EIKEN Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta EiTBk ‘Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ izeneko espezializazio-programa jarri dute abian, ikus-entzunezko produkzioan lan egin dezaketen gidoilari adituak trebatzeko asmoz. Modu horretan, bete egingo litzateke telebistaren merkatuan eta aipatutako arloan gaur egun dagoen hutsunea.
Hautaketa prozesua uztailean eta irailean egingo da, eta sektore horretako profesionalek osatutako taldeak aukeratuko ditu hautagaiak. Programan interesatuta daudenek edota informazio gehiago gura dutenek mezu elektroniko bat bidal dezakete hurrengo helbidera: gidoifaktoria@eitb.com. Bestela, 94 656 32 30 telefonora hots egin dezakete, eta 'Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ programari buruzko informazioa eskatu.
Programa 2009ko azaroan hasiko da ematen EITBk Bilbon duen egoitzan. Programak lau modulu informatibo independente ditu, eta, guztira, 350 eskola-ordu emango dira. Bereziki, gidoilari orok ezagutu beharreko trebakuntzak eta gaitasunak landuko dira. Zentzu horretan, parte-hartzaileek sakon aztertu eta ezagutuko dute telebista, bai eta gidoiaren oinarriak eta tresnak eta fikzioa edo entretenimendua bezalako genero ezberdinetan dituen aplikazioak ere.
Gainera, ikasleek amaierako proiektu bat egin beharko dute, eta praktika-aldi bat egiteko aukera izango dute (gutxi gorabehera, 250 ordu), ‘Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ ekimenarekin kolaboratzen duen produkzio-enpresaren batean. Era berean, tutore baten aholkularitza jasoko dute uneoro.
Programa osoa amaitzen denean, parte-hartzaileek “Gidoilari aditua” titulua lortuko dute, EIKENek eta EiTBk emanda.
Proiektu berritzaile hau 20 pertsonarentzat izango da, eta ondoko baldintzak bete beharko dituzte: Ikus-entzunezko munduari lotutako unibertsitate ikasleak edo prestakuntza zentroetakoak, sektoreko profesionalak edo erlazionatutako beste sektore batzuetako profesionalak, bai eta gidoigintzaren munduan euren ibilbide profesionala garatzeko interesa duen pertsona oro ere.
Gainera, gura duten profesionalek moduluetako bat egin dezakete modu independentean, aldez aurretik dagokion matrikula-tasa ordaintzen badute.
Ikastaro osoko matrikularen kostua 4.800 eurokoa da pertsona bakoitzeko, eta ordainketa zatika egin daiteke. Prezioaren barruan, kontzeptu hauek daude sartuta:
• Prestakuntzako 350 ordu, telebistako gidoilari-profila betetzeko behar diren gaitasun eta trebeziak lortu ahal izateko.
• Prestakuntza-aldian tutoretzapean egindako praktikak.
• Prestakuntza praktikoko 250 ordu sektoreko enpresa batean, tutore batek gidatuta.
• Gidoilari profesional baten laguntza amaierako proiektua egiterakoan.
• Inskripzioa eta matrikulazioa ‘Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ proiektuaren markoan emango den ikastaro monografiko edo tailerren batean.
• Inskripzioa eta matrikulazioa Urteroko Jardunaldietan.
Gainera, antolakuntzak matrikularen %30era arteko bekak eman diezazkieke zenbait ikasleri, zehaztu beharreko irizpideen arabera.
Ikastaro monografikoak eta Urteko Topaketa
Prestakuntza programa honekin batera, iraupen laburreko (10-15 ordu) beste 5 tailer edo ikastaro monografiko antolatuko dira, eta nahi duten profesional guztiek parte hartu dezakete. Ikastaro hauetan, gehienez, 50 pertsonak hartu dezakete parte, eta horietatik 3 ikastaro osoaren ikasleak izango dira. Ekimen honen testuinguruan, halaber, EIKENek eta EiTBk urtean behin edo birritan hitzaldiak, jardunaldiak eta lansaioak egin nahi dituzte gidoigintzaren munduarekin erlazionatutako gaiei buruz, sektorearen profesional garrantzitsuenen lankidetzarekin.
Data:2009/07/29 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Hemen sakatu K 2000-k (Eikeneko kideak) grabatuko dituen bideoak ikusteko (Uztailaren 23tik aurrera, 19:00tik aurrera).
Uztailaren 23tik 26ra Barakaldoko BEC-en izango da Euskal Encounter-a, ordenagailu zale eta profesionalen bilera zabala, non esperientziak elkarbanatu eta egun gutxi batzutan informatikarekin loturik dagoen edozer ekintzatan murgiltzeko asmoa baitute. Euskal Encounter-a, besteak beste, Euskaltelek (Eikeneko kidea) antolatzen du.
80. hamarkadaren azkenaldera izan zuen hasera mugimendu honek Europako iparraldean, hots, Norbegia, Danimarka eta Alemania bezalako herrietan. 2009.an estatuko partyrik zaharrena bere hamazazpigarren ediziora iritsiko da.
Datu batzuk:
-4.096 ordenagailu baino gehiago sarean konektatuta.
- 5.700 partehartzailetik gora.
- 10 Gb/s-ko Internet konexioa.
- Bilbao Exhibition Centre-ko 35.000 metro karratu baino gehiago erabiliak.
- 50.000 eurotik gora saritan.
- 4 egun etengabean.
Data:2009/07/22 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Ikus-entzunezkoen edukiak ekoizten dituzten euskal enpresa nagusietako batzuk Canneseko MIPCOMean izango dira datorren urrian hirugarren urtez, Basque Audiovisual markaren inguruan bilduta. Produktuen katalogoak Euskadin ekoitzi diren formatu berritzaileenak eta arrakastatsuenak biltzen ditu, besteak beste, denbora-pasarako saioak, dokumentariak, eta animazioa.
Nahiz eta nazioarteko merkatu eta azoka nagusietan Ikus-entzunezkoen Sektoreko euskal enpresek etengabe parte hartu azken hamarkadetan, Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailarekin batera, bere jarduera indartzea erabaki zuen eta horretarako Basque Audiovisual izenpean bildutako Ikus-entzunezkoen enpresen parte-hartze bateratua sustatu zuen. Hainbat nazioarteko hitzordutan izan ondoren, marka sendotu egin da eta aintzatespena lortu du Euskadin egiten den ikus-entzunezko produktuaren ezaugarri gisa. Bestalde, enpresek elkarren artean lankidetzan jarduteko duten gaitasunaren adierazgarri bihurtu da, sektorearen helburu komunak lortu ahal izateko.
Oraingo honetan, euskal ordezkaritza enpresa hauek osatzen dute oraingoz: 3Koma, Baleuko, Expressive, Flying Apple, MediaBost, Pausoka, Retelsat, Western Films, Somuga, Audiovisual 21, K 2000, Moztu Filmak eta Donostia Films. “Krisialdi honetan, gure asmo nagusia, hain zuzen ere, enpresen nazioartekotzea bultzatzea da, ziurgabetasunik eza nagusi den egoera honi aurre egiteko” azaldu zuen Eikeneko Zuzendariak, Itziar Menak.
Basque Audiovisualek 39 metro karratuko stand bat izango du Palais des Festivals delakoan, Galiziako Ikus-entzunezkoen Klusterrarekin batera, klusterren arteko lankidetzatik sortzen diren aukerak aprobetxatze aldera. MIPTVaren aurreko edizioan bezala, Basque Audiovisualen erakusketa-esparrua ikus-entzunezko teknologiaz hornituta egongo da, enpresen produktuen erakusketa egokia egiteko helburuarekin. Ukimen pantaila bat izango du, formatu handikoa, eta haren bitartez, profesionalek eskura izango dute informazio guztia.
Basque Audiovisual markak, gainera, Internet bidezko on-line katalogo komertzial bat du (www.basqueaudiovisual.com), tresna ezin eraginkorragoa bezero eta lankide potentzialekin aldez aurreko kontaktuak egiteko eta bilerak hitzartzeko, azokak irauten duen bitartean.
Hain zuzen ere, iraila bitartean abian jarriko da sustapen kanpaina bat Internet bitartez. Aurkezpen mailing bat bidaliko zaie mundu osoan ikus-entzunezkoen sektorearekin zuzenean harremana duten milaka kontakturi. Horrela, Basque Audiovisualen on-line katalogorako sarbidea bultzatu nahi da, non enpresa bakoitzaren harremanetarako datuak eta lanen aurkezpenak eskuragarri dauden.
Data:2009/07/17 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Hemen klikatu entzierroak 360ºtan ikusteko
Digitalakek, Eikeneko kidea, aurrerapausu bat eman du Sanferminetako entzierroak erakusteko moduan. Egunero kamara asko daude ibilbidean, baina horiek guztiek eskaintzen diguten ikuspegiaren oso bestelakoa eskaintzen du Digitalakek: Entzierroa 360ºtan.
Goizero, kamara esferikoa ibilbidearen toki ezberdin batean jartzen da. Eta entzierroaren zati hori grabatzen da ikuspegi guztietatik eta aldi berean. Jasotako materiala, internet bidez ikusi dezake nahi duen orok. Baina zer ikusiko duen, erabiltzaileak berak erabakiko du. Hau da, bideo esferikoa eskaintzen zaio, entzierroaren barruan kokatuko da erabiltzailea, eta saguarekin, nora begiratu nahi duen aukeratuko du, irudian gora, behera, edo aldeetara mugituz.
Aste osoan zehar hartuko dira entzierroen irudiak, ibilbidearen gune ezberdinetatik. Egunero izango da egunari dagokion zatia ikusteko aukera, eta piskanaka, entzierro oso bat lortuko dugu. Festak amaitutakoan txoko guztiak izango dira ikuslearen eskura. Eta entzierroetan gertatzen diren hainbat xehetasun deskubritzeko aukera izango du, berak erabakiko baitu, bere begiekin ikusiko balu bezala, nora nahi duen begiratu.
Sanferminetako bideo esferikoak, 360ºko bideoak digitalak.com helbidean dituzue ikusgai.
Data:2009/07/08 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Bilboko Merkataritza Ganberak eta DigiPen USA erakundeak “VideoGame Programming Level 1” bideojokoak programatzeko lehen ikastaroa eskainiko dute uztailean, Bilboko Merkataritza Ganberaren instalakuntzetan. Ikastaro honen helburua da ikasleei erakustea nolako potentziala daukan bideojokoen industriako karrera profesional bat izateak.
Ikastaroak emateko, DigiPen erakundeak garatutako ProjectFUN softwarea erabiliko da, bideojokoen programazio eta diseinuaren ikaskuntza errazten duelako. ProjectFun sistemari esker, ikasleak beren bideojoko propioak garatzen hasten dira eta, aldi berean, ulertu egiten dute osagaiek nola funtzionatzen duten. Softwarea oso intuitiboa eta erabilerraza da, eta horrela, ikasleek bideojokoen funtzioen atzean dauden kode zehatzak ikasten dituzte.
ProjectFUN ikastaroak ez dira beste ikastaro batzuk bezalakoak; batetik, bideojokoetan eta errealitate birtualean nazioarteko erreferentzia den erakundeak eskaintzen dituelako eta, bestetik, ikasle bakoitzak bere bideojokoa sor dezakeelako. DigiPen unibertsitate pribatua da eta ikasleak prestatzen ditu, gai izan daitezen entertainment digital interaktiboaren industriako eskakizunak betetzeko. Ezagutzen dugu sektorea eta etengabe ari gara lanean Nintendo edo Microsoft bezalako liderrekin; horrela, ziurtatzen dugu eskaintzen dugun hezkuntzaren bidez ikasleak gai izango direla industriaren eskakizun zorrotzei aurre egiteko. Udako ikastaro honetan, arazoak konpontzeko gaitasunak erabiltzera eta lan-taldeetan parte hartzera animatuko dituzte ikasleak. Horrela beraz, Bilbo prestakuntza hau eskaintzen duten hirien sare esklusiboan sartu da (Seattle, Juneau (Alaska), Pittsburgh eta Singapur).
Ikastaroa uztailaren 20 eta 30 bitartean eskainiko da Bilboko Merkataritza Ganberaren instalakuntzetan, Rekalde zumarkaleko 50 zenbakian.
Informazio gehiago: aitziber.azkondo@camarabilbao.com
Programazio ikastaroa
Kartela
Izen ematea
Data:2009/07/02 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.