Eiken - Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta Vitoria-Gasteiz Film Officek jardunaldi profesional bat egingo dute datorren azaroaren 7an, ikus-entzunezkoen sektoreak egungo eraldaketa prozesuan dauzkan erronkak aztertzeko. Topaketa Goiuri Jauregian egingo dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat entitate eta erakundek Kalitatearen Europar Astearen baitan antolatu dituzten jardueretako bat izango da.
Ekimenaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreko eragile eta profesionalei eztabaidarako foro bat eskaintzea da, kalitatearen eta berrikuntzaren ikuspegitik sektorearen lehiakortasunean eragin handiena duten alderdiak azter ditzaten. Jardunaldiak digitalizazioak ekarri dituen aukera nahiz mehatxuetan jarriko du arreta, baita enpresa eta erakundeek partekatutako estrategia bat ezartzeko beharrean ere.
Jardunaldia 10:00etan hasiko da, eta 13:00etan amaitu. Bertara hurbiltzen direnek sektorearen eraldaketa prozesuarekin lotutako zenbait esperientzia ezagutu ahal izango dituzte. Hauek izango dira hizlarietako batzuk: Juan Carlos Villamor, sortu berri den Arabako Ikus-entzunezko Produktoreen Elkarteko (APIKA) lehendakaria; Rubén Gundín, Spain Film Commission elkarteko kidea; Ramón Delgado, Tecnalia Mediako zuzendaria; Kepa Sojo, zinemagilea eta UPV/EHUko Unibertsitate Hedakuntzako zuzendaria, eta Joseba Fiestras, FesTVal jaialdiaren zuzendaria.
Data:2011/10/28 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
2011ko urriaren 27tik azaroaren 6ra egingo den BEEFEATER IN-EDIT FESTIBALAREN bederatzigarren edizioak, Bartzelonako Musika Dokumental eta Zinemaren Nazioarteko Jaialdiak, Begoña Atutxak zuzendutako “EUSKAL ROCK ERRADIKALA, 80ko HAMARKADAKO MARTXA HANDIA” dokumentala hautatu du EXCEDLENTS sailean parte hartzeko.
“Euskal Rock Erradikala, benetako kale soinua, bolbora arrasto baten gisa hiri eta herrietan zabaldu zena, eta leherketa ikaragarria eragin zuena reggae, ska, punk, heavy… erritmoekin. Leherketa horren hedatze uhinak gure artean dirau oraindik. Asaldura handiko garaia izan zen, langileen borroken, belaunaldien arteko talkaren eta beste hainbat gatazkaren eraginez, eta haren erreberberazioak 80ko hamarkadako gazteen soinu banda eratu zuen.
Bidaia honetan, ibilbide bat egingo dugu Euskal Rock Erradikala taxutu zuten gune nagusi gehientsuenetan barrena, eta protagonistekin hitz egingo dugu, haietako asko dagoeneko gure artean ez badaude ere…”

Dokumentala, 55 minutukoa, K 2000 SAU etxeak (Eikenen kidea) La2 katerako eginiko ekoizpen bat da, eta laster emitituko du TVEk.
Data:2011/10/28 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Filmak pasa den Donostiako Zinemaldian parte hartu zuen haurrentzako zinema atalean kritika eta publikoaren harrera ezinhobea lortuz.
Estilo oso pertsonalarekin, eskuz egindako marrazkiekin, misterioa beteriko istorioarekin eta, argiaren hiria atzekaldean izanik, "KATU BAT PARISEN" filmak Dino katuaren istorioa kontatzen du. Egunez, Zoérekin bizi da. Gauez, Pariseko teilatuetatik ibiltzen da Nico lapur trebea lagunduz.

Barton Filmsek, Eikeneko kidea, banatzen duen filmak aipamen zinematografiko anitzak, pertsekuziozko eszena ikusgarriak eta pintore ezberdinetan iradokitutako estetika (Modigliani, Vermeer edo Hockney) dauzka.
Informazio gehiago: www.bartonfilms.com
Data:2011/10/21 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Andoaingo Zine eta Bideo Eskolak (ESCIVI), Eikeneko kideak, 25 urte bete berri ditu, eta dagoeneko betea du zinemagileen harrobi bilakatzeko helburua, Donostia Zinemaldiaren azken edizioan ikusi ahal izan genuen moduan; izan ere, eskolako sei ikasle ohik parte hartu zuten bertan.
