BIKAIN ziurtagiriaren bitartez enpresa nahiz erakunde batek euskaraz noraino eta nola egiten duen ebaluatzen da. DIGITALAKek, urrezko Bikain Ziurtagiria lortu du, hau da, euskararen erabileran goiko mailan dagoen enpresa dela bermatuta geratu da. Ebaluazio prozesu sakona gainditu behar izan du horretarako DIGITALAKek eta balorazio oso ona jaso du.
Enpresaren eta kalitatearen kulturatik sortutako ziurtagiria da Bikain, Euskalitek eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlanean bideratua eta aurten banatu da lehen aldiz, Guggenheim Museoan azaroaren 10ean eginiko ekitaldian.
Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eskutik jaso zuen DIGITALAK taldeak Bikain Ziurtagiriaren oroigarria.

Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu zuen, “hizkuntza kudeaketa dela kalitatearen eta berrikuntzaren helburuak mamitzeko egitasmoaren giltzarrietako bat”. Kalitatea eskaintzearen aldeko apustua aspaldi du egina DIGITALAKek. ISO 9001:2000 kalitate osoaren ziurtagiria da horren erakusle, baina zerbitzuan, kudeaketan eta produkzioan egiten den ahaleginari, ingurugiroarekin duen konpromezua ere gehitu behar zaio. Azpimarragarria da ere, berrikuntza DIGITALAKen lan egiteko moduaren oinarrietako bat dela. Innobasque taldeko kide dira hasieratik, hori da besteak beste berrikuntzaren alde beti egin duen apustuaren lekuko.
20 urteko ibilbidean euskara izan da enpresaren oinarrizko lan tresnetariko bat. Hainbeste urtez euskaraz eginiko lanaren emaitza da orain Bikain Ziurtagiria jaso izana, eta DIGITALAK bide onetik aurrerapausoak ematen ari dela argi geratu da.
Data:2008/11/26 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Kalitatearen XIV. Aste Europarraren barruan, eta Euskalitekin lankidetzan, Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak “Euskadiko Ikus-entzunezkoa sendotzea. Konpromisoa kalitatearekin eta berrikuntzarekin” jardunaldia egin zuen azaroaren 20an Vitoria-Gasteizen, eta, bertan, instituzioetako arduradunak eta Euskadiko Ikus-entzunezko Sektoreko enpresaburuak bildu ziren. Foroaren buru Arabako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapeneko foru diputatu Arantza Zenarruzabeitia andrea izan zen.
Laugarren urtez jarraian, Eikenek helburu zehatz batekin antolatu zuen lan-jardunaldi hau; hain zuzen ere, ikus-entzunezkoen industriako enpresa guztiekin (handi zein txiki) batera gogoeta egitea, sektoreak kudeaketa eta berrikuntza jardunbideetan dituen erronkei buruz eta Klusterrak sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eta sendotzeko daukan konpromisoari buruz.
Berrikuntza eta Ekonomi Sustapeneko arduradun nagusiak eskaera egin zien Ikus-entzunezkoen Sektoreko enpresei, kalitatean eta berrikuntzan oinarrituta egin dezaten lan, “Euskadin behar dugun bikaintasuna lortzeko”. Zentzu horretan, foru Institutizoak hartutako konpromisoa berretsi zuen, proiektu berritzaileen bitartez bikaintasuna lortzea helburu duten Sektoreko ekimenei laguntzeko. “Arabako Aldunditik, kalitatea gaindituta, bikaintasuna lortzeko egiten dugu lan; izan ere, gaur egun hori da gure erronka handia, eta, beraz, hor egongo gara, Euskadiko industriarentzat hain garrantzitsua den sektore bati, hau da, Ikus-entzunezkoaren sektoreari, lagunduz”, amaitu zuen.
Foroa Eikeneko presidente Juan Mari Gurrutxagak ireki zuen, eta une oro Ikus-entzunezko Sektore “berria” izan zuen hizpide. Bere hitzetan, sektore berri hori industriako beste edozein sektoreren parametroek arautzen dute, eta “kalitatea eta berrikuntza hartu ditu oinarrizko tresna gisa, gero eta globalizatuago dagoen merkatuan lehiakortasuna irabazteko”. Eikeneko presidenteak jakinarazi zuen Klusterreko enpresak beren lehenengo Berrikuntza Agenda ari direla prestatzen, eta, horren haritik, dagoeneko badaudela zenbait ekintza abian. “Mahai gainean zenbait proiektu ireki eta berritzaile ditugu. Proiektuok lankidetzan garatuko ditugu, hori baita gure lanaren oinarri nagusia”.
