BERRIAK

Arkaitz Basterrak zuzendutako eta Sonora Estudiosek, Eikeneko kidea, ekoiztutakoLife and Film. The Labyrinthine Biographies of Vojtech Jasny” filmak irabazi du urriaren 27tik azaroaren 7ra bitartean izan den II. Jaengo Zinema Dokumentalaren Jaialdia.

Emilio Gutierrez Caba aktoreak, Pablo Garcia Casadok (Andaluziako Filmotekako zuzendaria), Mabel Lozano zuzendari eta aktoreak, Sigfrid Monleon zuzendariak, Julio Olivares eta Juan Antonio Vigar zinema kritikoek, Edurne Ormazabalek eta Maria Luisa Perezek (Andaluziako Ikus-entzunezko kontseiluko kontseilaria) osaturiko epaimahaiak “Life and film” pelikularen aldeko hautua egin zuten. Jaialdiaren bigarren edizioan, 63 luzemetrai hautatzen zuten Sail Ofizialaren saria irabazteko.

Arkaitz Basterrak iragan irailaren 2an estreinatu zuen “Life and Film (The Laberynthine Biographies of Vojtech Jasny)” filma Montrealgo Zinema Jaialdiko munduko dokumentalen sailean. Aste batzuk geroago, Donostiako Zinemaldian proiektatu zen Zinemira sailaren baitan.

Data:2009/11/30 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (2):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Cacereseko “V Congreso de Creatividad e Innovación, Ciudades Creativas en la Sociedad de la Imaginación” biltzarra zela-eta (azaroaren 11tik 14ra), Úbiqak (Eikenen bazkidea) gymkana mugikorra antolatu zuen Udalarentzat. Jarduera berritzaile horrek gazteen parte-hartzea zuen helburu, eta horregatik, telefono mugikorren bidezko grabaketak oinarri zituzten hainbat proba proposatu zituen.

La Gymkana Móvil Cáceres, mapeado de creatividad urbana” ekimena, Cacereseko zenbait institututako ikasleei zuzendua, parte-hartzea sustatzeko proiektu gisa antolatu zuten, eta beharrezkoa zen telefono mugikorrak erabiltzea probak gainditzeko. Xedea hiriaren sormenaren mapa osatzea zen.
 
Guztira, ehun bat ikaslek hartu zuten parte ekimenean, 16 ibilbidetan barrena. Grabatutako 50 elkarrizketa, 200 argazki eta sormen erakustaldi bikaina izan ziren emaitza. Bideo guztiak eta jardueraren materiala web orri honetan daude ikusgai: www.gymkanamovilcaceres.com.

Cacereskoa ez zen izan hiritarren parte-hartzea gailu mugikorren bidez sustatzeko euskal enpresak antolatutako lehen egitasmoa; izan ere, orain urtebete, Úbiqak "Aldea DOC, crónicas de Aldea Moret" dokumentala aurkeztu zuen, hura ere Caceresen. Dokumentala Caceresko auzune horretako biztanleek grabatu zuten telefono mugikorrak erabilita.

Data:2009/11/30 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Bi enpresek hitzarmena egin dute helmuga turistikoak kudeatzeko DMS sistema, e-turismoaren merkatu anglosaxoian nagusi dena, merkaturatzeko.

Vilau enpresa, Eikeneko kidea, aditua da komunikazio elkarreragileko irtenbideak ezartzen, eta hura arduratuko da produktu arrakastatsu hori Espainiako eta Latinoamerikako helmuga turistikoen kudeatzaileen merkatuan sartzeaz.

DMSa kanal anitzeko zerbitzua da, eta tokiko, eskualdeko eta nazioko Helmuga Turistikoen baliabideak kudeatzen eta sustatzen ditu, erabiltzaileak kontuan hartuta. Helmugari buruzko informazioa eskaintzen du, baita erreserbak denbora errealean egiteko eta beste kudeaketa tresna batzuk erabiltzeko aukera ere, eta bereziki gogoan hartzen du baliabide turistikoen hornitzaileentzako laguntza.

Gaur egun, Erresuma Batuko helmuga turistikoen %60k erabiltzen dute DMS plataforma, eta ezarri zenetik etekinen ratio ikusgarriak izan ditu, erreserbei esker lortutako irabaziei, Internet bidezko erreserben gorakadari, web gunearen bisitari kopuruari eta abarri dagokienez.

