BERRIAK

Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, Itesa / Erpin 360ren eta Politeknika Ikastegia Txorierriren lankidetzaz eta Bilbao Nexten laguntzaz, Estereoskopiari (3D) buruzko I. Jardunaldi Profesionala egin zuen ekainaren 28an. Jardunaldiaren helburua 3Dn garatutako ahalmenak sektoreari aurkeztea zen, baita arlo horretan prestakuntza sustatzea ere. Horrez gain, gure inguruan egindako esperientzia arrakastatsuenak erakutsi ziren. 100 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Alhóndiga Bilbaora, jardunaldian parte hartzeko.

Topaketa 3Dren arloko adituek eman zituzten hitzaldietan egituratu zen. Era berean, teknologia horren bidez grabatutako materiala proiektatu zen, eta grabazio eta postprodukzio prozesuen xehetasunak azaldu ziren. Egitarauak ikuspegi bikoitza eskaini zuen: profesionala eta prestakuntzari lotutakoa.

Inaugurazio ekitaldian, Bilbao Nexteko zuzendari Marcos Murok eta Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko presidente Juan Mari Gurrutxagak parte hartu zuten. Jarraian, hitzaldiak eman zituzten Politeknika Ikastegia Txorierriko Juan Ángel San Vicentek eta Jon Arisketak, Nafarroako “d4d Ingeniería Visual” enpresako Javier Cabanasek eta Bartzelonako "Apuntolapospo" posprodukzio estudioko José María Aragonés Gayak.

Amaitzeko, jardunaldian lagundu zuten hiru enpresek estereoskopiako tekniken bidez sortutako materialak proiektatu ziren. Besteak beste, kirol emanaldiak, telebistako iragarkiak edo film luzeak ikusi ahal izan ziren.

Data:2011/06/29 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

"Sunny Side of the doc" Dokumentalaren Nazioarteko Azoka ekainaren 21etik 24ra egin da, Frantziako La Rochelle hirian, eta euskal industriak ordezkaritza zabala izan du. Azokak interes handia piztu du, eta, lehenengoz, Euskadiko 16 enpresak beren proiektuak eraman dituzte La Rochellera, Basque Audiovisularen babespean

Zehazki, hauek dira "Sunny Side of the doc"en egon diren enpresak: Basque Films ("Camaradas"), Bitart (Bilbao Mahler), Dig y Tal, Fascina Producciones ("Flores de la frontera"), Gasteiz Film Office, Ibaia ("Lau Haizetara"), Idem ("La primera vuelta al mundo"), Kiribati ("Ocharcoaga 1961"), Moztu ("Cuidadores"), On-time ("Gurinaren oroimena), Txalapart ("Pure life"), Txintxua Films ("Bertsolari"), Tuntuxa ("Ttaup, Ttaup!"), Signo digital ("Sistiaga frame by frame", "Basque Hotel") eta Sonora ("Manuel Iradier, the explorer kid", "Identities").

Eikenek eta Etxepare Institutuak batera eginiko ekimen honen bidez, euskal ikus-entzunezkoen presentzia bermatu nahi da lehen mailako nazioarteko erakusleiho honetan, enpresen salmenta lana bultzatzeari begira. Era berean, eta standean zuzenean egingo den lanaren osagarri, euskal enpresei buruzko informazioa www.basqueaudiovisual.com web orrian eskuratu daiteke, Euskal Ikus-entzunezkoen on-line katalogo gisa.

Prentsa oharra

Data:2011/06/24 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren bazkide diren enpresek Bazkideen Batzar Nagusian aukeratu zuten datozen 3 urteetan erakundea gidatuko duen Zuzendaritza Batzordea. Bozketan, Mixerreko zuzendari Juan Mari Gurrutxaga aukeratu zuten berriro Eikeneko presidente izateko, eta ondoan izango ditu Itesako zuzendari gerente Begona Ayarza lehen presidenteorde gisa eta 3komako zuzendari nagusi Juan Carlos López bigarren presidenteorde gisa. Zuzendaritza Batzordea berrituta, euskal ikus-entzunezkoen sektorea ordezkatzen duten hamabi erakundeek elkartearen gidaritza eramango dute. Aipatutako Mixer, Itesa eta 3koma erakundeez gainera, honako hauek daude: Vilau, K 2000, Pausoka, Vicomtech-IK4, Euskaltel, EiTB, Irusoin, Bainet TV eta Euskal Produktoreen Elkartea EPE-APV.