ESCIVIren arduradun Iñaki Aizpuruk gogoan dauka 1986an Euskal Herrian aitzindaria izango zen ekimen bat martxan jartzea erabaki zuela. Ikus-entzunezkoen alorreko estatuko prestakuntza-zentro bakarra hartu zuen eredutzat: Madrilgo Irrati Telebistako Institutua. ESCIVIko lehen ikasturtean 200 ikasle aritu ziren zentroan ikasten; deialdiaren arrakasta nabarmena izan zen, eta proiektuak lanbide-heziketako beste edozein tituluren baldintzei erantzun ahal izan zien. Lehen talde horretako ikasleak izan ziren euskal zinemagintzako zenbait egile ezagun, Asier Altuna (Bertsolari) eta Telmo Esnal (Urteberri on, Amona!), besteak beste.
Gaur egun, Zine eta Bideo Eskolak goi-mailako lanbide-heziketako tituluak eskaintzen ditu. Gainera, zentroak ikus-entzunezkoen alorreko hainbat enpresaren laguntza jasotzen du, eta horrek erraztu egiten die ikasleei lan munduan sartzea. ESCIVIn, 300 matrikulazio izaten dira urtero. Gaur egun, eskola bigarren erreforma sakona egiten ari da, Bologna Planera egokitzeko eta Europako baremora parekatzeko. Aldaketa horri esker, prestakuntzako bi urteak unibertsitateko 120 kredituren parekoak izango dira, eta tituluak homologatzeko aukera izango da.
Data:2011/10/14 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
DCPCINE, proiekzio digitalerako Master DCP sortzen duen enpresa espezializatua, Donostiako Zinemaldian izan da hainbat film eta ekoizpenen bitartez, enpresa horren zerbitzuak erabili baitituzte master euskarri eta kopia digitaletarako.
DCPCINEren eskaintzari esker, DCP formatura pasa daiteke edozein bideo edo irudi sekuentzia, eta sistema digitalerako jauzia egiten da horrela kostu murrizketa handi eta kalitate gorenarekin. Alde horretatik, DCPCINEren lanari esker, aurrezpena erabatekoa da zeluloidezko kopiei dagokienez, eta sistema tradizionalean kostu handia izango luketen elementuak ere sar daitezke erraz: hala nola azpidatziak filmaren banaketaren edozein fasetan.
DCPCINE animazioan espezializatutako Silverspace konpainiatik sortutako enpresa da. Zinemaldian egotea urrats bat gehiago izan da enpresaren hazkunde estrategian, eta Donostiako jaialdian parte hartu duten ekoizpen batzuen konfiantzak sendotu egiten du estrategia hori.
Informazio gehiago: www.dcpcine.es
Data:2011/10/13 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Basque Audiovisual Services + Tech, Eiken- Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak oinarri teknologikoko enpresak biltzeko abian jarri duen ekimena, Broadcast Ikus-entzunezkoen Teknologiaren azokan izango da Madrilen, urriaren 25etik 28ra. Helburu nagusia sektoreari merkatu profesional garrantzitsuenetara iristen laguntzea da, produktu edo zerbitzuak saldu eta munduko fabrikatzaile nagusien azken berrikuntzak eskuratzeko.
Aurreko edizioetan bezala, Basque Audiovisual Services & Tech markak bere standa izango du Ifemako 3. pabilioian. 200 enpresa inguru bilduko ditu azokak, eta 15.000 bisitari baino gehiago espero dira. Alde horretatik, Euskadiko oinarri teknologikoko enpresak Broadcast azokan egotea, Basque Audiovisual markaren babespean, urrats garrantzitsua izango da Eiken enpresa garapenaren eta merkatu berrietara zabaltzearen alde egiten ari den lanean.
Horrela, Basque Audiovisual Services + Tech markak Broadcast 2011n jarriko duen standari esker, euskal enpresak egiten ari diren lan teknologikoa ezagutaraziko da, eta ikus-entzunezkoen edukien ekoizpenerako baliabide aurreratuak eta produktu berriak aurkeztuko zaizkie atzerriko eragileei. Enpresa hauentzat mesedegarri izango da marka baten babespean aurkeztea, pisu handiagoa izango dutelako azokan bakarka aurkeztu izan balira baino.
