Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuko (ICAA) zuzendari nagusi Ingasi Guardansek harrera egin zion irailaren 28an, Ministerioaren egoitzan, ikus-entzunezkoen Klusterren arduradunek osatutako ordezkaritza bati. Beraien aurrean, antolaketa-eredu honek Autonomia Erkidego desberdinetan sektorearen egituratzean egiten duen lan garrantzitsua onartu zuen. ICAAko arduradun nagusiak konpromisoa hartu zuen Klusterrekin, sektorean berrikuntza bultzatzeko.
Ordezkaritza honakoek osatu zuten: Euskal Autonomiak Erkidegoa, Extremadura, Balearrak, Kanariak, Madril, Valentzia, Katalunia eta Galiziak, eta sektorearen etorkizunari dagokionez dituzten kezka nagusiak aurkeztu zizkioten Ingasi Guardansi. ICAAko zuzendariak konpromisoa hartu zuen bisita honetan Klusterrekin abiarazitako solasaldia sendotzeko.

Era berean, ICAAko arduradun nagusiak Kluster sarearen lankidetza eskatu zuen, Zinearen Legean jasotako Ikus-entzunezkoa Berritzeko Plana elkarrekin garatzeko. Halaber, Guardansek gonbit egin zien Klusterrei, ikus-entzunezkoen industriaren gaineko estatistika fidagarriak egiten laguntzeko, betiere, sektoreak berezkoak dituen I+G+b arloko laguntzak behar bezala antolatzeko.
Lankidetza estuko giroan, Institutuko zuzendariak gonbit egin zien Klusterrei, Klusterren arteko esperientzia trukearen eta prestakuntzaren arloan taldeko ekintzak egiteko, eta, era berean, konpromisoa hartu zuen ekintza horietan laguntzeko. Ordezkaritzak gonbit egin zion ICAAko zuzendariari, urte amaieran Valentzian izango den Espainiako Klusterren III. Foroan parte hartzeko.
Data:2009/09/29 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Lu Chuan zuzendariaren “City of life and death” film txinatarrak irabazi du irailaren 27an amaitu zen Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 57. edizioko Film Onenaren Urrezko Maskorra.
Gainera, Laurent Cantet zinemagile frantziarra buru zuen Sail Ofizialeko Epaimahaiak Pablo Pineda eta Lola Dueñas antzezleei eman die, hurrenez hurren, gizonezko eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra. Biek ala biek “Yo, también” espainiar filmean parte hartu dute, eta kutxa Gizarte Ekintzaren 30.000 euroko diru-laguntza lortu du lan honek.
Zuzendari Onenari emandako Zilarrezko Maskorra Javier Rebollorentzat izan da, 'La mujer sin piano' (Espainia-Frantzia) lanagatik; Epaimahaiaren Sari Berezia, aldiz, François Ozon zuzendariaren 'Le refuge' pelikularentzat (Frantzia) izan da. “City of life and death” filmak, gainera, Argazkigintza Onenaren saria lortu du, eta Gidoi Onenaren saria Andrews Bowell, Melissa Reeevs, Patricia Cornelius eta Christos Tsiolkas gidoilarientzat izan da, “Blessed” (Argentina) filmean eginiko lanagatik.
Nazioarteko kritikak emandako FIPRESCI saria Isaki Lacuestaren 'Los condenados' filmak irabazi du.
Zuzendari berriak
Zuzendari Berrien Kutxa Sariaren epaimahaiak, Saffron Burrows ingelesaren gidaritzapean, Philippe Van Leeuw zuzendariaren “Le jour où dieu est parti en voyage” (Belgika) filmari eman dio lehen saria (90.000 euroko ordainsaria), eta bereziki aipatu du Zinemaldiko Batzordeak hautatutako pelikulen “kalitate handia”. Sail honetan bertan, Pausokak (Eikeneko bazkidea) ekoitzi eta Anne Igartiburu protagonista duen “Zorion Perfektua” filma ikusi ahal izan da.