Zuzendaritza Batzordea berritzeko prozesua Ohiko Batzar Nagusian egin zen, eta bertan azaldu ziren, halaber, sektoreko egoeraren ildo nagusiak. Klusterrak erregistratutako datuen arabera, EIKENeko enpresa bazkideek 123,6 milioi euro fakturatu zituzten 2010ean, eta 2.032 pertsonari eman zieten lana. Zifra horiek, ordea, nabarmen murrizten dira produkzio enpresetako datuen erreferentzia hartuz gero. Izan ere, enpresa horien fakturazioa % 19 murriztu zen, eta joan den urtearekiko % 20 jaitsi zen enplegua. Krisiaren eta sektorearen erabateko eraldaketaren presiopean egon arren, lankidetza eta berrikuntzaren aldeko erronkari eutsi diote Eikeneko enpresek, eta 2011n oraingo datu berak izatea aurreikusi dute.

Oro har, Eikenen arabera, batez ere lehen aipatutako faktoreek eraman dute ikus-entzunezko sektorea ziurgabetasun orokorreko garai honetara. Haatik, aurreko ekitaldian Klusterrak sektorea dinamizatzeko martxan jarritako hainbat ekimen sendotu dira, hala nola: EikenBANK talentu ez-profesionalaren bankua, AnimaBasque-Business animazio azoka, Gidoi Faktoria prestakuntza proiektua eta Basque Audiovisual nazioarteko marka.

Nabarmena izan da, halaber, Klusterrak bete duen papera berrikuntzari lotutako banakako eta taldeko proiektuak bultzatzen eta laguntzen. Zehazki, SPRIren 5 Compite programa banatu dira, eta 8 lehiakortasun diagnostiko eman zaizkie ikus-entzunezko sektorearen beste hainbeste enpresari.

Zuzendaritza Batzorde berriak, aurrerantzean eta datozen hiru urteetan, aurreko agintaldian hasitako lanarekin jarraitu beharko du, orduan finkatu baitziren sektorea “Ikus-entzunezko Berrira” eramateko oinarriak. Ekimen hori “Eiken Advance” programaren bidez gauzatzen da, eta programa horrek dagoeneko emaitzak eman ditu bideo jokoen eta “new content”en arloetan.

Data:2011/06/17 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

"Gelditu Parada" saio freskoa eta berritzailea da, eta jendeak autobusean bidaiatzen duenean pentsatzen duena du hizpide. Proiektu honek eskuratu du IV. EikenBANKeko sari nagusia. Epaimahaikideen ustez, Rubén Martínez donostiar gaztearen proiektua originala eta bideragarria da, eta ikus-entzunezko proiektu gisa garatzeko baldintzak betetzen ditu. Hortaz, Rubén Martínezek 2.000 euroko saria jaso du, eta baita Pausoka ekoizpen-etxean trebatzeko beka ere. Gainera, Pausokak berak proiektua ekoitziko du.

Bestalde, bigarren eta hirugarren saria ere eman ditu aurten EikenBANKek. Hain zuzen ere, Aitor Gametxo, María Elorza eta Maddi Castro UPV/EHUko ikasleen “Rituales” proiektuari eman diote bigarren saria, eta David Gamboaren "Euskadi sin asfalto" reality-ari, berriz, hirugarrena. Proiektu bakoitzak 2.000 euroko saria jasoko du. Gainera, aurten estreinakoz eman diren Lan Ekintza Bilbao beketako bat jaso du “Rituales” proiektuak.

Okupenea" fikziozko sailak eta "Euskarabaneros" proiektuak ere beka bana jaso dute (BBK Gazte Lanbidean beka eta Lan Ekintza beka, hurrenez hurren). Azkenik, "Magia tiro pun!" proiektuaren sortzaileek epaimahaiaren aipamen berezia jaso dute, proiektuaren defentsa onenagatik ("pitching").

Sariak, EiTBko Bilboko egoitzan egin den ekitaldi berezian eman dira ezagutzera. Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria eta Juan Mari Gurrutxaga EIKENeko lehendakaria izan dira ekitaldiko buru, eta honako hauek ere bertara bildu dira: Patxi Arratibel EiTBko Estrategia eta Kanpo Harremanetarako zuzendaria, Juan Antonio Arrieta Lan Ekintzako zuzendaria, Arantza Gandariasbeitia BBK Gazte Lanbidean-eko zuzendaria, eta Iñaki Lopez de Agileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria. Gainera, heziketa zentroetako ordezkari gisa, honako hauek ere bildu dira ekitaldira: Carmelo Garitaonaindia UPV-EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Álvaro de la Rica Deustuko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanordea, Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioaren Graduko zuzendaria, eta Iñaki Aizpuru Andoaingo Zine eta Bideo Eskolako zuzendaria.

Prentsa oharra

Data:2011/06/09 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>