BERRIAK

Barton Filmsek (Eikeneko kidea) “Jirafas” eta “Peregrinos” filmak banatzeko eskubideak lortu ditu. Batere antzik ez duten film interesgarri hauek zinema aretoetan ikusi ahal izango dira, abuztuaren 8tik aurrera.

                                                                

“Jirafas” Tzahi Grad israeldar zuzendariak eginiko lehen film luzea da (Barton Filmsek zuzendari beraren “Mal Gesto” banatu zuen), eta “Peregrinos”, berriz, Coline Serrau-ren komedia korala da.

‘Jirafas’ film luzeak hiri handi bateko eraikin bereanbizi diren hiru emakume gazteren istorioa kontatzen digu. Filma protagonisten patuek osatutako puzzle moduko bat da, puskak elkartzean alegiazko errealitate bat sortzen da, agerikoa baino gehiago dena eta hainbat irakurketa egiteko bidea zabaltzen duena. Alegia, bizitza bera bezala.

Bestalde, ‘Peregrinos’ filmak ama hil ondoren familia batek izango dituen gorabeherak kontatzen dizkigu. Bi anaiak eta arrebak jakingo dute herentzia kobratzeko oinez egin beharko dutela Puy-en-Velaytik Santiagora doan bidea. Okerrena da elkarri gorrotatzen diotela eta ibiltzea ere gorrotatzen dutela. Halere, dirua nahi dute, beraz, bidea egiten hasiko dira. ‘Peregrinos’ iparraldean banatuko du Barton Filmsek Badiri banatzailearekin izenpetutako akordioa betez.

Data:2008/07/30 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

“Vaya Semanita” saioko Euskolegas ospetsuen istorioek berezko formatua izango dute aurrerantzean, 12 atalek osatutako telesailean. Pausokak (Eikeneko kidea) uda honetan grabatuko du telesaila, EiTBk (Eikeneko kidea) Miramonen dituen estudioetan.

                                                                

Pausoka ekoizpen etxea "Euskolegas" grabatzen hasi da; ETB-2ko komedia berria. Telesaila ETB-2k ostegunetan ematen duen “Vaya Semanita” umorezko saioko pertsonaia ezagunetan oinarritzen da. Tarte horrek izan duen arrakastari esker, 45 minutuko 12 atalez osaturiko telesaila egin da pertsonaien istorioekin.

Telesaila eguneroko bizitzan oinarritzen da, hau da, ikus-entzuleentzat arruntak diren egoeratan, esate baterako: etxebizitza bat topatzeko arazoak, bikoteen arazoak edo helduaroko krisiak. Lehen atalean Alex eta Leire ezkonduko dira, denak daude ospakizun horren zain, baina zoritxarrez, gauzak ez dira protagonistek nahi bezain ongi aterako.

"Euskolegas" telesaileko protagonistak honako hauek izango dira: Andoni Aguirregomezkorta, Iker Galarza, Javier Antón, Laura de la Calle, Arantxa Aranguren, Verónica Moral eta Nayra Navarro. Horrez gain, Ramon Barea Euskal Telebistara itzuliko da 18 urte kanpoan egon ondoren, eta Patxiren osabaren papera egingo du. Santi, saltsero xarmangarria, eroso bizi da emazte eta alabarekin batera; bere bizitza, ordea, errotik aldatuko da emazteak dibortzioa eskatzean.

Data:2008/07/30 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

ETBren bigarren kanalak (Eikeneko kidea) “Cocina sin Bobadas” saio berria estreinatu du. Digital Mobilesek (Eikeneko kidea) ekoiztutako gastronomia programak Europako telebistan arrakasta handia duten telebista saioak ditu oinarri.

                                                               

Estatuko sukaldari gazte onena izendatua eta hainbat liburu idatzi dituen David de Jorgek, Euskal Herrian barrena egindako road movie gisa aurkezten du. Eredugarri iruditzen zaizkion produktu eta jakiak ezagutzera emateko bidea izango da.