Gainera, Lee Daniels zuzendariaren “Precious” filmak 70.000 euro jasoko ditu Publikoaren TCM Saria irabazteagatik; Sherry Hormanen “Desert Flower” filmak, aldiz, 35.000 euro. Gaztea Saria, bestetik, Martin Carranza eta Victoria Galardiren “Min Dît/ The Children of Diyarbakir” filmarentzat izan da.
Amaitzeko, Manuel Perez Estremera buru zuen “Horizontes” sariko epaimahaiak Adrian Biniez uruguaiarraren “Gigante” filmari eman dio lehen saria ahobatez, eta 35.000 euro jasoko ditu. TVE-Otra Mirada saria “Precious” pelikularentzat izan da.
Data:2009/09/28 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
K 2000, Abra Prod, Bitart, Pausoka eta Barton Films enpresak Donostiako Zinemaldian dira egunotan aurtengo euskal film onenak erakusten.
Fermin Muguruzak zuzendu duen “Checkpoint rock” dokumentala, K 2000 produktorak ekoitzia eta Barton Films etxeak banatua (Eikeneko bazkideak), Donostiako Zinemaldiaren 57. edizioko Zinemira - Euskal Zinemaren Panorama sail berrian egongo da. Irailaren 25ean (ostirala) ikusi ahal izango da, arratsaldeko 17:00etan, PRINCIPE 10 aretoan, eta irailaren 26an (larunbata), arratsaldeko 20:30ean, PRINCIPE 9 aretoan.
Zinemaldiaren aurreko edizioetan, Euskal Zinemaren Egunak film bakoitzaren proiekzio bakarra eskaintzen zuen. Ekimen hori zabaldu eta sail berri bihurtu da aurtengo edizioan, eta urteko lanik onenen lagin interesgarri bat eskainiko du.
Sail berean, Aitor Mazok eta Patxo Telleriak beren lehen luzemetraia estrenatuko dute: “La máquina de pintar nubes”. Gidoilari-lanetan ere aritu dira. Filma Abra Prod (Eikeneko bazkidea) eta Mundo Ficción etxeek ekoitzi dute, eta irailaren 24an (osteguna) proiektatuko da, gaueko 22:30ean, PRINCIPE 9 aretoan, eta irailaren 25ean (ostirala), arratsaldeko 20:30ean, ANTIGUO BERRI 6 aretoan.
“Ander” homosexualitatea gaitzat hartuz euskaraz egin den lehen luzemetraia da, eta EiTBk eta Bitart enpresak (Eikeneko bazkideak) parte hartu dute. Irailaren 25ean (ostirala) proiektatuko da, arratsaldeko 20:45ean, ANTIGUO BERRI 2 aretoan.
Amaitzeko, “Zorion Perfektua” luzemetraia Zabaltegiko “Zuzendari Berriak” sail ofizialean lehiatuko da. Anjel Lertxundi idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako filma Pausokak (Eikeneko bazkidea) ekoitzi du, EiTBren (Eikeneko bazkidea) laguntzarekin. Barton Films (Eikeneko bazkidea) arduratuko da banaketaz.
Anne Igartiburu da filmeko aktore protagonista, eta irailaren 25ean (ostirala) ikusi ahal izango da, arratsaldeko 19:00etan, KURSAAL 2 aretoan, eta gaueko 9:30ean, PRINCIPAL aretoan. Larunbatean, 26an, beste bi emanaldi izango dira: eguerdiko 12:00etan, KURSAAL 2 aretoan, eta gaueko 23:15ean, PRINCIPE 7 aretoan.
Data:2009/09/23 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Euskadiko ikus-entzunezkoen alorreko enpresa nagusiak Canneseko MIPCOM azokan izango dira urriaren 5etik 9ra, hirugarren urtez jarraian, Basque Audiovisual markaren inguruan bilduta.
Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko enpresak atzerriko merkatu eta azoka ugaritan izan dira azken hamarkadetan. Nolanahi ere, Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak parte-hartze hori sendotzea erabaki dute, eta ahalik eta enpresa kopuru handiena bildu nahi dute horretarako Basque Audiovisual markaren inguruan. Marka sendo dago gaur egun, eta Euskadin egiten den lana munduan ezagutarazteko balio du.
Eikenen Nazioartekotze Planaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Niniak Programaren baliabideen zati bati esker, ikus-entzunezkoen alorreko berrogeita hamar bat enpresa, ekoizleak eta banatzaileak gehienak, Basque Audiovisual markaren inguruan bildu dira 2009an honako azoka eta ekitaldi hauetan parte hartzeko: MIPTV, MIF, Sunny Side of the Doc eta MIPCOM. Inbertsioa 180.000 eurokoa izan da, gutxi gorabehera. Ez alferrik, Eikenen 2009-2011 Plan Estrategikoaren bigarren erronkan irakur daitekeenez, ezinbestekoa da Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko produktuak atzerriko merkatuetan ezagutaraztea.
Euskal ordezkaritza
Honako hauek osatuko dute euskal ordezkaritza Canneseko azokan: 3Koma (“El calendario del año” - lehiaketa), Bainet Zinema (“Hogar útil” - kanal tematikoa), Baleuko (“Black to the moon” - animazio seriea), Expressive (“Anima channel” - animazio filma), MediaBost (“Mystical” – luzemetraia), Pausoka (“Zorion Perfektua” - luzemetraia), Retelsat (itsasazpiari buruzko dokumental seriea), Silverspace (“Hiroku y los defensores de Gaia” – animazio filma), Western Films (“Vivo México” - dokumental seriea), Somuga (“The Howoldies” - animazio seriea), Audiovisual 21, K 2000 (“Pásalo” - entretenimendu saioa), Moztu Filmak (“The last passage”) eta EiTB.
Taldea Vitoria-Gasteiz Film Commission delakoak osatzen du, antolakuntza mota hauei bereziki eskainia dagoen jardunaldian parte hartuko duena.
Data:2009/09/16 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Arte garaikidearen ikonoetako baten artea ikusgai dago Bilboko Foru Liburutegian, paperaren gainean eginiko 42 estudioren bidez. Vilau enpresak landutako erakusketan jenioak Gernika sortzeko izan zuen bilakaera guztia biltzen da.
Erakusketa faksimile edizio osotua da, 1990. urtean zenbatutako eta argitaratutako 750 ale jasotzen dituena. Obra ikusgarri hau, Bizkaiko Foru Aldundiarena dena, argitaratutako obra guztien artetik 8. zenbakiarekin dago erregistratuta eta Malagako artistak marraztutako jatorrizko zirriborroen erreprodukzio leiala egiten du.
Vilauk Pablo Picassoren bestelako erakusketa garatu nahi izan du, gainerakoekin zerikusia ez duena. Horren adibide garbia dugu Gernikaren errepresentazio interaktiboa. Bisitariak, pantaila baten bidez, koadroaren errepresentazio batera sartzeko eta modu interaktiboan jarduteko aukera izango du, taldeka nahiz bakarka. Aplikazioan klikatuta, ikusleak oihalean agertzen diren pertsonaia guztiei buruzko informazioa lortzen du hiru hizkuntzetan (zezena, zaldia, ama haurrarekin,...).
Picassoren obra bezala, erakusketa berrikuntzaren adibide garbia dugu. Izan ere, Vilauko lan taldeak ikerketa lan nabarmena egin du, teknika eta adierazpen gune berriak erabiliz obrak erakusteko.
“Gernika, prozesutik obrara” erakusketan sei monolitok artistaren biografia biltzen dute, hala nola bere aro piktorikoak, oihalaren sorrerari dagokion testuinguru historikoa, egileak jasotako enkarguaren jatorria, obraren sorrera eta koadro ospetsuaren deskribapen zehatza.
Erakusketa doan bisitatu ahal izango da Bizkaiko Foru Liburutegian (Diputazio kalea 7- Bilbo), urrira arte.