Oraingo honetan, Eikenek Klusterreko zenbait euskal enpresaren partaidetza lortu zuen. Horrela, bada, Araban kokatuta dagoen EUVE zentro teknologikoko zuzendari nagusi Pedro Hernández ez ezik, honakoak ere izan ziren jardunaldian: Mikel Aginako, Aginako Bideo Zinemako zuzendaria; David Mejuto, Localia Euskadiko zuzendari nagusia; eta Juan Carlos San Román, G93-ko zuzendaria.
Data:2008/11/24 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Donostiako sukaldaritza eskola batean girotzen den endreduzko komedia da SUKALDE KONTUAK filma.
Egoera xelebre ugari pilatzen ditu “gidoi sinple batean” Goenaga berak adierazi duenez. Umorea da osagai nagusia, nahiz eta gidoiak ez dion uko egiten kritikari, egungo gizartearen «diruzalekeriaren» kritikari hain zuzen.
Filmaketa Donostia eta Errenteriako dekoratu eta antzeztoki naturaletan egiten ari da azaroaren 17tik eta bost astez iraungo du.

Isidoro Fernandez izango da filmeko protagonista, sukaldaritza eskolako zuzendari paperean, Barbara Goenaga, Ramón Agirre, Loli Astoreka, Xabier Agirre, Oscar Jaenada, Mikel Losada eta Mariví Bilbao lagun dituela, besteak beste.
Filma euskaraz errodatuko da eta Zurriolak finantzatu eta produzituko du Euskal Telebistaren (Eikeneko kidea) laguntzarekin. Kultura Ministerioaren ICCAk parte hartuko du, TVErekin batera. Barton films (Eikeneko kidea) enpresa-banatzaileak estreinatuko du filma zinema areto komertzialetan.
www.sukaldekontuak.com edota www.secretosdecocina.es web guneetan filmaren errodajea egunez egun jarraitu ahal izango da, informazio eta bideoak jarriko baitira momenturo. Honetaz gain, orrian bertan aurrerago zehaztuko diren egunetan, errodajeko platoarekin zuzeneko konexioa egiten ahalko du bisitariak, horretarako propio instalatutako web kamara baten bidez. Modu honetan, lehenengo aldiz, internautak filmeko lantaldearen errodajea zuzenean jarraitu ahal izango du.
Data:2008/11/24 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (3):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Ostegunean Gasteizko Goiuri jauregian “Euskadiko Ikus-entzunezkoa sendotzea: konpromisoa kalitatearekin eta berrikuntzarekin” lelopean Eiken - Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak urtero antolatzen duen kalitate jardunaldia ospatuko da. Ekitaldia Arabako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapeneko diputatu Arantza Zenarruzabeitia andreak irekiko du.
Ekitaldian Eikeneko presidente Juan Mari Gurrutxaga jauna eta Vitoria-Gasteizko Udaleko Hezkuntza, Kultura eta Kiroletako zinegotzi Maite Berrocal andrea ere bertan izango dira. Jardunaldian, Eikeneko kide diren Pedro Hernandez, EUVEko Zuzendari Orokorra, Juan Carlos San Roman, G93-ko Zuzendaria, Mikel Aginako, Aginako Bideo-Zinemako Zuzendaria eta David Mejuto, Localia Euskadi-ko Zuzendari Orokorra, parte hartuko dute.
Jardunaldia Eikenek antolatu du, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren, Arabako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren lankidetzarekin. Irekia eta doanekoa izango da, eta Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko ehun profesional inguru bilduko ditu.
Data:2008/11/19 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Orio Produkzioak, Eikeneko kidea, ‘Bon Appétit’ pelikulan parte hartzen du. David Pinillosen zuzendaritzapean, Juan Carlos Rubio, Paco Cabezas eta David Pinillos berak idatzi dute komedia erromantiko honen gidoia.
Unax Ugalde Daniel da eta Thomas Wackerle sukaldariaren sukalde-laborategian sartu nahi du.
Daniel (Unax Ugalde), Hanna (Nora Tschirner) eta Hugo (Lorent Deutsch) hogei urte inguruko hiru gazte dira eta jatorri ezberdinak dituzten arren, badute zerbait amankomunean: talentua eta sukaldaritzarekiko zaletasuna.