Oro har, hamar leku bisitatuko dituzte: Urbasa, Gernika, Getaria, Bastida, Ezpeleta, Hondarribia, Donostia, Hendaia, Mutriku, eta Donibane Lohitzune. Erritmoa hartuz joango da emanaldia ibilbide horretan. Paisaia, jendea eta produktuak erakutsiko dituzte: zerria, esne behia, okel gorria, barazkiak, txakolia, ardo beltza, hegaluzea, atuna, piperrautsa, kokotxak, lanpernak, piperrak, almendrazko makarroiak. Hauek guztiak erromeria giroko bazkari horretarako prestatuko dituzte eta saioaren eduki nagusi izango da.


"Asko gara, sukaldaritzari buruzko saioen bidez eguneroko bizitzan abian jarri ezin ditugun esperientzia gastronomikoen bila gabiltzanok" adierazten dute programatik. “Etxeko sukaldeak geroz eta txikiagoak dira, baliabideak eskasak eta sukaldaritza saio horiek berregin nahi dugu: azokara joan, hornitzaileekin lagun giroan hitz egin, produktu egokiak erosi, eszenatoki paregabean prestatu eta gozatu” azaltzen dute.

“ "Cocina sin bobadas" saioan, bizitzeko modu bat erakusten dugu: gustu oneko gauzez inguratu, atseginez erosi, sukaldean aritu, jan eta disfrutatzeko. Ikuslea harrapatzea eta hutsik egingo ez duen konplizean bilakatzea da helburua. Confort food delakoaz gozatzera animatu” adierazi dute.

Data:2008/07/29 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

?¡”expressivek (Eikeneko kidea), komunikazio zerbitzuak merkaturatzen dituen enpresak, hainbat hitzarmen estrategiko izenpetu ditu, erkidegoetako hiru telebista hauentzat ikus-entzunezko edukiak kudeatzeko eta merkaturatzeko.

                                                                  

Gaur egun telebista kate berriak sortzen ari dira, publikoak nahiz ordaindu beharrekoak; DVDak bideoaren industria eta Internet indartu ditu, eta ikus-entzunezko edukiak sarearen ezaugarrietara egokitzen dira. Hori guztiari esker, Ikus-entzunezkoen Sektorea hazi eta zabaldu egin da, formatu tradizionaletan zein teknologia berrietan oinarritutako formatuetan.

Egoera hori ezagututa eta ikus-entzunezkoek duten garrantziaz jabetuta, ?¡”expressivek, merkatura iritsi zenean, orain dela urtebete, negozio ildo bat garatu zuen ikus-entzunezko edukiak sortzeko eta ustiatzeko: Ikus-entzunezko Proiektuak. Horren bidez, komunikazio planetatik eratorritako produktuak merkaturatzen ditu eta bezero bakoitzaren ezaugarriak eta eskakizunak aintzat hartuz egokitzen ditu, produktuen sorta osoa eskaintzeko helburua betetzeko asmoz.

?¡”expressivek akordioak lortu berri ditu Espainiako ikus-entzunezkoen arloan diharduten zenbait kate publikorekin. Galiziako telebistarekin (TVG), esaterako, urtebeteko lankidetza hitzartu du ?¡”expressivek, DVD formatuan haurrentzako animazioko film luzeak editatzeko; horren bidez, galiziera txikienen artean sustatu nahi dute. Editatutako zortzi filmen artean, honako hauek daude: “Pinotxo 3000”, “Lucky Luke”, “Rudolph, filma” edo “Conan detektibea”.

Extremadurako telebista publikoarekin duen hitzarmenari dagokionez, Epressivek lizentzia eman dio Canal Extremadurari zinemari buruzko "La Noche de ..." saioa ekoizteko, jatorriz Euskal Telebistako saioa baita hori. TeleMadrid katearekin izenpetutako lankidetzan, berriz, ?¡”expressivek kate publikoak eginiko saioen katalogoa banatuko du; hartara, bertan jasotako saioak ikus-entzunezkoen operadoreei, home bideoko enpresei edo beste telebista kate batzuei saltzeko eta banatzeko eskubideak bereak bakarrik izango dira.

Izenpetutako akordio estrategiko hauek guztiak pertsonek osatutako talde konprometitu eta profesional batek eginiko lanaren emaitza dira. Horiei esker, ?¡”expressive aliaturik onena da gaur egun, ikus-entzunezkoen merkatuan edukiak saltzeko nahiz kudeatzeko; izan ere, bezeroei, besteak beste, fidagarritasuna, kalitateko bermeak eta goi-mailako espezializazioa eskaintzen dizkie.