Data:2009/09/04 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Hemen klikatu sustatzeko film laburra ikusteko: http://www.idem4.com/roland
Idem-ek (Eikeneko bazkidea), Nafarroako ITP, Aragoiko Modélica eta Frantziako Smac enpresekin batera, historia berregiten duten eszenak filmatuko ditu, “La Chanson de Roland” poema epiko ospetsuari buruzko film dokumental baterako Nafarroako hainbat lekutan, irailaren 13a arte. Proiektu honetan Canal Historiak parte hartzen du eta Media programaren laguntza jasotzen du.
510.000 euroko aurrekontua duen proiektu honetan ikerketa arkeologikoa egingo da, Karlomagnoren gudarostearen aurkako erasoa non izan zen argitzeko; izan ere, teoria batek Hechon (Huesca) kokatzen du, eta beste batek, ordea, Orreagan (Nafarroan).
Olivier van der Zee holandarraren zuzendaritzapean, "778 - La Chanson de Roland" film-dokumentalak aldi berean garatuko ditu fantasiaz eta mitoez beteriko herri-poema epikoa eta 778. urtean benetan izandako gertaera historikoak; hau da, Karlomagnoren bidaldia Zaragoza hartzeko –porrot egin zuena- eta itzuleran, Pirinioak zeharkatzen ari zela, gudarosteari eginiko erasoa, “Orreagako Gudua” gisa ezagutzen dena.
2010eko udaberrian filma lehen aldiz ematea espero dute eta ETB, France-3, Aragon TV eta estatuko nahiz nazioarteko beste kate batzuetan ikusi ahal izango da. Egitasmoan Erdi Aroan aditu diren historialari ezagun askok parte hartuko dute, hala nola Alessandro Barbero-k, Armando Besga-k eta Philippe Senac-ek. Horrez gain, historialari militarra den Jean-Marie Dambier Almiranteordeak eta Manuel Martín Bueno, Agustín Azkarate eta Mercedes Unzu arkeologoek parte hartuko dute.
Punta-puntako berregitea
Dokumentalak historia berregiteko hainbat eszena izango ditu antzezleekin, narrazioa erakargarriagoa izateko eta bisualki aberasteko. Grabazio horiek Nafarroan egingo dira historia antzezpenetako zenbait espezialistaren laguntzaz, hala nola Ulfhednar taldeko alemaniarrak eta ingelesak (www.ulfhednar.org) eta Clan del Cuervo taldearen espainiarrak (www.clandelcuervo.com).
Data:2009/09/04 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
TVEk 3Komak (Eikeneko bazkidea) ekoitzitako doku-realityaren beste denboraldi bati hasiera emango dio, irailaren 21etik aurrera. Formatuak nazioarteko sari ugari jaso ditu, eta Norvegian eta Italian ekoitzi dute.
Hauxe da 3Komak TVErentzat eginiko “El coro de la cárcel” saioaren hirugarren emanaldia. Euskal enpresak sortutako formatua ekoitzi dute, halaber, Norvegian (TvNorge 2007) eta Italian (MTV Italia 2008). Horrez gain, sari eta aintzatespen ugari jaso ditu.
Telebistako saioa da, baina batez ere, bizikidetzaren eta hobetzearen adibidea dugu, presondegi batean bizi direnen arazo eta zailtasunen testuinguruan kokatzen dena.
Oraingoan, saioa Dueñasko (Palentzia) La Moraleja presondegira joan da, eta, beraz, berriro ere abesbatza mistoa sortzearen aldeko erronka egingo dute, iaz Mulasko (Leon) Masilla kartzelan egin zuten bezalaxe. Kokaleku berria eta kantu irakasle bera, hau da, Xavier Torras.
Aurten “El coro de la cárcel” saioan Loquillo, Pitingo, Andy & Lucas bikotea edo Los Chichos bezalako artistak ikusiko ditugu.
Data:2009/09/04 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.