Informazio gehiago: www.eitb.com/kultura
Data:2008/11/13 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (3):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Pausokak ekoitzitako film luzeak filmatze lanetarako ateak zabaldu dizkie hedabideei.
Hurrengo zinemaldian estreinatuko da, ziur asko, filma. Anjel Lertxundik idatzitako izen bereko eleberriaren egokitzapena da; euskarazko eleberri irakurrienetakoa da, inondik ere. Pausokak ekoitzi du egitasmoa, EiTBren laguntzarekin, eta Barton Filmsek banatuko du (hirurak EIKENen bazkideak).

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitza “Zorion perfektua” lanaren eszenatoki bilakatu zen aurreko ostegunean (urriak 30). Jabi Elortegik zuzendutako filma da; aktore nagusia, aldiz, Ane Igartiburu. Film luze bateko protagonista lanak egiten dituen lehenengo aldia du Igartiburuk. Hedabideek filmatze lanetan bertan egoteko aukera izan zuten; hain zuzen ere, Donostian, Zarautzen, Getarian eta Bartzelonan egingo dute filmatze lan hori, azaroaren 25era bitarte.
Anjel Lertxundik berak osatutako gidoia dago oinarrian, eta gertakizunak bi une historiko bereizten ditu. Batetik, 1987. urtea; eta bestetik, oraingo urte hau: 2008a. Ainhoa, 16 urteko neskatila, kostaldeko herrixka batean ETAk egindako atentatuaren lekuko izan zen. Dena gertatu zen arrapaladan. Gizon bat lurrera erori zen; beste batek korrika egin zuen ihes; inguru guztia geratu zen odolez blai; urrunean sirena hotsak entzun ziren; jendea hurbiltzen hasi zen; prentsa argazkilari bat agertu zen…
Ia hamarkada bat geroago, Bartzelonan bizi den 35 urteko piano jotzailea da hasierako neskatila hura. Porrot egin duten hainbat maitasun harremanen ondoren, Imanol ezagutu du: neskaren bizitzaz den-dena dakien guardia pribatua da; nerabezarotik ezkutatzea lortu duen sekretua ere ezagutzen du mutilak. Bien bizitzak iraganean batu ziren, eta baita gaur egun ere.
Anne Igartiburuk beteko du Ainhoa heldu horren rola, eta ostegunean Euskadiko Orkestra Sinfonikoko eszenatokira igo zen, Donostian filmatzen ari diren eszena bat grabatzeko. Era berean, Jabi Elortegik ere estreinaldia izango du film honetan. Goenkale eta beste zenbait telesaio zuzendu ostean, zinemarako jauzia egin du, eta honako aktore hauek hautatu ditu bere lanerako: Aia Kruse, Elena Irureta (‘El Comisario’), Amaia Lizarralde (‘Hospital Central’), Martxelo Rubio eta Ramon Barea.
“Zorion perfektua” lanak EiTBren, Eusko Jaurlaritzaren, ICAAren eta Pausokaren babesa izan du; azken hori da, hain zuzen, egitasmoaren erantzukizuna daukan ekoizlea. Hainbat zinema aretotan banatzeko lana, berriz, Barton Filmsen bizkar geratuko da. Filma euskaraz grabatzen ari dira, baina gaztelaniara ere bikoiztuko dute.
Data:2008/11/03 | Kategoria:: Eikeneko kideak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Juan Mari Gurrutxaga EIKENeko presidenteak eta Jorge Arévalo irakasle eta Lanbide Heziketako sailburuorde ohiak ikerketa lan honen ondorioak aurkeztuko dituzte ostiral honetan (urriaren 31). Jorge Arévalok, hain zuzen, ikus-entzunezkoen sektorean dauden prestakuntza premiei buruzko azterlana egin du, Klusterrarekin lankidetzan.
Urriaren 31tik azaroaren 10era bitarte, Bizkaiko zinema eskolak ZINEBI GUNEAn bilduko dira, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko prestakuntzaren egoera aztertzeko, eta bertako ikasleen ekoizpen lan onenak aurkezteko.
Juan Mari Gurrutxaga EIKENeko presidenteak inaugurazio ekitaldian parte hartuko du, Jorge Arévalo irakasle eta ikerlan zein prestakuntza planetan adituarekin batera. Biek ere “Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko gaitasun eta prestakuntza premiei buruzko azterlanaren” edukiak eta ondorio nagusiak aurkeztuko dituzte. 2007. urtean EIKENen ekimenez egindako azterlana da, hain justu. Enpresek zuzenean hartu dute parte azterlanean, eta Hobetuzek, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak, bere onarpena eman dio.
