalak eta BBKren Gazte Lanbidean Fundazioak babesten dute ekimena.

Instituzioek modu positiboan baloratu dute elkarren lehian aritzen diren enpresak –Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko garrantzitsuenak– proiektu batean elkartu izana, profesionala ez den talentuaren aldeko proiektu bat bultzatzeko. Aurreko edizioan bezala, ekimenak EHU/UPVren, Mondragon Unibertsitatearen, Deustuko Unibertsitatearen eta EAEko Ikus-entzunezko Ikasketa Zentro eta Zine-eskola guztien babesa dauka.

Prentsa oharra

Data:2009/06/10 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Tradizioa eta berrikuntza. Bi gako-hitz, Portugalgo Gobernuak bere eskaintza turistikoaren nortasun adierazle bihurtu nahi dituena. Horregatik, eta herrialdearen marka mundu osotik zabaltzeko proiektu baten zati gisa, 7,5M euro bideratuko ditu Unescok gizadiaren ondare izendatutako bere lau komentu berritzeko –Alcoçaba, Batalha, Jeronimos eta Cristo-, eta horrela, ibilbide turistiko handi bat sortuko du, marketing komertzialaren bilakaera berriei jarraiki. Vilau enpresa izango da proiektuaz arduratuko dena eta helburutzat izango du turismoa egiteko modu berri bat sortzea, bisitariak ez daitezen subjektu pasibo izan, baizik eta ingurunearekin elkarrekin dezaten.

Hori lortzeko, Lisboatik hurbil dagoen Tomar hirian kokatuta dagoen Cristo Komentu Tenplarioan munduan bakarra izango den eduki digitalak dituen interpretazio zentro bat eraikiko dute. Bertan, zinemako gaiak nahasiko dira elementu birtualekin, emaitza guztiz erakargarria lortzeko. Eraikuntza lanak bukatzen direnean, bisitariak historia azaltzeko eredu berri baten lekuko izango dira eta errealitate birtualaren bitartez iraganeko aspaldiko gertaeretara bidaia egingo dute, eta, gainera, kontakizun epikoak entzungo dituzte haiek bizi izan zituzten protagonisten ahotatik.

Nahiz eta proiektua definizio bidean egon oraindik, sei hilabete hartuko duen lana, hain zuzen, jadanik hasi dira oinarriak izango direnak zehazten. “Funtsezkoa da monumentu batera etortzen diren bisitariak inguratzea eta modu erakargarrian historian barrena gidatzea, komunikazio arloko punta-puntako teknologiarekin erakusketa baliabideak nahasten diren bitartean”, dio Fernando Aguirrek, Vilau enpresaren garapen zuzendariak.

Cristo Komentua, 1162an on Gualdim Pais Templeko Mestre Handiak sortua, kultur, turismo eta debozio gune da; bertan txertatzen dira elementu erromaniko, gotiko, manierista eta barrokoak. Bere garrantzi historiakok eta bere edertasunak ikur nagusi bihurtu dute portugaldarrentzat eta bestalde, turismo pizgarri erakargarri, urtero bisitatzen duten lau milioi pertsonei esker. 1983an Unescok Gizadiaren Ondare-Monumentu izendatu zuen.

Data:2009/06/05 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa