Barton Filmsek GOZILAK antolatutako II.Zinema eta Inmigrazio Astean laguntzen du.
GOZILA (Gorosti Zinema Lagunak) elkarteak Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila eta Barton Films-en laguntzarekin 2008ko azaroaren 6tik 11ra, Bilbon ospatuko den Bilbao-Bizkaiko II. Zinema eta Inmigrazio Astea antolatzen du.
Azaroaren 11an, amaiera ekitaldian, "Andalucia" filmaren aurrestreinaldia izango da eta bertan Alain Gomes filamren zuzendaria, Irene Montalá aktorea eta Eusko Jaurlaritzako Inmigrazio Departamentuko zuzendaria den Roberto Marro izango dira.
Erakustaldiaren bost egunen zehar, GOZILA elkarteak, immigrazioa/emigrazioa gaitzat duten hainbat luzemetrai eta laburmetrai proiektatuko ditu. Honen helburua, ikusleei gertu dugun errealitatea erakustea da nahiz eta askorentzat urrun dagoela iruditu. Migrazioak sortzen dituen gizarte fenomenoei benetako eta bidezko ebazpenaren bilaketan aurrerapena lortzea, ikuslea heziz eta honi elkartasun mezuak bidaliz.
Proiektatuko diren luzemetrai, hitzaldi, erakusketa edota haurrentzako antolatutako filmetaz gain, erakustaldiaren helburuak lortzen lagun dezaketen laburmetraiak emango dira bi emanaldietan.
Data:2008/10/27 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Yesim Ustaogluren “Pandora's box” filmak lortu du 56. Zinemaldiaren Urrezko Maskorra.
Bi ordutan turkiar senide bateko belaunaldien artean dagoen alde izugarria agerian uzten duen filmak lortu du aurtengo sari nagusia. Sail Ofizialeko epaimahaiaren lehendakaria Jonathan Demme estatubatuar zuzendariak eman zuen sariaren berri. Demmek ekoizpen lanetako kalitatea azpimarratu zuen; izan ere, saria eskuratzeko 15 hautagairen artean “epaimahaiaren gustuko filmak askoz gehiago ziren banatu zitezkeen sariak baino”.
“El nido vacío” batera ekoitzitako lanari esker —palmaresean zegoen estatuko film bakarra— aktore protagonista onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Óscar Martínezek. Hugo Colacek, berriz, argazkigintza onenaren saria lortu zuen film berean eginiko lanagatik. Filmak idazle arrakastatsu baten adin ertaineko krisia kontatzen digu.
Espainiako filmei dagokienez, Sail Ofizialeko palmaresetik kanpo geratu ziren “Camino”, Javier Fesserren ikuspegi bitxiaren bidez Opus Dei erakusten duen filma, “Tiro en la cabeza”, Jaime Rosalesen lan eztabaidatua eta “El patio de mi cárcel” Belen Macíasena. Dena den, Rosalesek, “La soledad” filma zuenak, palmares ofizialetik kanpo nazioarteko kritikak emandako Fripesci saria jaso zuen bere filmari esker.
Zuzendari onenaren saria Michael Winterbottomek lortu zuen “Genova” filmarekin. Beste behin, senide baten krisialdia kontatzen digu zuzendariak; oraingoan, ordea, istorioa Italiako hiri horretan kokatzen. Emakumezko aktore onenaren saria bi emakumek eraman zuten Courtney Hunt gaztearen “Frozen river”-ren protagonista Melissa Leo estatubatuar aktoreak eta Tsilla Chelton frantziar aktore beteranoak “Pandora´s box” filmean eginiko lanagatik. Kritikariek Carmen Elías (Camino) eta Verónica Echegui (El patio de mi cárcel) espainiar aktoreek eginiko lana nabarmendu zuten.
Gidoi onenaren saria “Louise-Michel” komedia beltza idatzi eta zuzendu duten Benoit Delepinek eta Gustave Kervernek jaso zuten. Bestalde, Samira Makhmalbafaren “El caballo de dos piernas” iraniar filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen.
Data:2008/09/30 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Ikus-entzunezko industria, Donostiako "PIA"ren lehen harria jartzeko ekitaldian.
Agustín Almodóvar eta Elías Querejeta ekoizleak, Pablo Malo zuzendaria eta ikus-entzunezko 60 enpresa izan ziren ekitaldian, Odon Elorza alkatearekin.

Donostiako Sustapenak Ikus-entzunezko Berrikuntza Gunearen lehen harria jarri zuen asteartean (Irailak, 23). Ekimen honi esker, Donostiako ikus-entzunezko enpresek garapenerako ingurune aproposa izango dute, lehiakorrago bihurtu eta merkatu zabalgoetan sartu ahal izateko. Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren babesa daukan proiektuaren hasiera ekitaldian parte hartu zuen Itziar Menak Eikeneko enpresen izenean.
200 lagun baino gehiago bildu zituen Zuatzun lehen harria jartzeko ekitaldiak ikus-entzunezko industriaren sostengua izan zuen. Hala erakutsi zuten, besteak beste, Agustín Almodóvar eta Elías Querejeta ekoizleek, Pablo Malo zuzendariak eta ikus-entzunezko 60 enpresa baino gehiagok.
Ikus-entzunezko industriaren sostengua izateaz gain, udal adostasunetik jaiotako ekimena da Ikus-entzunezko Berrikuntza Gunea, udal talde guztien sostenguarekin onartu baitzen. Lehen harria jartzeko ekitaldian ere izan ziren udal taldeak.
Orain hasi berriak diren lanak, 2010 urtean bukatuko dira eta 20 milioi euro inguruko inbertsioa suposatuko dute. Donostiako Udalak ordainduko du eraikuntza baina Industriako Ministerioak, Avanza Planaren baitan, diru-laguntza emango dio.
Data:2008/09/25 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Filma, aurre-ekoizpen fasean dago eta Jabier Elortegi izango da pelikularen Zuzendaria.
Pausokak (Eikeneko kidea) Anjel Lertxundiren «Zorion Perfektua» eleberriaren egokitzapena egingo du urritik aurrera, euskaraz gehien irakurri den eleberrietako bat da, eta hainbat hizkuntzatara itzuli da. Barton Films (Eikeneko kidea) filmaren banatzailea izango da eta prentsari dagokionean, Gorostilanda izango da arduraduna.
Pelikula Donostian eta Bartzelonan filmatuko da, bere jatorrizko bertsioa euskaraz izanda, eta besteak beste, ETBk (Eikeneko kidea), Eusko Jaurlaritzak eta Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuak diruz lagunduko dute.
Sinopsia
Historiako bi une ezberdinetan kokatuta dago kontakizuna: iraganean (1987) eta orainaldian (2008). Euskal Herriko itsasertzeko herrixka batean gertatzen da iragana, aztoramen politiko handiko une batean, eta oraina, berriz, hiri handi batean, Bartzelonan.
Gure bi protagonisten bizitzek bat egin dute iraganean, eta orainaldian berriro egingo dute topo. Biei gauza berdinak markatu die bizitza: atentatu terrorista baten biktima izateak. Euskadin bizitzen jarraitzea zein zaila den eta ezezaguna izateko eta bizimodu berri bati ekiteko hiri handi batera joateko beharra kontatzen du filmak.
Data:2008/09/25 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
K 2000-k (Eikeneko kidea) eta Filmanova-k Fermin Muguruza musikariaren ideia batean oinarritutako “Check Point Rock” dokumentala ekoitziko dute.
Check Point Rock bidaia musikala da. Tel Aviv-eko auzune arabiarretan izango du abiaburua eta lurralde hartan diren checkpoint edo kontrol militar guztiak zeharkatuko ditu. Bide egiten dugun bitartean, Israelgo hirietan zein Zisjordania eta Gazako errefuxiatu-esparruetan bizi diren artista palestinarrekin harremanetan jarriko gara eta egiten duten musika harrigarriaren lekuko izango gara. Beraiek lagun ditugula, euren herrietan eta etxeetan barneratuko gara, bertatik bertara ezagutzeko egunero zer nolako zailtasunei aurre egin behar izaten dieten etsipen eta gatazka garaiotan.
Izan ere, Fermin Muguruza dokumentaleko protagonista batzuen lagun mina da, eta beraz, bera izango dugu gidari bidai honetan. Proiektu honen zuzendari ere bada Javier Corcuerarekin batera, eta eurekin dira Jordi Abusada argazki-zuzendaria eta Angel Katarain musika grabaketen arduraduna ere.
Dokumental honek ICCAren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso du.
Data:2008/09/25 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Estatuan ekoitzitako hiru film lehiatuko dira 56. Zinemaldiaren Sail Ofizialean.
Espainiako zinemak hiru film aurkeztuko ditu Zinemaldiaren sail ofizialean eta beste hiru Zabaltegiko Zuzendari Berriak sailean. Horrez gain, Euskal Zinemaren Egunean, Gorka Merchan zuzendariak eginiko La casa de mi padre lehen film luzea estreinatuko da.
Sail Ofizialean Javier Fesseren Camino, Belen Maciasen El patio de mi cárcel eta Jaime Rosalesen Tiro en la cabeza filmak lehiatuko dira. Halaber, Zabaltegiko Zuzendari Berriak sailean honako hiru film hauek ikusi ahal izango dira: Gabriel Velazquezen Amateurs, Daniel Hernandezen Chicos normales eta Santiago Zannouren El truco del manco. Hiru film horiek eta El patio de mi cárcel izango dira Altadis Zuzendari Berriak saria irabazteko hautagaiak. Saria 90.000 eurokoa da.
Estatuan ekoitzitako beste bost film luze hauek ere egongo dira Zinemaldian: Daniel Burmanen El nido vacío (Argentina-Espainia-Frantzia), Sail Ofizialean lehiatuko dena; Woody Allenen Vicky Cristina Barcelona (Espainia-AEB), Zabaltegiko Perlak sailari hasiera emango diona; Andrea Martinez Crowtherena Cosas Insignificantes (Mexiko-Espainia), Zabaltegiko Zuzendari Berriak sailean emango dutena; eta, Horizontes Latinos sailean lehiatuko diren Federico Veirojen Acné (Uruguai-Argentina-Mexiko-Espainia) eta Christian Povedaren La vida loca (Espainia-Frantzia-Mexiko).
Inaugurazio eguna
Donostiako 56. Zinemaldia bihar hasiko da, berrikuntza eta ezusteko ugariekin. Hasteko, aurtengo alfonbra gorria fuksia izango da; Zinemaldiaren irudian nagusi den kolorea. Zurriolatik Kursaalera zabalduko den 90 metroko alfonbraren gainean ibiliko diren lehenengoak Antonio Banderas eta Richard Eyre izango dira, The Other Man inaugurazio filmeko taldearekin batera. Horiez gain, Javier Bardem, Rebecca May eta Woody Allen ikusi ahal izango ditugu. Azkenekoak Vicky Cristina Barcelona filma aurkeztuko du Victoria Eugenian; emanaldia 21:30ean hasiko da.
Zinemaldiak iraungo duen hamar egunetan, pertsonaia ospetsu asko etorriko dira Donostiara: Meryl Streep eta Antonio Banderas (Donostia Sariak), Jonathan Demme, Michael Ballhaus, Martina Gusman, Masato Harada, Nadine Labaki, Clare Peploe eta Leonor Watling (Epaimahai Ofiziala), Joan Chen, Mirtha Ibarra eta Amos Gitai (Zuzendari Berriak, Horizontes eta Eskolak saietako epaimahaien lehendakariak), Ben Stiller eta Robert Downey jr. (Tropic Thunder, Sail Ofiziala), David Thewlis, Vera Farmiga, Mark Herman, David Heyman eta John Boyne (The Boy in the Stripped Pyjamas, Sail Ofiziala), Colin Firth eta Michael Winterbottom (Genova, Sail Ofiziala), Paul Thomas Anderson ( Fipresci Sari Nagusia), John Malkovich (Burn After Reading, Perlak), Louis Garrel eta Chistophe Honoré (La belle personne, Sail Ofiziala),Nelson Pereira dos Santos (FIAF Saria), Mario Monicelli (atzera begirakoa), Terence Davies (atzera begirakoa), Kiyoshi Kurosawa (Zabaltegiko Perlak eta Japonia Beltzean atzera begirakoa).
Zinema eskolak
Era berean, Zinemaldian Zinema Eskolen VII. Nazioarteko Topaketak egingo dira, irailaren 25ean eta 26an, osteguna eta ostirala hurrenez hurren. Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak (Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa) antolatutako topaketaren bidez, ikus-entzunezkoei lotutako esperientziak eta ikaskuntzak trukatu nahi dira, munduko zinemaldi garrantzitsuenetariko baten testuinguruan. Gazteek beren film laburrak erakusteko aukera izango dute, eta horrekin batera, ikus-entzunezkoen arloko berrikuntza teknologiko nagusiak ezagutuko dituzte.
Data:2008/09/23 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (9):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Euskal ikus-entzunezkoak sendotu egin du bere presentzia Cannesko MIPCOMen, izan ere, 16 enpresa izango dira bertan, Basque Audiovisual-en elkartuta.
Guztira, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko 16 enpresak hartuko dute parte, berrogeita hamar profesional inguruk ordezkatuta, urriaren 13tik 17ra bitartean Cannesen (Frantzia) izango den MIPCOM azokan –edukien munduko merkaturik handiena-, berriro ere Basque Audiovisual marka bateratuarekin. Produktuen katalogoaren barruan, Euskadin produzitutako formatu berri eta arrakastatsuenetako batzuk daude, bai entretenimenduko programei dagokienez, zein dokumentalei, animazioko programei, etab.
Duela hamarkada batzuetatik hona Ikus-entzunezkoen Sektoreko Euskadiko enpresak nazioarteko merkatu eta azoka nagusietan etengabe egon diren arren, Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak bere egitekoa indartzeko asmoa bere gain hartu zuen, Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresen partaidetza bateratua ahalbidetuz, Basque Audiovisual izenarekin. Dagoeneko nazioarteko zenbait ekitalditan egon ondoren, marka hau finkatu egin da eta onarpen zabala dauka Euskadin egiten den ikus-entzunezkoen produktuaren nortasun-ikur gisa; era berean, sektorerako helburu komunak lortzeko bidean, enpresen lankidetza-gaitasunaren erakusgarri ere bada.
2007ko edizioan Estatu espainoleko 245 enpresak hartu zuten parte Cannesko MIPCOM azokan. Horietatik, Basque Audiovisualek %7 osatu zuen, hau da, enpresa kopurua aintzat hartuta, hirugarrena izan zen, Madril eta Bartzelonaren atzetik. Bilbao eta Donostiako Film Commission-ez gain, 16 enpresa daude inplikatuta proiektuan; hori horrela, Basque Audiovisual-ek sendotu egin du sektoreko azokarik garrantzitsuenetakoan daukan presentzia. Hona hemen Cannesera joango diren enpresak: 3Koma, Baleuko, Canal Euskadi, Digitalak, Expressive, Flying Apple, Irusoin, Jarkatza, K2000, MediaBost, Pausoka, Mixer, Signo Digital, Somuga, Western eta EiTB.
Hain zuzen ere, MIPCOM 08 ikus-entzunezkoen industria estatalaren berrikuntzan eta modernotasunean zentratuko da aurten, “Focus on Spain” delakoaren bitartez. Horren haritik, Estatuan egiten den produktuari buruzko ekitaldiak eta hitzaldiak antolatuko dira.
Basque Audiovisual markak, gainera, on line merkataritza-katalogoa dauka Internet bidez (www.basqueaudiovisual.com); izan ere, joan zen urtean ikusi ahal izan zen tresna eraginkorra zela, batetik, aurretiazko kontaktuak ezartzeko, eta, bestetik, azokan lan-topaketak zehazteko balizko bezero eta kolaboratzaileekin.
Hain zuzen ere, hil honetan promozio-kanpaina bat jarri da abian Internet bidez; izan ere, aurkezpen-mailing bat egingo zaie mundu guztian ikus-entzunezkoen sektorearekin zuzenean erlazionatuta dauden kontaktuei. Hori horrela, Basque Audiovisualen on line katalogorako sarbidea erraztu nahi da, bertan baitaude enpresa guztiak eta beraien lanen kontakturako datuak eta aurkezpenak.
PROIEKTUA
Basque Audiovisual proiektuaren jatorria 2006an dago. Urte horretan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin lankidetzan, Eiken harremanetan jarri zen ICEXekin, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreak azokan izango duen partaidetza pertsonalizatuko eredua definitzeko. Klusterraren helburua zen ikus-entzunezkoen sektorearekin erlazionatutako enpresa, erakunde eta organizazio ugariren presentzia ahalbidetzea MIPCOM azokan. Horrela, euren produktuak erakutsi eta kontaktu interesgarriak egin ahal izango zituzten, eta, era berean, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektorearen irudia sendotu egingo zen, Cannesen marka eta espazio propio eta bereizia izanda.
Basque Audiovisualen aurkezpena, Euskadiko ikus-entzunezkoen industriak nazioartean izango duen marka legez, Cannesen izandako aurreko MIPCOM azokan egin zen. Enpresek balantze positiboa egin zuten; izan ere, merkataritza-akordioak itxi zituzten eta balio handiko kontaktuak egin zituzten beraien produktuak sustatzeko eta nazioartean zabaltzeko. Hortik aurrera, Basque Audiovisualek MIPTV 08 azokan parte hartu du, eta, joan den ekainean, genero dokumentalari buruzko nazioarteko azokarik handienetakoa den Sunny side of the Doc delakoan parte hartu zuen.
ZENBAKITAN
MIPCOMen aurreko edizioan 105 herrialdetako 4.585 enpresak hartu zuten parte, eta, guztira, 5.000 milioi euroko transakzio komertzialak egin ziren. Aurtengo edizioan, Espainia da ohorezko herrialdea, eta, horri esker, enpresa eta eduki estatalak protagonista izango dituzten ekitaldiak eta hitzaldiak egin ahal izango dira.
Data:2008/09/15 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Meryl Streepek eta Antonio Banderasek jasoko dute Zinemaldiko Donostia saria.
Meryl Streep aktore estatubatuarrak eta Antonio Banderas aktore espainiarrak jasoko dute Zinemaldiko Donostia saria, irailaren 5ean 56. Zinemaldia aurkezteko , izan zen prentsaurrekoan jakinarazi zutenez.
Meryl Streep emakumezko aktore garaikide onena dela esan da askotan. Aparteko ibilbidea egin du, eta talentu handia dauka zinemarako eta antzerkirako, komediarako eta dramarako, musikalerako eta narraziorako, dokumentaletan zein haurrentzako ipuinetan.
Oscar sarirako Historia osoan hautagaitza gehien izan dituen emakumea da (14), baita Urrezko Globoetarako ere, guztira (21). Hollywoodeko Akademiren bi sari irabazi ditu, Kramer vs. Kramer (Robert Benton, 1979) eta Sophie’s Choice (Alan J. Pakula, 1982) filmengatik, eta sei Urrezko Globo bi film horiengatik, The French Lieutenant’s Woman (Karel Reisz, 1981), Adaptation(Spike Jonze, 2002) eta The Devil Wears Prada (David Frankel, 2006) filmengatik eta Angels in America (Mike Nichols, 2003) telesail motzagatik. Horiek guztiak bere aldakortasunaren eta ibilbidearen intentsitatearen adierazle gutxi batzuk baino ez dira. Meryl Streepek irailaren 26an jasoko du Donostia saria, Kursaal jauregian.
Antonio Banderas nazioarteko izar handietako bat da, aktore espainiarren hurrengo belaunaldiari mundu osorako ateak ireki dizkiona. Pedro Almódovarren Laberinto de pasiones filmean 1982an lehenbizikoz agertu zenetik Donostia Zinemaldiaren 56. edizioa inauguratuko duen The Other Man filmera arte, 70 pelikula ingurutan erakutsi du bere aldakortasuna Hollywooden bizi den Malagako aktore honek. Lehenengo Espainian eta ondoren Ameriketako Estatu Batuetan izan zuen arrakasta. Gainera, hainbat herrialdetan egin du lan, baita antzerki musikalean ere. Bestalde, bi film ere zuzendu ditu: Crazy in Alabama (1999) eta El camino de los ingleses (2006). Antonio Banderasek irailaren 19an jasoko du Donostia saria Kursaal jauregian.
Data:2008/09/08 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (3):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Hiru denboralditan interneten lortutako arrakastaren ondoren, QUÉ VIDA MÁS TRISTE fikziozko telesaila produzituko du K 2000 enpresak, Eikeneko kidea, La Sexta katearentzat.
QUÉ VIDA MÁS TRISTE gauzak beti alderantziz irteten zaizkion garabi operadore pikaro baten bizitzari eta bere ingurukoei buruzko bideobloga da, eta telebistan estreinatuko da bere sortzailea den Rubén Ontiveros zuzendariaren eskutik.
Bideoblogaren arrakastaren gakoak gidoien originaltasuna eta pertsonaiek –BORJA (protagonista) , JOSEBA (Borjaren laguna), NURIA (protagonistaren neskalagun ohia) eta IZASKUN (Josebaren emaztea)- duten freskotasuna dira. Izan ere, 2.380.000 bisita baino gehiago izan ditu bideoblogak orain arte, eta Wikipedian ere agertzen da.
Rubén Ontiverosek, film laburren eta telesaioen gidoigile ezagunak, 2005ean sortu zuen “QVMT” errealitatea eta fikzioa nahastuta hasiera-hasieratik. Pertsonaiak ez dira aktoreak –denak Ontiverosen beraren lagunak dira-, eta euren bizipenak zein asmaturiko gorabeherak kontatzen dituzte. Bideoblogaren tonuak eta umore-senak laster erakarri zuten sareko bisitarien arreta, eta orain, horixe bera egingo dute telebistan La Sexta kateari esker.
La Sexta-k hirugarren hiruhilekoan emititu nahi du telesaila, eta kapituluak laster hasiko dira grabatzen K 2000-k Galdakaon dituen instalazioetan.
Data:2008/09/01 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.