Data:2008/07/28 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

“La máquina de pintar nubes” Abra Prod (Eikeneko kidea) eta Mundo Ficcion enpresek ekoitzitako lanaren izenburua da. Luzemetrai honen gidoigileak Aitor Mazo eta Patxo Telleria dira eta filma zuzenduko dute lehen aldiz.

                                                               

“La máquina de pintar nubes” film luzearen filmaketa ekainaren 16an hasi zen eta uztailaren 26an amaituko da. Pelikula definizio handian egingo dute, eta filmaketa Euskadin egingo da, batez ere, Bilbon eta inguruan. Abra Prod eta Mundu Ficcion enpresek filma koproduzituko dute (% 50), eta proiektuak ETBren, TVEren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza dauka. Gorostilanda berriz, prentsa arduraduraduna da filmaketan.

Pelikularen gidoiak TVEren bigarren kateko Version Española saioak eta ALMA izeneko gidoilari profesionalen elkarteak deituriko Egile Hasiberrientzako I. Gidoi Lehiaketako lehen saria jaso zuen 2004an. Edizio horretan 650 lan aurkeztu zituzten guztira.

Joxe Portela (Abra Prod) eta Miguel Torrente (Mundo Ficcion) ekoizpen-exekutiboaz arduratuko dira eta, Juanma Pagazaurtundua ekoizpen-zuzendaria izango da. Gaizka Bourgeaud izango da fotografia-zuzendaria eta Bingen Mendizabalek musika konposatuko du.

Pertsonaien artean aktore ezagunak daude, besteak beste, Bingen Elortza, Lander Otaola, Aitor Mazo, Asier Oruesagasti, Gracia Olayo, Santi Ugalde, Montse Mostaza, Loreto Mauleon edo Chema Muñoz.

Istorioak Bilboko auzo xume batean pinturarekiko maitasuna ezagutuko duen Asier nerabe baten iniziazioko bidaia kontatzen du frankismoaren azken urteetan. Daltonikoa izan arren, pintorea izan nahi du. Maitasuna ezagutzeaz gain, bere aitarekin harreman zaila, bere anai nagusiaren hileta eta 1974ko frankismoaren eszenatokian arazo giza-politikoak bizi izango ditu.

Data:2008/07/16 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Vilauk (Eikenen kidea) informazio kanal berri bat aurkeztu du interneten: Innova.tv. Enpresa berrikuntzaren aldeko apustua egiten duen tv.euskadinnova.net atarian sartu dute.

                                                               

Vilau enpresa nazioarteko INI-GraphicsNet taldekoa da eta komunikabide digital berrien merkatuan erreferente den Fraunhofer alemaniar sare ikertzaileari lotua dago. Innova.tv telebista sortu du Interneten. Berrikuntza kontuetan sustatzen diren ekintza, ekimen eta programa guztien euskarri izango da.

Innova berrikuntzei lotutako informazio fidagarri eta ofizialen iturri gisa sortu da. Gizarteko sektore honi babesa emango dio eta gai horrekin lotutako proposamenak ezagutaraziko ditu. Gainera, Euskadi+Innova ekimenak sustatutako jardunaldien jarraipen zehatza egingo du.

Web telebista honen ardatza bere edukia da. Abiarazi zenez geroztik, programazio erakargarria eta interesgarria eskaini du bi hizkuntzatan: elkarrizketak, esperientzia praktikoak, jardunaldien jarraipena...

Innova.tv tresna praktikoa da eta lehenengo begiratuan eduki garrantzitsuenak erakusteko aukera ematen du. Eduki guztiak player berean garatzen dira, nabigatu bitartean erabiltzailea gal ez dadin. Internet bidezko telebista kanal honek ekoitzitako bideoen bertsioen historiko bat du, eta horri esker, eduki guztiak garbi sailkatuta eta egituratuta daude, motaren, gaiaren eta dataren arabera.

Webgunea abiarazi zenetik, Vilau zerbitzua kudeatzeaz eta web telebistarako edukiak sortzeaz arduratzen da, betiere, dinamismoaren eta edukien kalitatearen alde eginez.

Data:2008/07/14 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Alazne Páramok sari nagusia irabazi zuen, pintxoen euskal ohituran oinarritutako lehiaketarekin. Sari banaketaren ekitaldia EiTBren egoitzan (Eikeneko kidea) ospatu zen uztailaren 1ean proiektua babestu duten erakunde publiko eta enpresen parte hartzearekin.