Turistaren arreta lortzea gero eta zailagoa den merkatuan lehiakorra izatea ahalbidetzen du tresna horrek. Multimedia edukia Interneten, mugikorretan, Telebista Digital Elkarreragilean eta gune elkarreragileetan kudeatzeko aukera eskaintzen du, eta kontuan hartzen du oporrak erreserbatzea emozioek bultzatutako erabakia dela, hau da, helmugak bidaiaria erakartzeko eta liluratzeko gai izan behar duela.

XXI. mendeko turistak berezitasuna nahi du. DMSari esker, leku bateko ondare historikoak, baliabide naturalek, jarduera kulturalek eta, azken finean, baliabide turistiko guztiek ingurune paregabea sortzen dute, eta modu dotorean jakinarazten diote bisitariari halakorik ez duela aurkituko beste inon.

Data:2009/11/25 | Kategoria:: Eikeneko kideak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Espainiako Ikus-Entzunezkoen Klusterren Foroak –foro horretako bazkide da Eiken– stand bateratua ezarri du Eduki Digitalen Nazioarteko Foroan, FICOD 09 foroan. Ekimen hori Madrilgo Juan Carlos I biltzar jauregian egin da, azaroaren 17, 18 eta 19an, eta, bitarte horretan, ehunka profesional nahiz erakunde publiko eta enpresa hurbildu dira standera, hainbat autonomia erkidegotan –Aragoin, eta Gaztela eta Leonen, adibidez– klusterrak eratzeko interesak bultzatuta.

Stand bateratuak autonomia erkidegoetako ikus-entzunezkoen klusterren informazioa zabaldu du; Galiziari, Euskadiri, Extremadurari, Balear Uharteei, Kanariei, Madrili eta Valentziako erkidegoari buruzkoa, hain zuzen. Eta elkarte horien jardueretan eta funtzionamendua interesa zuten ehunka profesionalen eta enpresaren bisita jaso du. “Informaziorako eramandako material guzti-guztia banatu dugu, eta Foroaren kontzeptuak berak interes handia sortu du. Oso balorazio positiboa egin dugu, ikus-entzunezkoen industriaren ordezkari gisa dugun irudia sendotzea lortu dugulakoan gaudelako”, azaldu zuten Galiziako klusterreko kideek, FICODen klusterren ordezkaritzaren ardura izan zutenek.

Standa ezartzeko ekimena klusterren arteko sinergiak bateratzearen, ikus-entzunezko enpresei foro eta merkatuetan nagusitasun handiagoa ematearen eta erkidegoen arteko lankidetza sustatzearen aldeko apustuaren emaitza izan da, eta Espainian ikus-entzunezkoen sektorearen garapenerako estrategia komunak diseinatzeko xedeari ere jarraitzen dio. Ildo horretatik, Foroak beste ekimen bat jarri du abian, berriki: Berrikuntza Plana, hain zuzen ere, abenduan Valentzian egingo den Klusterren III. Foroan aurkeztuko dena.
 
FICODen, eduki digitalen nazioarteko aditu nagusiak eta ikus-entzunezkoen sektoreko puntako enpresak biltzen dituen foroan, Kevin Spacy antzezle eta produktoreak parte hartu du, aurten, besteak beste, The Social Network gizarte sareen fenomenoari buruzko bere proiektu berriaren aurkezpena zela-eta.

Data:2009/11/20 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

'Astea 09'ren barruan, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarekin, Euskalitekin (Kalitaterako Euskal Fundazioa), Innobasquekin, SPRIrekin eta EiTBrekin lankidetzan, Eiken Basque Audiovisual-Euskadiko Ikus-entzunezkoan Klusterrak jardunaldi bat antolatu du gaur Zamudioko Teknologia Elkartegian. “Eiken 9000, Kalitate eta Berrikuntza zigilurantz Ikus-entzunezkoen arloan: posible al da?” izenburupean euskal ikus-entzunezkoen sektorera bereziki zuzendutako kalitatezko estandar bat garatzeko beharra aztertu dute. Topaguneak, SPRIren Zuzendari Nagusia buru zuela, erakundeetako eta sektoreko enpresaburuen 60 ordezkari baino gehiago bildu ditu. 

Bosgarren urtez segidan, Eikenek lan jardunaldi hau antolatu du ikus-entzunezko industriako enpresa guztiek bat eginik, txiki nahiz handi, kudeaketa eta berrikuntza praktiketan sektoreak dituen erronkei buruz gogoeta egiteko, eta bestalde, Klusterraren konpromisorik behinena berresteko, Sektorearen sendotzeari eta lehiakortasunaren hobekuntzari begira.