Klusterren mahaingurua
Broadcast 2011n, gainera, mahainguru berezi bat egingo da Ikus-entzunezkoen Klusterrek eduki eta negozio sortzaile gisa duten zeregina aztertzeko. Mahaingurua azokaren lehen egunean egingo da, arratsaldez, eta Fernando de Garcillánek koordinatuko du, Madrid Network Cluster Audiovisualeko zuzendari-gerenteak. Hizlarien artean izango da Itziar Mena Eikeneko zuzendaria.
Data:2011/10/11 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eikeneko Zuzendaritza Batzordeak, irailaren 27an (asteartea) Pedro Gómez Damborenea Plangintza eta Estrategia sailburuordearekin eta Inmaculada Freije arloko zuzendariarekin eginiko bileran, berehalako neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari, sektorearen etorkizuna bermatzeko. Klusterreko arduradunek, azken txosten ekonomikoak mahai gainean jarririk, sailaren babesa lortu dute ikus-entzunezkoen industria bultzatzea helburu izango duen ibilbide orri bat prestatzeko, Eikenek diseinatutako eta administrazioak babestutako ibilbide orria, hain zuzen.
Bileran, Eikeneko arduradunek sektorea zertan den azaldu dute, egoera ekonomiko kezkagarrian, berregokitze premian eta joera aldaketen eraginpean. Horrek guztiak, nolanahi ere, bide berriak urratzeko aukera eskaintzen du, eta, horretarako, Eikenen arabera, bai sektoreak bai administrazioak oinarrizko erronkei erantzun behar diete. Erronka horien artean, etorkizuneko industria politika erabakitzea eta TB publikoaren eredua adostea dira aipatzekoak.
Horiek horrela, Eikenek bere gain hartu du “ezinbestekotzat” duen berregituraketa gidatzeko konpromisoa, eta Industria Sailaren babesa eskatu du horretarako, bere lidergoa sendotzen lagun diezaion kontu honetan zeresana duten eragile guztien artean. Saileko arduradunak laguntzeko prest agertu dira, enpresa eta industria egitura garatzea helburu duen edozein planteamendu bultzatzeko.
Une honetatik aurrera, beraz, Eiken prozesu hau martxan jartzeaz arduratuko da, eta lan talde bat eratzea izango du lehen urrats, ibilbide orriaren helburuak zehazteko eginkizuna izango duena.
Data:2011/10/06 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eikeneko Zuzendaritza Batzordeak azken bileran hartutako erabakiz, Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea (Ibaia) klusterreko bazkide izango da urtebetez. Bazkide berri honekin eta duela gutxi ere bazkidetu den EPE-APV elkartearekin, Eikenek Euskal Herriko ikus-entzunezkoen industriako enpresa gehientsuenak biltzen ditu, eta leku ezin hobean jartzen du horrek sektorearen berregituraketan lidergoa eskuratzeko.
Ibaia elkartea 1997ko irailean sortu zen, eta 41 enpresa biltzen ditu gaur egun; horietatik 10 Eikeneko bazkide dira.
Informazio gehiago: www.ibaia.org
Data:2011/10/06 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak oinarri teknologikoko enpresak biltzeko bultzatzen duen marka, Basque Audiovisual Services & Tech, "Broadcast" Ikus-entzunezkoen Teknologiaren azokan izango da Madrilen, urriaren 25etik 28ra. Helburu nagusia sektoreari merkatu profesional garrantzitsuenetara iristen laguntzea da, produktu edo zerbitzuak saldu eta munduko fabrikatzaile nagusien azken berrikuntzak eskuratzeko.

Basque Audiovisual Services & Tech markak bere standa izango du Ifemako 3. pabilioian. 200 enpresa inguru bilduko ditu azokak, eta 15.000 bisitari baino gehiago espero dira. Alde horretatik, oinarri teknologikoko euskal enpresak Broadcast azokan egotea, Basque Audiovisual markaren babespean, urrats garrantzitsua izango da Eiken enpresa garapenaren eta merkatu berrietara zabaltzearen alde egiten ari den lanean.
Broadcast 2011n, gainera, mahainguru berezi bat egingo da ikus-entzunezkoen klusterrek eduki eta negozio sortzaile gisa duten zeregina aztertzeko. Mahaingurua azokaren lehen egunean egingo da, arratsaldez, eta Fernando de Garcillánek koordinatuko du, Madrid Network Cluster Audiovisualeko zuzendari-gerenteak. Hizlarien artean izango da Itziar Mena Eikeneko zuzendaria.
Data:2011/10/06 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eikenek Kalitatearen eta Bikaintasunaren Europako Astean parte hartuko du zazpigarren aldiz jarraian. Aurtengo edizioa urriaren 26tik azaroaren 11ra egingo da. Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, Vitoria Gasteiz Film Office-rekin elkarlanean, "Ikus-entzunezkoak: sektorearen eraldaketaren erronkak" izeneko jardunaldia antolatu du Arabako hiriburuan, azaroaren 7an.

Eztabaidaren gai nagusia hauxe izango da: kalitatea eta berrikuntza tresna lehiakor bihurtzeko alternatibak etengabe aldatzen ari den sektore batean. Horrekin batera, enpresek, erakundeek eta eragile ekonomikoek bultzatutako estrategia baten beharra ere nabarmenduko da, gaur egungo egoera zailari aurre egiteko baliabide gisa.
Jardunaldian parte hartuko dutenen behin betiko zerrenda itxi gabe badago ere, Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariak izango direla aurreratu daiteke, baita sektoreko antolakuntza garrantzitsuak ere, hala nola Tecnalia, FesTVal edo Spain Film Comission.
Informazioa eta izen-ematea: eiken@eikencluster.com
Data:2011/10/06 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eikenek informazio hobea eta egokiagoa bidaliko die hemendik aurrera bazkideei posta elektroniko bidez. Laguntza, jardunaldi eta abarrei buruzko datuak txantiloi estandarren bidez bidaliko dira, informazioa erraz antolatuta eta kolorez kodetuta.
Era horretan, Eikenek informazioa eskuratzeko prozesua erraztu nahi du, bidalketa/harrera estandarizatu, hartzaileek albisteak eta datuak erraz eta bizkor eskuratzeko modua izan dezaten. Orain arte, informazioa “errebotatu” egiten zen zuzenean posta helbideetara, inolako tratamendurik gabe.
Zerbitzu berri hau SICC-Eiken Adimen Lehiakorrerako Sistema bidez eginiko lanaren emaitza da, eta aukera emango dio hartzaileari begiratu hutsez informazioaren edukiaz jabetzeko, txantiloi bakoitzak bere kolorea izango baitu: Laguntzak (grisa), Prestakuntza (urdina), Jardunaldiak (gorria) eta Gertaerak (laranja).
Data:2011/10/06 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Basque Audiovisualek, Eikenek eta Etxepare Institutuak bultzatutako ekimenak, profesionalen arteko topaketen egitaraua abiarazi du, aurtengo MIPCOMen. Azoka egin baino lehen kudeatutako topaketa hauen xedea euskal enpresei ahal bezain beste aukera ematea da, kanpoko merkatuetara sartzeko. Ekimen honen bitartez, Basque Audiovisualen standean ehun bilera baino gehiago egin dira nazioarteko erosle, banatzaile eta koproduktoreekin.

Aurtengo MIPCOMen, merkataritza harremanak izan dira Frantzia, Australia, Ingalaterra, Kanada, AEB, Herbehereak, Danimarka, Singapur, Malaysia, Katar, Turkia eta Gales bezalako herrialdeetako pertsonekin. Azokan, berriz, hamabi euskal konpainia egon dira: 3 Koma, Baleuko, EiTB, Expressive, Idem, InteracTVT, K 2000, Mediabask, Pausoka, Silverspace, Sonora eta Vilau.
“Matchmaking” ekimen hau aurrera eraman ahal izateko lanak horrelako topaketetan espezializatutako britainiar enpresa batek egin zituen, nazioarteko hitzordu garrantzitsu honen aurreko hilabeteetan. Enpresak harreman zuzenak izan zituen euskal enpresekin eta beren produktuekin. Hala, Basque Audiovisual standean egondako enpresen berezko salmenta lanek babes garrantzitsua izan dute.
Ahalegin horren saria akordioen sinadura izan da; horien artean, nabarmendu behar dugu Durangon egoitza duen Baleuko enpresak eta Malaysiako Cartoon 4Kids enpresak sinatutakoa. Gaur, Carlton Hotelean aurkeztu da akordioa, eta, Malaysiako sormen enpresei harrera egiteko koktelean, Malaysiako Gobernuaren Kultura, Komunikazio eta Informazio Ministerioaren idazkari nagusia egon da.
Data:2011/10/05 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.