                                                               

9 dokumental, 5 telesaio, 2 lehiaketa, reality 1, 2 magazin eta 8 film laburrerako aurkeztutako 27 ideia horietatik, pintxoen tradizioari buruzko taldekako lehiaketa bat izango da telebistako pantailetara helduko dena, Eikenen bazkide diren 3Koma produkzio-etxearen, Canal Bizkaiaren eta EiTBren eskutik. Alazne Páramo gazte bilbotarraren “¡Qué tendrá el pintxo!” saioak lortu du puntuaziorik altuena, ideiaren originaltasunagatik. Baina, batez ere, epaimahaikideek formatuaren bideragarritasun komertziala hartu dute kontuan. Gainera, irabazleak 4.000 euroko diru-saria eskuratuko du.

Azken botazioan, proiektu irabazleak beste sei finalistei hartu zion aurrea. Sei horietatik, lau dokumentalak ziren (“Bilbao Rock city”, “Insomnia”, “Udaberri galdua” eta “Cruce de caminos”), bat magazina (“Mendi bira”) eta beste bat film laburra (“Cintruénigo”).

Martxoaren hasieran, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak bere proiekturik berritzaileenaren lehenengo edizioa jarri zuen martxan: EikenBANK Klusterreko enpresetatik diseinatutako ekintza da, zeinen helburu nagusia baita talentu ez-profesionala Ikus-entzunezkoen Sektoreko enpresekin harreman zuzenean jartzea, lankidetza horri esker produktu lehiakor berriak sor daitezen Euskadiko ikus-entzunezkoen esparrutik. Honakoak dira ekintza honetan inplikatutako enpresak: 3Koma, Baleuko, Canal Bizkaia, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K2000, Orio Produkzioak eta Pausoka.

EikenBANKen dinamika www.eikenbank.com webgunearen bitartez artikulatu da oso-osorik. Dinamika horren arabera, eman beharreko azken urratsa proiekturik onena aukeratzea zen, proiektu hori gero ikusleengana heltzeko EiTBren eskutik. Kasu honetan, “El Coro de la cárcel” edo “El calendario del año” saio arrakastatsuak sortu dituen 3Koma euskal enpresak produzituko du. Produkzio lanetan Canal Bizkaia ere arituko da lankidetzan.

Babes instituzionala
Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak sustatutako proiektuak babes instituzional handia dauka. Izan ere, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eta Kultura Sailaren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren babesa lortu du, bai eta SPRIren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Berrikuntza Sailen eta Bilboko Udalaren babesa ere. Instituzioek modu positiboan baloratu dute elkarren lehian aritzen diren enpresak –Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko garrantzitsuenak– proiektu batean elkartu izana, gazteak eta enpresak harremanetan jartzeko eta profesionala ez den talentuaren aldeko proiektu bat bultzatzeko.

Data:2008/07/02 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Bilboko Zine Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiak (ZINEBIk) bere lehen berrogeita hamar urteak beteko ditu aurton.

                                                                

Garai hartan Kanpo Harremanetarako Ministerioaren menpe zegoen Kultura Hispanikoaren Euskal Institutuak 1959. urtean sortu zuen, eta hasierako izena Iberoamerikako eta Filipinetako Zine Dokumentalaren Nazioarteko Zinemaldia izan zen. 1968. urtearen inguruan, Espainian fikzioko film laburrek gora egin zutenean, arlo hori sustatu eta bere ekintza nazioartera hedatu zuen. 1974. urtean, Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren (FIAPFren) onespena lortu zuen, eta lehiaketa-zinemaldia izan zen fikzioan, dokumentaletan eta animazioan. 1981. urtean, Bilboko Udala zinemaldia antolatzen eta kudeatzen hasi zen.

Azken edizioan, 75 herrialdetako 2.648 filmek eman dute izena, eta egiaztatu egin dute zinemaldia munduko garrantzitsuenetakoa dela bere espezialitatean.

