Basque Audiovisual Europako hainbat azokatan finkatu ondoren, hala nola MIPCOM, MIPTV edo Sunny Side of the Dioc; Eikenek, Ikus-entzunezkoen Sektoreko Klusterrak, nazioarteko hedapena duten estatuko azoken aldeko erronkari ekitea erabaki du. Madrilen Ikus-entzunezkoen Teknologiari buruz egingo den BROADCAST 09 (azaroaren 3tik 9ra) azokan, Eikenek marka berria aurkeztuko du: Basque Audiovisual Services + Tech, oinarri teknologikoko zerbitzuak eskaintzen dituzten Euskal Ikus-entzunezko Sektorearen enpresak bilduko dituena.
Ikus-entzunezkoen kontzeptu tradizionalak pauso bat eman du ikus-entzunezko negozio berri baterantz. Hor nabarmentzen diren enpresak ez dituzte edukiak bakarrik egiten; haatik, edukiei balio erantsia ematen dizkieten aplikazioak eta zerbitzuak eskaintzen dituzte, teknologia berrietan oinarrituta. “Negozio-ildo erabat garrantzitsua eta estrategikoa da sektorea lehiakorrago izan dadin; horregatik, ezinbestekotzat jo dugu enpresa horiekin berariazko lan-taldea finkatzea” esan zuen Itziar Menak, Eiken Ikus-entzunezkoen Klusterraren zuzendariak.
Eikenek 14 enpresa bilduko ditu Basque Audiovisual Services + Tech izenpean eta 64 m2-ko (9F06b) estand-a izango dute Galizia, Valentzia eta Madrilgo Klusterrekin batera, lankidetza horren sinergiari etekina ateratzeko asmoz. Euskal ordezkaritza honako enpresa hauek osatua izango da: BS&T, Gizer.net, Erabi Tecnología Audiovisual, Sugar Factory, EUVE, Jarkatza Media, Megavideo, G93 Telecomunicaciones, Irusoin, Mixer Servicios Audiovisuales, Aginako Bideo Zinema, K 2000, Bitart New Media eta Vilau.
Produktu berriak
BROADCAST 09 azokan egongo diren enpresek eskainitako zerbitzuek Ikus-entzunezkoen eremu oso zabala hartzen dute eta lan garrantzitsua egiten dute I+G+b arloan; hartara, Ikus-entzunezkoen Teknologiaren aretoa baliagarria izango da ikus-entzunezko edukien ekoizpenerako aplikazio aurreratuak eta produktu berriak merkatuan aurkezteko. Horietako batzuk, gainera, mundu mailan ezagutaraziko dira lehenengoz.
BROADCAST 09 azokara enpresa guztiak marka bakarrarekin joateak presentzia handiagoa emango die enpresei eta errazago ikusiko dira, bakarrik joanda baino. Bestalde, Basque Audiovisual marka ezaguna dugu nazioartean eta Euskadin eginiko ikus-entzunezko produktuaren bereizgarria da.
Data:2009/10/26 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Dragoi ehiztaria filma grabatzen hasi dira egunotan Donostian. Larunbateko, urriak 24, grabazioa zuzenean ikusi ahal izango da eitb.com atarian.
Patxi Barco zuzendariaren bigarren film luzea da eta Euskadin eta Kuban grabatuko dute. Itziar Ituño eta Asier Hormaza dira protagonistak, besteak beste. Barton Filmsek (Eikeneko kidea) Euskaraz eta gaztelaniaz banatuko du Espainian.
Zurriola Groupen ekoizpen bat da eta ETBren (Eikeneko kidea) laguntza jaso du. Angel Amigoren (gaztelainaz) eta Aizpea Goenagaren (euskaraz) gidoia da.
Gorkaren papera du Asier Hormazak. ETA politiko militarraren taldekidea izan da horren autodisoluziora arte. Bere iraganari egin behar dio aurre bere seme txikiaren etengabeko galderak direla eta. 80eko hamarkadan Etamerikan izan zen borrokan parte hartu zuen.
Data:2009/10/23 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Pausoka (Eikeneko bazkidea) eta Plural Entertainment Cuatroren umorearen aldeko erronka berria amaitzen ari dira. Javier García de Vicuñak zuzenduko duen saio berriak Arturo Valls izango du gidari.