Hiru orduz baino gehiagoz, etorkizuneko zigiluak izan beharko lituzkeen ezaugarriak aztertu dira, digitalizazioa dela-eta etengabe aldatzen eta eraldatzen ari den industria baten lehiakortasun faktore erabakigarri gisa, baita zein diren enpresek, erakundeek eta tartean dauden eragileek jarraitu beharreko estrategia partekatuak ere, adostasunaren bitartez, estandarren egokitzapen bat lortu ahal izateko, enpresa kudeaketaren arloan bereizketa argia ekarriko duena.

Orobat, jardunaldia klusterren behatoki estrategikoen lan parametroen barruan egin da, SICC izeneko ekimena, hain zuzen, “Kluster Inteligentzia Lehiakorreko Sistema”, Eusko Jaurlaritzak enpresen esku jarri duena kluster elkarteen bitartez, Berrikuntza babesteko eta barne eztabaidak dinamizatzeko. 

Prentsa oharra

Data:2009/11/17 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Eiken – Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak abian jarri du berriki Kluster Inteligentzia Lehiakorreko Sistema (SICC) bat, elkarteko bazkide diren enpresei laguntza estrategikoa eskaintzeko, honako hauek bitartez: estrategia eta merkatu berria, teknologia, indarrean dagoen araudia edo prestakuntzari buruzko informazio eguneratua. Gainera, edozein partikular edo enpresa sar daiteke dohainik gai horiei buruzko lerroburuen alerta sistema batera, Eikenen webgunean harpidetza eginez, besterik gabe.

Sistema hau balio erantsia duen sistema bat da, Ikus-entzunezkoen Sektoreko Klusterrak bere bazkideen esku jartzen duena Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Berrikuntza Sailaren bultzada funtsezkoari esker. SICCek EikenLEX (www.eikenLEX.net) atariarekin bat egiten du, web juridiko ireki eta eskuragarria, Ikus-entzunezkoen Sektoreari buruzko informazioa eta aholkularitza juridiko espezializatua eskaintzen duena.

Kluster Inteligentzia Lehiakorreko Sistemaren helburua Ikus-entzunezkoen Sektoreko enpresen beharrak eta kezka estrategikoak detektatzea eta behar duten laguntza eskaintzea da. Horretarako, bi alderdi funtsekotan lan egiten dugu, hau da, zaintza eta dinamizazioa. Zaintza lanak enpresen behar nagusiak detektatzera bideratzen dira eta dinamizazio lanek, berriz, helburutzat dute  lankidetzan jardutea zeinahi proiektutan, sektorearen lehiakortasuna oro har hobetzeko.

Eikenen zuzendaritzan, proiektuak diziplina askotako talde baten laguntza du eta bertan Vicomtech, Robotiker eta Leia teknologia elkartegietako bi dinamizatzailek eta analistek hartzen dute parte. Enpresa guztiekin biltzen ari dira egiazko beharrak eta kezka edo interes handiena sortzen duten gaiak zein diren jakiteko. “Fitxa gisa informazio sorta zabala aurkezten da, agiriak, azterlanak edo txostenak, guztiak ausaz aukeratu ez diren gaiak, baizik eta gure enpresen interesekin guztiz lerrokatuta dauden interesak”, azaldu du Itziar Mena Eikeneko Zuzendariak. 

Sistemak informazioa eskaintzen du hainbat gairi buruz: produktuak eta euskarri berriak, negozio ereduak, teknologiak berriak (ekoizpena, paketatzea, hedapena eta kontsumoa), indarrean dagoen araudia, prestakuntza (masterrak, ikastaroak…), eta gainera, argitalpen katalogo zabala eta Ikus-entzunekoekin zerikusia duten ikastaroak, baita etengabe aldatzen ari diren sektore batean nagusitzen diren joerak ere.

Eikenek SICCen dinamizatze ekitaldi bat egingo du, datorren azaroaren 17an egingo den Kalitate Jardunaldi batean, Zamudioko Teknologia Parkeko Gastatxu Aretoan.

Data:2009/11/09 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Itziar Menak, Eikeneko zuzendariak eta Madalen Bermeosolok, EiTBko (Eikeneko bazkidea) Prestakuntza arduradunak eta Gidoi Faktoriaren koordinatzaileakZinebiren harira (Zine Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko 51. Zinemaldia) antolatutako jardunaldietako batean parte hartuko dute azaroaren 12an, 2009/2010 ikasturtean hasi berri den prestakuntza programa berritzaile hau aurkezteko. 

Aurten ere, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra Zinebiren aurreko egunetako (azaroaren 23-28) jardueretan egongo da lankide gisa. Oraingoan, bere programarik berritzaileena eta handinahiena  aurkeztuko du, Ikus-entzunezkoaren profesionalen prestakuntzari dagokionez. Hainbat zinema eskoletako ikasleekin egingo den topaketa 12:00etan izango da, El Ensanche Udal Zentroan.

Joan den azaroaren 5ean hasi zen Gidoi Faktoriaren lehen ikasturtea, prestakuntzako ibilbide oso bat, pertsonak gidoigile aditu gisa trebatzeko xedea duena. Ikastaroa egiten dutenek zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte ikus-entzunezkoen arloan, gaur egun telebistaren merkatuan dagoen gidoigileen hutsunea betez. 

Gidoi Faktoriarako hautaketa prozesua gainditu duten 20 ikasleek gidoiari buruzko prestakuntza osoa jasoko dute 25 profesional ezagunen bitartez. EiTBren 4. platoan emango den prestakuntza lau modulu independentek osatzen dute; guztira, 300 irakastorduko ibilbidea, gidoigile orok ezagutu beharreko gaitasunak eta trebetasunak erakusteko.

Data:2009/11/06 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (1):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta EiTBk gaur inauguratu dute ‘Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ prestakuntza programa; egitasmoaren helburua ikus-entzunezkoen produkzioan lan egiteko aukera izango duten gidoilari adituak prestatzea da, arlo horretan gaur egun telebistaren merkatuan dagoen hutsunea betetzeko.

Uztailean, jardunaldi irekiak egin zituzten EiTBko Multibox aretoan prestakuntza programaren xehetasunen berri emateko. Hautaketa prozesua sektoreko profesional talde batek egin zuen uztailean eta irailean, eta bertan berrogeita hamar bat pertsonek hartu zuten parte.

Prozesu amaieran 18 eta 45 urte bitarteko 20 pertsona hautatu zituzten; gehienak Bizkaikoak dira, baina badira beste bi lurralde historikoetako eta Kantabria nahiz Nafarroako pertsonak ere. Ikasle horiek izango dira prestakuntza berezituko ikastaroa egingo duten lehenak eta hura amaitzean ‘gidoilari adituak’ titulua jasoko dute. Proposamen berritzailea izateaz gain, Gidoi Faktoria gidoia ardatz duen Estatuko lehen prestakuntza programa osoa eta integrala ere bada.

Profesional entzutetsuak
Madalen Bermeosolo, EiTBko Prestakuntzako arduraduna, izango da Gidoi Faktoriako buru eta harekin batera 25 irakaslek lan egingo dute; horiek gidoiaren eremu guztietan izen ona duten eta zinemako, telebista telesailetako, entretenimendu programetako, dokumentaletako, reality programetako eta abarretako dozenaka proiektutan parte hartu duten profesionalak dira.

Gidoi Faktoriako irakasleak izango dira, besteak beste: Michel Gaztambide (Yoyes, La Caja 507...), Txemi Parra (Aguila Roja, 7 vidas, El internado, El comisario…), Asier Aizpuru (Amar en tiempos revueltos), Virginia Yague (La señora), Pedro Fuentes (Goenkale...), Nacho Velilla (Aída, Médico de Familia…), Diego San José (Pagafantas), Roberto Ontiveros (GH) edo Carolina Cubillo (Callejeros) 

Eiken – Ikus-entzunezkoen Sektoreko Klusterreko enpresa hauek lagundu dute Gidoi Faktoria prestakuntza programa diseinatzen: Pausoka, 3 Koma, K 2000, Baleuko, Irusoin eta Orio Produkzioak.

Informazio gehiago: Prentsa oharra
                                Albistea

Data:2009/11/05 | Kategoria:: Eikeneko ekintzak

Iruzkinak (0):Irakurri iruzkinak / Erantsi iruzkina >>

Blog honen bidez, EIKENek egiten dituen ekintzen berri eman nahi dizuegu. Horrez gain, interesgarriak izan daitezkeen euskal ikus-entzunezkoei buruzko hainbat albiste jarri ditugu.

Kategoriak
Azken berriak
Artxiboa