Honako zinegile ospetsu hauek ZINEBIko parte-hartzaileak, nazioarteko epaimahaikideak edo Ohorezko Mikeldi saridunak izan dira: Jacques Demy, Pierre Perrault, Claude Lelouch, Santiago Alvarez, Richard Lester, Barbara Kopple, Peter Greenaway, Ennio Morricone, Carlos Saura, Julio Medem, Roman Polanski, Hanna Schygulla, Anna Karina, Jane Birkin, Elias Querejeta, Arturo Ripstein edo Pere Portabella.

Berrogeita hamar urteotan, beste berrogeita hamar urtez egiteko asmoz, ZINEBIk mundu zabaleko eta, batez ere, Euskadiko, Espainiako, Europako eta Amerika Latinoko film labur eta dokumentalen zabalkundea eta biziraupena sustatu ditu. Beretzat, zinea gure garaiko gizon eta emakumeen errealitateekin ezarritako konpromisoa da. Era berean, eskakizun artistiko pertsonala ere bada, eta, horren bidez, bost kontinenteetako zinegile gazteek egunero-egunero lehen urratsak ematen dituzte industriaren bazterretatik, bizitza irudi mugigarrien bidez irudikatzeko ahaleginean.

Gaur, ZINEBIk eta antzeko beste zinemaldi batzuek arindu duten zenbait urtetako krisiaren ondoren, euskarri berriek eta informazioaren zein komunikazioaren teknologia berrien ondorioz sortutako aldaketa sakonek ikus-entzunezko egoera berritzailea eratu dute. Bertan, gainera, film laburrek eta dokumentalek etorkizuneko zinearen giltzarri asko zehazten dituzte, azken mende erdian ezaugarri bereizgarri izan diren banan-banako ausardia, originaltasun formala eta iaiotasuna nahastuta. Beti bezala, ZINEBIk lekuko pribilegiatua eta zinegile berrien beharrezko laguntzailea izan nahi du, gaur egungo garai kilikagarrietako zinearen abenturan.

Data:2008/07/01 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

EUVEk (Eikeneko kidea), ekainaren 12 eta 13an Gasteizen egin zen Errealitate Birtualeko Aplikazioen VI. Biltzarra, CARVI, inauguratu zuen.

                                                               

Nazioarteko topaketa honek 150 profesional elkartu zituen. Errealitate Birtuala lantzen eta erabiltzen adituak diren 30 txostengilek beren esperientzien eta ezagutzen berri eman zuten. Besteak beste, gaur egun, teknologia horien egoera zein den azaldu zuten eta hainbat sektoretan dituzten aplikazio aukerez hitz egin ziguten.

Pedro Hernandezek, EUVEko Zuzendari Nagusiak, nabarmendu zuen CARVI Biltzarrak hasierako helburuei eusten diela: “Sektoreko profesionalak biltzea, elkar ezagutzea eta elkarren lanen berri izatea”.

Egun hauetan biltzarrean elkartu ziren profesionalen eta txostengileen artean, Walt Disney Imagineering-eko Lehendakariordea Joseph Garlington jauna egon zen. Enpresa hori arduratzen da, hain zuzen, Walt Disney Company-k munduan zehar dituen jolas parke guztietako jolasen diseinuaz. Garlingtonek adierazi zuenez, horrelako instalazioek prestakuntza balioak eta elkarreragina bultzatzen dituzte: “Gure bisitariek etxeetan dituzten teknologia tresnek eskaintzen dutena baino ikuspegi zabalagoa jaso dezatela nahi dugu”.

Biltzarraren lehenengo eguna Lurreko Telebista Digitalari (LTD) eta hurrengo itzalaldi teknologikoari buruz izan zen. LTDk ekarriko duen aurrerapen nagusietako bat elkarreragina izango da. VICOMTech-eko (Eikeneko kidea) Gorka Olaizolak adierazi duen bezala, “telebista digitalaren ekarpen handia izango da hori. Erabiltzaileak datuak bidaltzeko eta informazioa jaisteko aukera izango du, erabat seguruak izango diren kanalen bidez”. Bestalde, LTDren beste alderdi batzuei buruz hitz egin zuten Promovisako Merkataritza Zuzendaria Juan Carlos Cañamaresek, Mendi@Horizont-eko Xabir Martinek, TVEko berriemailea Velentin Diazek, Panasonic-eko Carlos Arjonak, VSNeko Jordi Utielek, Euskalteleko (Eikeneko kidea) Koldo Unanuek eta Atos Origin-eko Miguel Angel Morcuendek.