Egunerokotasuna umore inteligente eta urratzailearen ikuspegitik eta espainiar gizartearen parodia izango dira umorezko saio berri honen muina. Horrela, Cuatrok kalitatezko entretenimenduaren alde egiten jarraituko du; horixe baita kate horren ezaugarri nagusietako bat.
Oraingoan 2003. urteaz geroztik ETBn arrakastaz ematen ari den “Vaya Semanita” saioa sortu zuen Pausokaren ukitua duen proiektu berri honi ekingo dio, Arturo Valls aurkezle gisa jarrita. Horrez gain, saioak Fernando Tejero eta Kira Mirón aktoreen lankidetza izango du.
Javier García de Vicuñak, “Vaya Semanita”-ren arduradunak, zuzenduko duen saio berria egunerokotasunari lotuta egongo da erabat. Hori bai ikuspegi garratza eta umore inteligente bezain urratzailea erabiliko dute. Eguneroko egoerak nahastu egingo dira telebistako eta gaurkotasuneko pertsonaia ezagunei eginiko parodiekin.
García de Vicuñak bere gain hartu du proiektu hau “Vaya semanita” saioak izandako arrakastaren bermeaz; izan ere, bere zuzendaritzapean Ondas (2006), ATV (2004 eta 2007) sariak jaso ditu.
Data:2009/10/20 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Elhuyar Fundazioak, Eikeneko kidea, ekoizten duen "Teknopolis" saioak zientzia dibulgatzeko Europako telebista-saiorik onenaren saria jaso zuen urriaren 14an, Europako Zientzia Fundazioak antolatu duen Europako 2009ko Media Sariak sariketaren barruan. Hain zuzen ere, Jonhson & Jonhson popular science TV Award izeneko saria jaso zuen. Sari-banaketa Hannoverren (Alemania) ospatu zen, eta saria jasotzera Maider Egües zuzendari eta aurkezlea, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia eta Beñar Kortabarria erredaktorea joan ziren.
ETBko programa, Eikeneko kidea, zientzia dibulgatzeko Europako telebista-saiorik onena dela erabaki zuen epaimahaia honako pertsona hauek osatu dute: Derek Nelson, AlphaGalileo Fundazioko negozio-zuzendaria, BBCko produktore ohia eta ESAko (Europako Espazio Agentzia) aholkularia; Carl Johan Sundberg, Euroscience erakundeko presidenteordea eta Euroscience Open Forum-en sortzaileetako bat; Philippe Bijvoet, VRT The Flemish Radio and Television Network-ekoa; Frederik Wittock, Europako Johnson & Johnson Farmazia Ikerketa Zentrokoa; eta Barbara Gallavotti, italiar telebistako kazetaria.
Data:2009/10/15 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
gizer.net enpresak, EIKENeko kidea, Deustuko Teknologia Fundazioaren (DeustoTech) eVIDA ikerkuntza taldearekin elkarlanean, TICAVEI jardunaldiak antolatu ditu ACCEedu teknologian egin dituen aurrerapenak aurkezteko. Teknologia berri honi esker, ikus-entzunezko edukietan oinarritutako hezkuntza jarduerak erabil daitezke e-learning merkatuan, azpititulazioa eta audiodeskribapena bezalako elementuak barne.
Berrikuntza nagusia hauxe da: ikasleak eta irakasleak ikus-entzunezko materialekin lan egin dezakete, testu idatzi batekin egingo luketen moduan, eta horrek aukera handiak ematen ditu aurrez aurreko eta on-line irakaskuntza hobetzeko, IKTen laguntzarekin. Teknologia hau Moodle plataforman integratzeko sortu da, gaur egun gure inguruan nagusi den e-learning plataforman, edota era independentean erabiltzeko.
Urriaren 5etik 8ra, hainbat ikastetxetako 40 irakasle, Bizkaikoak gehien bat, elkarlanean aritu dira jardunaldi hauetan. IKTek irakaskuntzarako dituzten berrikuntza nagusiak aztertzeaz gainera, ACCEedu teknologiaren ahalmena egiaztatu ahal izan dute, eta tresna honetarako hobekuntzak proposatu dituzte beren esperientziatik abiatuta.
TICAVEI jardunaldien lehen fasea joan den irailaren 14an egin zen, hizkuntzen irakaskuntzari buruzko hainbat adituren erakusketa eta lanekin, herritar guztien eskura dauden eduki multimedia eta ikus-entzunezko materialen bitartez. Bilkura horretan, Madril, Bartzelona, Granada, Bilbo, Erresuma Batua eta Greziako unibertsitateetako adituak bildu ziren, baita software arloko eta ikus-entzunezkoen munduko hainbat enpresa ere.
Data:2009/10/09 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Astelehenean abiatu zen Cannesko 25. MIPCOM azoka; hots, telebistako edukien nazioarteko azoka nagusia. Zalantzarik gabe, krisialdi ekonomikoak bere aztarna utzi du aurtengo azokan, baina ezin ahaztu, era berean, Basque Audiovisual markak biltzen dituen euskal enpresek (3Koma, Bainet Zinema, Baleuko, Expressive, MediaBost, Pausoka, Retelsat, Silverspace, Western Films, Somuga, Audiovisual 21, K 2000, Moztu Filmak eta EiTB) egin duten garrantzizko lana ere; izan ere, produktu berritzaileak eta merkatuak eskatzen duenarekin bat datozenak aurkezten saiatu dira enpresok; formatu lehiakorrak, ekoizpen kostu txikiagoarekin.
Euskal ordezkaritzako produktuen katalogoa animaziozko telesailek, dokumentalek, kanal tematikoek, doku-realityek, entretenimenduko magazineek, gazteentzako telesailek eta abarrek osatzen dute. Hogei bat formatu dira guztira, horietako batzuk arrakastatsuak Euskadin, eta sektoreko eragileen arreta erakarri dute.
Cannesko azoka bihar amaituko da (ostirala, urriaren 9a), eta aurten enpresa gutxiago bertaratu badira ere, Frantziara joan diren euskal enpresek ia ehun bilera egin dituzte egunero, erosle potentzialekin. Gainera, Euskadin egindako ikus-entzunezkoek erakarri dituzten profesionalen joan-etorria etengabekoa izan da Basque Audiovisual markako erakustokian.
Itziar Mena Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko zuzendariak adierazi duenez, “gisa honetako azokek telebistako edukien arloko joera berriak eta formatu berriak gertu-gertutik ezagutzeko aukera ematen dute, eta aurten egiaztatu ahal izan dugu Euskadiko enpresek merkatuko eskariarekin guztiz bat datozen produktuak eskaintzen dituztela”. Hain zuzen ere, Eiken eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatu dute euskal enpresek hurrenez hurreneko hirugarren ustez Basque Audiovisual markaren aterkipean Cannesko azokan parte har dezaten. Izan ere, Basque Audiovisual sendotasun handiko marka da, entzute handia du, eta Euskadin egiten diren ikus-entzunezkoak identifikatzen ditu.
Basque Audiovisual markak 40 metro koadroko erakustokia du Palais des Festivals aretoan, Galiziako Ikus-entzunezkoen Klusterrarekin batera, klusterren arteko lankidetzak ematen dituen aukerak aprobetxatzearren. Basque Audiovisual markak ikus-entzunezko teknologia erabili du bere erakustokian, enpresetako produktuak modu egokian aurkezteko. Hain zuzen ere, formatu handiko ukipen pantaila bat dago erakustokian, profesionalek produktu eta formatu guztiei buruzko informazioa eskura izateko.
Basque Audiovisual markak profesionalen topaketa bat egin zuen asteartean (urriaren 6an), eta azoka bukatu bitarte, enpresek formatu batzuk aurkezteko aukera izango dute animazioaren eta telesailen arloko foro espezializatuetan. Gainera, erosle potentzialekin biltzeko aukera ere izango dute. Eikeneko zuzendariak gaineratu duenez, “Ekonomiaren atzeraldia dela-eta, gaur egungo merkatua kontserbadoreagoa da, baina enpresek bezeroak aurkitzeko ahaleginak bikoiztu dituzte eta aurreko urteetan baino enpresa gehiagori ari dira aurkezten beren lana”.
Data:2009/10/08 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.