EIKENek sustatuko azterlanak Sektoreari buruzko diagnostikoa ematen du, eta horretan diharduten profesionalek izan beharreko gaitasunak eta ezagutzak zehazten ditu. Baina horretaz gainera, profil profesional horiek lortzeko beharrezkoa den prestakuntzaren berri ematen du, zehatz-mehatz; eta horixe da azterlanak dakarren berrikuntza. Horretarako, Lanbide Heziketa Arautua aipatzen du batik bat, eta baita Etengabeko Prestakuntza eta Lanerako Prestakuntza ere (Enplegurako Prestakuntza).
Bilboko zinema eskolek (KINEMA, IMVAL, CLARO DE LUNA eta ARTEBI), Erandio-Tartangako GLHIk eta EHUko Arte Ederren eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateek hartuko dute parte topaketa hauetan. Mahai inguru baten ondoren, ikasleek egindako film labur batzuk eskainiko dituzte.
Inaugurazio ekitaldian, halaber, Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako Zinegotzi Ordezkariak eta Luis Eguiraun ZINEBIko koordinatzaileak ere parte hartuko dute. Ekitaldi horixe izango da goizez egingo den bakarra; gainerako jardunaldietako emanaldi eta topaketa guztiak, aldiz, arratsaldez izango dira: 20:00etatik aurrera, ZINEBI GUNEAn.
Egunero zazpi eskola edo fakultateetako bat arduratuko da bere film laburrak eskaintzeaz. (Ostiralean, urriak 31: EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea; astelehenean, azaroak 3: EHUko Arte Ederren Fakultatea; asteartean, azaroak 4: Erandio-Tartangako GLHI; asteazkenean, azaroak 5: ARTEBI; ostegunean, azaroak 6: CLARO DE LUNA; ostiralean, azaroak 7: IMVAL; eta astelehenean, azaroak 10: KINEMA). Emanaldi hauek guztiak doakoak izango dira.
Data:2008/10/30 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
EIKEN – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, Euskal Herriko gainerako Klusterrekin elkarlanean, hitzarmena sinatu du SPRIrekin, ekimen berritzaileen bitartez enpresen lehiakortasuna sustatzeko aukera emango duten arloak definitzeko eta egitasmoak lantzeko. Hain zuzen ere, EIKENek hilabeteak daramatza Sektore Berrikuntzarako Agendan lanean.
Euskal Herriko Kluster guztiak buru-belarri ari dira lanean, nork bere sektoreko arlo estrategikoak ezagutzeko. Horrenbestez, aintzat hartu behar dituzte aurre egin beharreko erronkak, etorkizuneko joera teknologikoak eta erronka aurrera eramateko gaitasun eta ahalmenak.
Berrikuntza izango da, hain zuzen, egitasmo horien guztien ardatz nagusia; egitekoa, berriz, sektore bakoitzeko lehiakortasunerako banakako hobekuntza zein dagokion klusterraren hobekuntza kolektiboa sustatzea.
EIKENez gainera, honako hauek ere parte hartu dute egitasmo honetan: Hegan (aeronautika), Euskal Herriko Itsas Foroa, Uniport, Acicae (automobilgintza), AFM (makina-erreminta), Paperaren Klusterra, Acede (etxetresna elektronikoak) eta Gaia (informatika eta telekomunikazioak).
Data:2008/10/29 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Torsion Animation enpresak (ekoizpen etxea eta 3D ekoizpen ondoko etxea) osorik egin du Destinia spota 3D full-en. Destiniak, bidaia agentzia gisa, hegaldiak eta ostatua eskaintzen ditu bere web gunetik.

Hasierako ideia hotel bateko logelak bisualki eta oso modu errealistan 3Dn sortzea da. Horretarako argazki integrazioa erabiltzen du ikuslea ondo kokatzeko. Bestalde, hainbat hiriren sentipenak sortzeko argiztapen ñabardurak ere baditu, besteak beste, Erroma, Paris eta Londres. 120 aldiz emititu dute estatuko hainbat katetan, besteak beste, Telecinco eta Antena 3 kateetan. Gainera, Festival del Sol delakoan aipamena jasotakoa da.
Torsion Animation (ekoizpen etxea eta 3D ekoizpen ondoko etxea) Santanderreko Racing-aren kanpainaren 3D integrazioa eta ekoizpen ondokoa egin du –prest Europarako- UEFAn egin zuten sarrera zela eta. Torsion Animationek girotzea egin zuen (lurrak, hodeiak, argiztapena…), efektu bisualak (lainoak, hautsa, maskara, zatikatzea…) eta integrazioa ekoizpen ondokoan. Horretarako, gaur egun dauden abangoardiazko 3D aplikazio tekniko berrienak erabiltzen ditu.
Data:2008/10/27 | Kategoria:: Ikus-entzunezkoen eremua
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Kultura Sailburuak aurkeztuta, Miren Azkarate, Gobernu Batzordeak euskal ikus-entzunezkoen kanpo zabalpena zuzendutako EIKEN, Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterrarekin elkarlana bideratzeko ohiz kanpoko laguntza onartu zuen asteartean (urriak 14).
Kultura sailak 60.000 euro luzatuko dizkio Klusterrari ikus-entzunezkoen kanpo zabalpena xede duten egitasmoak bideratu ditzan. Onartutako ohiz kanpoko laguntza Jaurlaritzaren Niniak egitasmoan elkartzen da ikus-entzunezko enpresen presentzia alorreko nazioarte mailako azoka eta ferietan bideratze aldera.
Kulturaren Euskal Planaren lan ildoen ondorioz, Kultura sailak ikus-entzunezko alorra garatzeko egitasmoak abian jarri ditu, horien artean alorren garapena eta euskal ekoizleen kanpo zabalpena bideratzea xede duten egitasmoak.
Ohiz kanpoko laguntza “Animabasque Business”, animazioko ekoizleen kanpo zabalpenera zuzendutako egitasmoari, “EikenBANK” gazteen egitasmoak eragitea xede duen egitasmoari eta MIPTV eta MIPCOM 2008 azoketan Basque Audiovisual markarekin pate hartzeari zuzenduko da. Hain zuzen egun hauetan hasi berria da Cannes-en MIPCOM azoka, mundu mailan ikus entzunezko alorreko merkatu nagusia.
EIKEN Klusterrari zuzendutako laguntza zuzen hau Jaurlaritzaren Niniak egitasmoari gehitzen zaio. Niniak egitasmoaren bitartez, Euskadin ekoiztutako ikus-entzunezko ekoizpena munduko merkatuetan presentzia eragitea du helburu, alegia, nazioarteko ikus-entzunezkoen merkatuan Euskadiko ekoizle eta enpresa banatzaile independenteen presentzia babesteko helburua du egitasmoak.
Data:2008/10/16 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko presidente Juan Mari Gurrutxagak, Euskadiko 3Koma eta Orio Produkzioak (Eikeneko kideak) produkzio-etxeetako ordezkariekin batera, Gipuzkoako Ganberak sustatutako Faro Internacional 2008 topaketan hartuko du parte urriaren 15ean, Ikus-entzunezkoen Sektoreko enpresen nazioartekotzea ahalbidetzeko asmoarekin Klusterrak dituen ekintza-ildoak azaltzeko.
Zehatzago esanda, Eikeneko presidenteak Basque Audiovisual marka sortu zenetik Klusterrak izandako esperientziaren berri eman du; izan ere, hori da euskal ikus-entzunezkoaren marka atzerriko merkatuetan. Nazioarteko orientazioa duen foro honekin batera, aste honetan, Euskadiko 16 enpresak, Basque Audiovisual legez elkartuta, Cannesko (Frantzia) MIPCOM/08 azokan parte hartuko dute. Horren haritik, esan beharra dago MIPCOM ikus-entzunezkoen edukien munduko merkaturik handienetakoa dela.
Topaketan maila handiko hizlariak izango dira, eta zenbait mahai sektorial ere egingo dira. Ikus-entzunezkoen mahaian, 3 Komako produktore exekutibo Itxaso Atutxak eta Orio Produkzioak enpresako zuzendari nagusi Unai Ibarbiak hartuko dute parte. Mahaiaren helburua da Gipuzkoako enpresen eta sektoreko beste eragile batzuen topagunea izatea, betiere, formatuen sorrerari eta horiek atzerriko merkatuetan merkaturatzeari, enpresen arteko lankidetzari eta proiektu eragile berriei buruz eztabaidatzeko, besteak beste.
Data:2008/10/14 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak
Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>
Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.