EUVEk, zuzenean, benetako pertsona baten irudia txertatu zuen Second Life ingurune birtualean; Interneteko atarian horrelako zerbait egiten den lehen aldia da. Bertan egondako biltzarkide guztiek ikusi ahal izan zutenez, produkzio ondoko lanik gabe, bi unibertso horiek bateratzeko aukera izatea oso erakargarria da, askotariko ekitaldiak eta aurkezpenak egiteari begira.

Ekainak 13ko egitarauan parte hartu zuten adituek Industriako Irudi Birtuala eta SSIIak Errealitate Birtualeko Aplikazioen motor gisa gaiei buruz hitz egin zuten.

Data:2008/06/13 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Deboura Deseños Animados galiziar ekoizpen etxeak hitzarmena izenpetu du Barton Films (Eikeneko kidea) banaketa etxearekin, estatuan “Dubidoso El Mago” animaziozko filma banatzeko. Estreinaldia azaroan izango da.

                                                               

Roque Cameselle zuzendariaren “Dubidoso el mago” azaroaren 7an estreinatuko da 150 areto baino gehiagotan, eta gazteleraz, euskaraz, katalanez eta galegoz ikusi ahal izango da. Vigoko Deboura Deseños Animados ekoizpen etxeak eginiko lehen film luzea da. Galiziarrek bi dimentsioko film baten aldeko erronka egin dute, hiru dimentsioko animazioa sartzen ari den merkatuan lehiatzeko.

Deboura-k animazio tradizionala aukeratu du. Marrazkilariek fotogramak banan-banan lantzen dituzte lehendabizi, eta, ondoren, teknologia berriak erabiltzen dituzte koloreak jartzeko, efektu bereziak sartzeko edo tarte zailenetan mugimenduen trazak egiten laguntzeko.

Data:2008/06/10 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

K 2000 (Eikeneko kidea) enpresak kudeatu zuen Expo Zaragoza 2008ko megafonia eta informazio-pantailetako edukiak, hiru hizkuntzatan: gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.  

                                                               

K2000-k, edukiak kudeatu eta produzitzeko unitate bat eratu eta abian jarri zuen, Exporen komunikazio beharrizanei erantzun egokia emateko, epe laburrenean eta kalitate handienarekin.

24 m2ko hiru LED pantaila eta plasmako beste 24 jarri zituen Expo barruan, eta 50 m2ko LED pantaila handi bat ere anfiteatroan. Horietan denetan diseinu grafiko argi eta ulerterraza erabili zuen, bai guztietan batera zein guneka, eguneko programazioa, azken orduko albisteak eta beste edozein informazio interesgarri bisitariei emateko.

Hainbat erredaktorek, kamera-operadorek, editatzailek eta itzultzailek osatu zuten edukien produkzio-unitateak, eta eurek sorturiko edukiak zein pantailak Adtraxion sistema baten bitartez kudeatu zituen.

Data:2008/05/30 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Telekomunikazio Ingeniarien Eskolak EiTB saritu du (Eikeneko kidea) Berrikuntzako IKT sariarekin, Bilboko egoitzan eginiko digitalizatze lanagatik. Epaimahaiak nabarmendu duenez, aurrerapen horiei esker euskal telebista publikoa “nazioarteko erreferente” bihurtu da.

                                                                

Apirilaren 24an, Barakaldoko BECen “Teleko gaua” ospatu zen, Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoak eta Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkarteak antolatuta. Bertan, bost sari banatzen dira urtero telekomunikazio arloan eginiko lan onenen artean.

Aurten, EiTBko ingeniariek Berrikuntzako IKT saria irabazi dute. Horren bidez, aplikazio teknologikoa izan duen sormen ideiarik onena saritu nahi izan dute, Bilboko egoitza berrian eginiko digitalizatze lanagatik. Epaimahaiak adierazi duenez, lan horri esker EiTB nazioarteko erreferentea izango da aurrerantzean.

Koldo Lizarraldek, Mikel Frutosek, Juan Carlos Loroñok, Igor Jainagak eta Amaia Remonek jaso zuten saria talde osoaren izenean. Sariak ekosistema bat irudikatzen du; izaki bizidunez betetako arrainontzi moduko bat, gizakiaren laguntzarik gabe mantentzen eta garatzen dena.

Data:2008/05/13 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa